1934ko URRIAREN 5eko IRAULTZA EIBARREN
GERTAKARIEN KONTAKETA
1934ko Urriaren 5ean Eibarren gertatukoak kontestu zabal batean ulertu ahal izateko aztertu dugu orain arte garai hartan estatu espainiarrak eta Eibarrek bizi zuten testuinguru politiko eta soziala. Marko horretan kokaturik, Eibarren jazotako gertakarietan sakontzen saiatuko gara.
Asmo honekin historiografiak jasotako bertsioa, bertatik bertara gertakariak bizi izan zituztenen ahozko kontaketak, Toribio Etxebarriak bere idazlanetan jasotako azalpenak eta, azkenik, Salamancako gerra artxiboetatik berreskuratu berri diren "Juventudes Socialistas"-ek urte hartan parlamenturako prestatu zuen txostena aztertuko ditugu.
Kasu guztietan gertakarien kontaketa Urriaren 5eko goizeko 5etan hasten da. Horrela jasotzen du historiografiak: "Euskal Herrian gatazka larriak gutxi izan baziren ere, Eibar eta Arrasate izan ziren nolabaiteko istilu garrantzitsuak jazo ziren bi herri.
Goizeko bostetan ezkerreko zenbait elementuk Udaletxea okupatu eta blindatu zuten; euren artean PSOEko kide ezagunak zeuden. Casa del Puebloa, Cooperatiba Socialista, Alfa eta Armagintza Eskola menderatu eta defentsa zein erasorako prestatu zituzten. Goardia Zibilak 1500 pistola-ametralladora gordetzen zituen. 43 ziren goardia zibil hauek eta hauetariko bostek STAR arma fabrika okupatu egin zuten. Beste hainbeste goardia zibilek gauza bera egin zuten Union General de Explosivos-en. Koartela atakatu zuten iraultzaileek, Goardia Zibila Untzaga Plazara iristen saiatu zen bitartean. Horrelakorik ez lortzean Gipuzkoako Gobernu Zibilera laguntza eskatu zuten erabat larriturik.
Gipuzkoa aldetik Gobernu Zibilak asalturako goardiaz osaturiko kamioi bat bidali zuen, baina iraultzaileek Eibarko sarreran geldiarazi zuten barrikada bidez. Gasteizko Gobernadore Militarrak infanteriako bi konpainia bidali zituen. Indar militar guzti hauen artean egunean zehar iraultzaileak menderatuz joan ziren, batzuk atxilotu eta beste batzuk mendira joan ziren bitartean. Bi aldeetako hildakoen artean (bost denera) Carlos Larrañaga "Circulo Carlista"ko kidea aipatu behar da, honen heriotzaren zergaitiak ez dira erabat argitu. Grebak Urriaren hamaikara arte iraun zuen."
Ikus dezagun nola bizi izan zuen iraultzaren hasiera Candido Eguren eibartarrak. Candido Eguren 1905ean jaio zen, beraz 29 urte zituen gertakizunen garaian eta parte hartze zuzena izan zuen altxamenduan. Politikoki komunistatzat jotzen zuten eta hala definitzen du berak bere kokapen politikoa: "Ni orduan nintzan `un marxista revolucionario aislado'". Horrela kontatzen du Candidok goiz hartan gertatutakoa:
"Ni ofizinista juan bihar nintzan, da urten nebanian goizian entzun nittuanian tiruak ta zaratiak, ba jaiki nintzan, ez bildurrik barik, eh! Baiña jaiki nintzan eta panaderixa eskiñatik atzeko atetik urten neban iñork ikusi barik. Ayuntamientora juan ta Toribio Etxebarriaz bildu nintzan. Nik Toribio Etxebarria konsideratzen neban `como reaccionario'. Bera kontra zeguan, harek ez zeban nahi reboluziñorik. Baiña pasau jakon bizperan, hillan 4an, Donostian juan zan testigu eittera. Bere anai bat ta beste txofer bat, Muñoana, zeguazen prozesauta `por contrabando de armas' ta juan zan deklaratzera. Ta urten zebanian handik batek emon zetsan karta bat emoteko hamengo giari. Hantxe kartan zeguan zelan deklarau bihar zan hamen reboluziñua. Bera ez zeguan horren nahixan, baiña ha etorri zan Ayuntamientora da hantxe egon zan".
Candidoren kontaketa honetan iraultza deialdia Eibarrera nola iritsi zen ikus daiteke. Oso modu bitxian gainera, Toribio Etxebarria iraultzaren aldekoa ez izanik, bera izan baitzen Donostiatik altxamendurako kontsignak ekarri zituena.
Iraultzaren prestaketa eta aurreko eguneko lanen inguruan hitzegiten digu Lukas Alberdi artista eibartarrak. 1906an jaio zen Lukas eta sozialistatzat du bere burua. Eskulturagile eta damaskinatzaile honen biografian "1934ko Urriko iraultzan aktiboki parte hartu zuen", irakur daiteke. Horrela gogoratzen ditu Lukasek iraultzaren aurreko egunak:
"Ixillian egon zuan golpe de estaua preparatzen. Indalecio Prietok eta preparau juen elite hori, golpia emoten ez lagatzeko. Horregaittik preparau zittuezen hamar laguneko zortzi bat grupo edo hamen, Mola, Solchaga, Franco ta horren kontra eitteko. Baten Casa del Pueblon geuazen jarritta, illuntzi batian, ta sei-zazpi lagun geuazen. Tiburcio Egia etorri zuan, hori jefi hori. Gero Toribio Etxebarria etorri zuan, hau sozialista moderaua zan, ta ez zekan parterik hor asuntuan. Baiña Indalecio Prietokin konfiantza handixa zekan, ta harixeri eruan jetzan kartia ta honetxek ekarri juan gero kartia.
-Gaur gabian kuartela atakatzeko-. Tiburcio Egiak, jefiak, hartu zeban kartia. Etxera joan zan ta geixao agertu bez. Gero Toribio jarri bihar izan zuan aurrian".
Candido Eguren eta Lukas Alberdiren kontaketen bidez iraultza piztu zuen karta Toribio Etxebarriak Donostian nola jaso eta Eibarren nola entregatu zuen lotzen dugu. Horrela jasotzen du Toribio Etxebarriak "Viaje por el Pais de los Recuerdos" liburuan:
"Kasualitatez Urriaren 4an, Iraultzaren bezperan, Donostiara joan beharra izan nuen epaiketa batean parte hartzeko defentsaren testigu gisa. [...] Donostiako lagunek, Eibarrerako bueltako trena hartu aurretik, Madriletik espreski etorritako kide bati esker iraultzarako kontsigna eta "santo y seña" jaso zuten. Honen instrukzioen arabera hurrengo eguneko goizaldean gauzatu beharra zegoen iraultza, eta neri Eibarko komitean abisua zabaletzeko ardura egokitu zitzaidan".
Eibarko iraultza saialdia Goardia Zibilaren Koartelaren kontrako erasoarekin hasi zen. Lukas Alberdik kontatzen duenez Urriaren lautik bosterako gaua prestaketa lanetan eman zuten hein handi batean. "Gau guztia `Casa del Pueblon' pasau genduan. Gero geuk atakau genduan Goardia Zibillen Kuartela, neu izan nindduan bat. Baña hamar laguneko grupuak bakoitxak bere jefia zekan.
-Kuartela atakau bihajuau- esan neban. Batek hau esan zestan,
-Hamen frakasatzen bajuau, Lukas, ze pasau bihadok hamen!-. Guk kunplitzeko obligaziñua genkan.
-Nahi dabenak etorri nerekin,- esan neban. Hamar lagun giñazen ta lau bakarrik juan giñazen. Kuartela atakatzen geu izan giñan lelenguak: `botellas de likido inflamable' genkazen ta bonba de mano bi. Guardia Zibil mordua zeuazen eta deskarga terriblia bota zeskuen". Guzti hau goizeko bostetan gertatu zen.
Ondoren erabiliko dugun iturria Salamancako gerra artxiboan egon dira gordeak 50 urtez eta oraintsu berreskuratu ahal izan ditu Eibarko Udalak. Agiri hauek 1934ko iraultzaren ondorioz kartzelaraturiko eibartarren amnistia eskakizuna egiten zuen Juventudes Socialistasek egindako txostenetik ateratakoak dira. Horrela kontatzen dituzte gertaerak:
"Bertan gertaturiko ekintza kriminoso hauek bere neurrian baloratu ahal izateko, komenigarria izango da urriaren 5ean gertaturikoa bi hitzetan azaltzea.
Eibarren gertaturikoa hau izan zen. 5eko goizaldean langileak eskuetan armak zituztela herrian zehar zabaltzen ikusi zituzten, beraien helburua, dirudienez, indar gubernamentalak bapatean harrapatu eta menperatzea zen, herriaren kontrola bere gain hartzeko asmoz. Beraien ekintzaz Espainiako lau angeluetan sorturiko alarma haunditu nahi izan zuten.
Zalaparta zortzi ordu luzez haundia izan zen, baina kalte pertsonalak, mingarriak izan arren, ez ziren eginiko tiroekiko proportzionalak izan. Erreboluzionarioek, lehenengo iskanbilen ondoren, elizatik goruntz herria menperatuta zuten; ez Goardia Zibila osatzen zuten ehun bat kideek, ezta lehenengo ordutik ailegatu ziren errefuertzoak ez ziren hauek erasotzen ausartu".
Toribio Etxebarriak "Viaje por el Pais de los Recuerdos" horrela gogoratzen du Urriaren 5eko goiza: "Urriak 5. Tiroak goizeko bostetan hasi ziren, ekintzaren 0 orduan, eta arratsaldeko laurak aldean istiluak bukatu genituen. Lehengo ordu haietan kuarteleko erasoaldiak huts egin zuen. Eskuko bonbaz erasotu arren, ez zuen arrakastarik izan inondik inora, sorpresaz ez baitzituzten hartu; baina Guardia Zibilak kaleetan zehar ibiltzerik ez zuen izan, etxeetatik jasotzen zituen erasoen ondorioz".
Koartela hartzeko saiakeran huts egin ondoren, goizak nola jarraitu zuen ikusteko, Candido Egurenen kontaketari lotuko gatzaizkio berriz ere:
"Ayuntamentura allegau nintzanian, Toribiogaz eiñ nittuan berbak. Casa del Pueblon zerrauta zeguazen, komitia ezkutauta zeguan ta Ayuntamientuan ta kalian armak partitzen zebizen. Nik zera nekan ba, pistola bat nekan, nere ugezabana, Caja de Caudalesian gordeta, ta esan neban: haixe hartuko juat, ta Estaziño kalera juan nintzan".
Candido Egurenek Eibartik zehar egin zituen ibilaldien bitartez, iraultzaileen egoera orokorraz jabetzeko aukera daukagu: "Estaziño kalian zeuan grupo bat, han formauta beste hamarregaz.
-Nora hoia Oka?-, galdetu zesten, Oka esaten deste neri gatxizenez.
-Ba hamen najoiak, pistolia hartzera.
-Etorri hari geureaz.- Da euregaz geldittu nintzan.
Lukas Alberdi ta egon ziran beste grupo baten. Horrek egon ziran juan bihar ziranak asaltora guardia zibilen kuartelera, ta ez zeben azertau, ze bestiak tiroka hartu zittuen. Ez zeben ezer eiñ harek, bonba molotov bota eben, baiña frakasau ein zeben. Bestiak tiroka itxitta zeuazen. Jakiñian zeuazen gure mobimiento guztienak. Bizperatik hamen ibilli zan kapitana harutz da honutzian, jakin-jakiñian zeuan ha ze pasatzen zan Eibarren.
Han ikusi neban telegrafosa hutsik zeuala, iñor be ez zeuala. Ta telegrafosak eitten zeban eskiña... Banco Guipuzcoano badao ba gaur? Haixe eskiña eitten zeban. Da harek Estaziñora, Arraguetara da Errebalera emoten zeban. Da esan neban:
-Ene baiña, zelan dok hor iñobez? Batetik pueso ofizial bat, telegrafosa, eta...
Antxitxiketan etorri zan bati esan netsan:
-Nora hoia?
-Ba ni transportistia nok ta transportietara najoiak.
-Bueno, juan hari ba.
Ikusi zestan juaten ta asustau eiñ zan.
-Ni ez najoiak horrutz-, desgraziadamente esan juan. Geldittu zan han grupuan da gero juan zan alemanetara armak hartzeko asmuetan da hantxe aleman batek, hantxe, hil zeban".
Candidoren kontaketan transportista baten heriotza aipatzen zaigu. Dena den Blasco Olaskoetxea Ahozko Artxiboan Juan Beistegi eibartarrak beste heriotza baten berri ematen duela aurkitu dugu: "34ko iraultzan Thieme & Elder fabrikako bazkideo batek sozialista bat hil zuen, azken hau almazenean armak osten saiatu zelako. Eibartik joan behar izan zuen. Beste bazkideak gerra iristean ihes egin zuen ere".
Istiluetan gertatutako heriotzekin jarraituz ohiartzun zabalena Carlos Larrañaga karlistarenak izan zuen. Maria Angeles Zulaikak gertakizun honen gainean hitzegiten digu. 1915. urtean jaiotako emakume hau Eibarko batxillerrik zaharrena da eta 19 urte zituen garai hartan. Eibar aldizkari kristauan kolaboratzen du eta hauxe dio Carlos Larrañagaren hilketaren inguruan: "Zazpiretako mezatara jentia juaten zan eta elizia itxitxa zeuan.
-Ze pasau ete da? Martin sakristaua, itxuria, gaixorik dago.
Mezatara juateko asmua zekan eibartar batek ez zeban atia itxitta topau... Pistolero gazte batekin ein zeban topo. Gazte horrek ikusi eban eta, badakizu, hil ein zeban. Larrañagak pistolarik ez zeban eukiko ta garbittuko zeben. Ha ez zan ezebez. Ez zeban ezer ein. Ez txarrik, ez onik. Ardantzan pasau zan hau, Katxoneko etxe inguruan".
Hildakoen inguruan Candido Egurenek honako balantzea egiten du: "Hilko ziran batzuk, baiña direktamente gure akziñuaz ez. Bat, Carlos Larrañaga, batek hil zeban. Gero, guardia zibilak hil zeben beste bat, higitaixakin han ortuan zeguala lanian. Da akzidentian beste batzuk. Baiña akziñorik haundixena, ta unikua esan leike, Escuela Armerixan zala, hor bai. Pentsatzen dogu bateronbat hil zala guardia zibiletatik, guardia de asaltuetatik".
Egunak aurrera zihoan eta Candido Eguren ez zen geldi egoteko gizona: "Atzera be Toribiongana etorri nitzan da esan netsan:
-Toribio, hauxe dao hutsik ta gruporen bat edo...
-Bai, nahi duana hartizak ta juan hari.
Ta hara juan nitzanian ordurako guardia zibillak pasauta zeuazen, Matxaritik zetozen. Harek deskargia!!! Ni ez naiz egon terremotuen onduan, baiña neri pentsau jatan haxe zala terremotorik ondio munduan egon danik.
Zarata bat!! Nik uste dot gora bota zebela tiruak, ze haren begi bistan geuazen. Baiña harek zaratia. Ta gero antxitxiketia, demontres!!! Igo neban hau baiño altura haundixaua ezebe barik, zszaap!
Txontatik zihar `plaza de torosera' abiau nitzan, da han be geuazela pentsatzen nora juan, guardia zibillak bota zeskuen deskarga bat. Da orduan `Escuela de Armerixara'. `Escuela de Armerixan' ekin netsan estartada baten behera, han be bota zesten beste zarrapastada bat da atzera be gora, mendirutz".
Dena den Candidok iraultzaileek zituzten armak oso oso eskasak zirela gogoratzen digu, inor edo tirokatzeko nahikoa lan ematen zutenak: "Tiro batzuk eiñ zian neu pasau nintzen grupuan, guardia zibil biri bota zetzen tirua, baiña halako armak ziran, ze hamar metrora ez zetzen azertau. Harek bala harek eztakitx nora joan ziran".
Maria Angeles Zulaikak momentu hartan bizi zen egoera honela kontatzen digu: "Difunto bat etxe batian euan ta etxetik pe ezin etara. Kanposantua be hartuta euan. Hantxe armak topau zittuen sepultura baten, ate inguruan. Hara be ezin zan juan".
Egunak aurrera joan ahala iraultzaileak altxamenduaren aurrerapen ezaz oharturik hari amaiera emateko moduak aztertzen hasi ziren. Juventudes Socialistasen txostenean horrela isladatzen da une hau:
"Baina Bilbon, Donostian eta Gasteizen iraultzarik gertatu ez zenez, ez zuten Eibarrera etortzeko inolako eragozpenik eta, esan dugunez, lehenengo ordutik bertan ziren. Hiritarrek hartutako lekuak egokiak eta indartsuak izan arren, gauerarte mantentzeko konfidantza izanik, hala ere komiteak deliberatu eta erabaki zuen agintariei bi aldeetako su-etena proposatzea, kalte eta heriotza gehiago ezabatzeko asmoz.
Hemen azalduko ditugu erabaki hauen zehazkizunak; Komiteak kide komunista baten eta kide sozialista baten gain utzi zuen betebehar hau, hauek bandera zuria hartu eta ikusi zuten Goardia Zibilen lehengo taldearengana jo zuten. Ondoren koartelera lagundu zituzten.
Bertara heldutakoan erakunde hartako kapitain Garridos jaunari, eta asaltoko buruaren aurrean, kide sozialistak hitz hauek esan zizkion:
-Kapitain jauna; eginiko hots eta zalaparta kontuan izanik, ez dugu uste konpondu eziniko ezer gertatu denik. Guk ekintza hauek gure eginbeharra betetzeko egin ditugu eta zuek zuena. Beraz suetena proposatzera gatozkizue; gaitz handiagorik gerta ez dadin, protesta greba paketsu gisa luzatuko dugu.
-Zuek beranduegi zatozte- erantzun zitzaien ordezkariei, -Heldu diren, heltzen ari diren eta helduko diren tropen laguntzaz zuen kokapena zapaltzeko berehala gai izango gara.
-Dudarik gabe- erantzun zion ordezkari sozialistak, -baina ez alde bateko eta besteko heriotzarik gabe. Zure erantzuna hau izan arren, guk berriz eskatuko genizuke gure jarrera zuen buruei zabaltzea.
-Zein partiduko kide zara zu? -, Kapitainak galdetu zion hitz egin zuen ordezkariari.
-Partidu sozialistakoa.
-Eta zu? -Komunistari galde eginez.
-Izquierda Republicanakoa.
-Zuk esan duzu-, asaltoko buruak esan zion,- zuen eginbeharra betez jokatu duzuela.
-Bai jauna -sozialistak esan zuen-, bakoitzak bere erara bete behar ditu bere betebeharrak.
Esandako hitzetan azalduriko elkarrizketaren ondoren haiek bere buruzagiekin hitz egin zuten eta bi aldeek su-etena gauzatzea erabaki zuten; menpean zeuzkaten kokapenak utzi behar zituztela eta bertan zeudenak errespetatu behar zituztela aginduz. Erabaki hau ordezkari komunistari esan eta berak errebeldeen artean zabaldu zuen, ordezkari sozialista rehen gisa atxilotu zuten bitartean.
Kontakizun berdina, baina Candidoren hitzetan, aztertuko dugu orain: "Ejerzitua etorri zan Vitorrixa aldetik, Bidebarrixeta aldian zeuazen guardia zibillak ta bestian guardia asaltokuak. Hartuta euazen erdixan, ta Toribio Etxebarriari okurridu jakon bakia zertu bihar zala, ez zala momentua reboluziñorako. Geu bakarrik geuazela ta armarik ez genkala bihar dan moduan. Pixkat danok geure lekuetatik urtenda geuazen, foko bat be defenditzeko ez zekagula ta pakia eskatu bihar zala.
Da orduan beste bateaz, Agapito Etxebarriaz, gero ha afusilau... pasiua emon zetsen Santanderren, juan zian Casa Cuartelera. Juan zian da bakia zertu zeben.
Batzuek, guardia zibillak gaizki hartu zeben, biolentziaz hartu zeben Toribio Etxebarria, baiña militarrak Vitorixatik etorri zanak, esate eban:
-Mutillak, bakia eskatzera etorri tta hori tratau biharko dogu-, ta pixkat aplakau ziran guardia zibillok. Ta holan etorri ziran esatera jentiari:
-Mutillak, bakoitxak ahal dabena, eh!
Baiña geldittu ziran ondiokan Eskola Armerixakuak. Ta Toribio Etxebarria, ejerzitua ta guardia zibil batzuak juan ziran harutz esatera:
-Mutillak, bakia daok ta laga armok ta errendidu.
Baiña orduan Guardia Zibillak amorratuta zeuazen da bat ero bi hil zittuen. Heriduak bi behintzat egon ziran; bat badakitt zein zan ha, tellatuan zeuan ezkutauta ta jo zetsen ta zertu zeben.
Total, euren artian ta hamen hil zianak ta bata ta bestian artian zazpi bat hildako egon zittuan".
Toribio Etxebarriak errendizioaz zera dio: "Gertatzen ari zenaren ardura genuenok arratsalde erdian elkartu ginen, une haietan alperrikako sakrifizioa egiten ari ginela ikusi genuen eta horrela zen, ikusi ahal izan genuen bezala. Ez zen bapateko iraultza orokorrik gertatu, egoera berria gauzatu ahal izateko. Bakarrik leku konkretuetan burutu ziren eta zapaltzeko errezak ziren. Asturiasen gertaturikoari buruz, egun hartan ez genuen ezer ere jakin, beraien jarrera kementsua historian ezaguna izango da. Companysen jarrera hurrengo egunean suertatu zen, gure nekeen ondorengo gauean. Iraultza greba orokor bati loturik zegoen, elkarren artean ongi komunikatu gabeko gune biolentoek osatu zuten mugimendua . Egoera hau zela eta, su-etena eskatzea erabaki genuen eta horrela ekintzan parte hartu zutenek alde egiteko aukera izan zezaketen.
Baina nor inguratuko zen goardia zibilen kuartelera zenbait ordu aurretik bonbaz erasotu ondoren? Nere aldetik ni prest nengoen, altxamenduaren piztean parte hartu ez banuen ere. Gertatu behar ez zuen, baina azkenean gertatu zen sutearen errrudun nagusia ez sentitzearen lasaitasuna nuela uste dut. Baina, batez ere, lasaitasun hura erosoaldirako baliagarriak zitzaizkidan arrazoi intimoen jabe ez izateren ondorioz zetorkidan. Baina, arrazoi hauek kanpotik ezin zitezkeen ikusi, ez eta igerri ere. Are gutxiago geu gindoazen lekuan, goardien familiak erabat asaldatuta baitzeuden bertan. Nere abizen bera zuen beste komunista bat koartelera laguntzeko prestatu zen. Bi Etxebarriatarrok bandera zuria generaman herriko kale hutsetan zehar.
Kuartelean harrera ez zen espero bezain txarra izan, goizekoagatik haserre nabaria bazegoen ere, baina pakeari buruz hitzegiteko beranduegi zela esan ziguten.
-Errefuertzoak Gasteiztik heltzear daude- esan zuten, eta hala zen, Gasteiztik zetozen gudalosteak begien aurrean baitzeuden. Eta hauetariko buruzagiek gurekin topo egin zuten koartelaren sarreran, aurreratu egin baitziren. Hau dela eta, gure menpe zeuden eraikuntzak menperatzeko soberako indarra zuten. Hori esan ziguten, formazioan zetozen soldaduak erakusten zizkiguten bitartean.
Nere ustez ejerzitoko buruzagi hauekin topo egitea gure mesederako izan zen, guardia zibilengan errespetua sortarazten baitzuten eta erantzuteko harrera erakutsi zuten".
Lukas Alberdik ostera oso labur gogoratzen ditu errendizioko gertakariak: "Batek guardia zibilari bonbia bota zetzan. Baiña dana galdu zanian, arratsaldian Toribiok pañuelua hartu eta errenditu eiñ zuan. Gero `pena de muerte' emon zetzen, Julian Prietori be bai. Juan Ibarra anarkistari be. Gero beste batzueri `de cadena perpetua a muerte' petiziñua eiñ zezkuen. Azkenean Toribiori 30 urte, beste hiruri `pena de muerte'. Guri 25 urte.
Gero kartzelan 20 bat hillabete eiñ genduazan, frente polularrak irabazi zebanian gero amnistiarekin denok kalera".
Maria Angeles Zulaicak ez zituen gauzak bertatik bertara ikusi, baina badauka gutxi gora beherako oroitzapen bat iraultza haren bukaeraz:
"Arratsaldean Gasteiztik general bat etorri zan, soldaduak Kalbeton kalian ikusi genduazen. Untzagara juan zen. Hantxe jefiak eta zeguazen. Toribio Etxeberria bandera zurixakin Ayuntamientotik urten ta Untzaga guztia pasau zeban eta errendidu zan. Orduantxe amaittu zen, orduantxe jendiak kalera urten zeban eta orduantxe hasi zen Eibar atzera bizi izaten.
Gero detenziñuak egon ziran, Pamplonara eruan zittuezen, Fuerte de San Cristobalera. Ayuntamientua hartuta zeuan eta Untzaga zentrua zuan, jendia ezkutuan zeuan etxian".
Baina errendizioa Maria Angelesek gogoratzen duena baino konplexuagoa gogoratzen du zenbaitek. Esate baterako Juventudes Socialistasek jasotako txostenean errendizioaren gora beherak luze azaltzen zaizkigu:
"Suetena hitzartua geratu zen beraz, eta pertsonak errespetatuko zituztela hitzeman zitzaien behin eta berriz kuarteletik Udaletxean eta Armagintza Eskolan itxirik jarraitzen zuten maitxinatuei. Baina suetenaren berria zabaldu ahal izateko ordezkari sozialista hartu eta goardia zibilak bertako kapitaina buru zelarik Errepublikako plazara eta Armagintza eskolara bideratu ziren. Armagintza Eskolan erasoan ari ziren asaltoko guardiek errefuerzoak zetozela ikusiagatik sua bertan behera uzteko aginduei muzin egin zieten. Lan handiz su guztiak baretzea lortu ondoren, Armagintza Eskola barruan zeudeneei armarik gabe eta eskuak buruan irtetzea eskatu zitzaien.
Barrukoak gonbitea hartu eta irtetzen hasi ziren, baina sarrerara heldu bezain pronto asaltoko guardiek beren armen kulataz jipoitzeari ekin zioten. Atzean zetozenak beldurturik harrera bero hartatik ihes egiten saiatu ziren. Bik eraikuntzako teilatura igotzea erdietsi zuten, baina bertatik irteerarik ez zegoen eta tiroz erasotuak izan ziren. Bietariko bat, Florencio Vazquez, 18 urteko gaztea, hilik suertatu eta lorategira erori zen haren gorpua. Bestea Gerardo Arozena, 23 urteko gaztea, besoan balaz zauritua izan zen.
Beldurraren eraginez Progreso Marcano komunean ezkutatu eta bertan sabelean balaz larritasunez zauritua izan zen. Bitartean Armagintza Eskolako atarian jeitsitako guztiek kulataz eta bestelako hainbat eta hainbat kolpe jasan behar izan zituzten.
Ordezkari sozialistak eta bertan zeuden beste herri ordezkariek protesta egin zuten baina ez zuten jipoia geldiaraztea lortu eta Armagintza Eskolatik Udaletxerako bidean ere jarraitu zuen egurkadak.
Udaletxean jipoi orokor bat burutu zen atxilotutako matxinatu guztiekin".
Gehienentzat hemen bukatu zen Urriaren 5eko iraultza. Hemen hasiko ziren ondorioak, epaiketak, kartzelaldiak,... Baina batzuk, Candido Egurenek esate baterako, borrokan jarraitu zuten oraindik:
"Ni ez nintzan akabau, mendixan ibilli giñazen, korrika bat eiñ genduan gabe baten guardia de asaltokuaz Agiña partian, eskapada baten ibilli giñazen. Txakurren zaunkakin jakitten genduan, eh hantxe dabixak harek, hantxe dabixak harek!! Gero ba baserritxar baten etxian birrittan eiñ genduan lo, ta ekartzen zeskuan notiziak, zelai batera, iriartian ezkutauta geuazen, da etortzen zan da esaten zoskun, hauxe dao ta haixe dao. Ta esate zoskuen:
-hi!-, neregaittik eta beste batzuengaittik, -zuen etxera ez dittuk ondiok juan, zuek juan zaikie-. Da etorri giñazen asmuan, ba sabotajiak eittera. Hoixe asmoa ekarri genduan, trenbidietan bonbak ipini ta halakuak. Baiña Eibarrera ez nintzan sartu, Sallabenten lagun batek ikusi nindduan, etorri jata eta:
-Nora hoia?
-Etxera.
-Ez hari juan etxera, hire etxia infestauta jaok guardia zibillegaz".
Eta hor esan dezakegu bukatu zirela Eibarren Urriaren 5ean burututako iraultzaren azken ekimenak. Horren ondoren, egun hartako ekintzan parte hartu zuten guztiek jasan behar izan zituztenak beste hainbat orri idazteko gorabehera eta gertaeraz ondo horniturik daude.
Txosten honetan gertaera berdinaren inguruko hainbat bertsio jaso ditugu. Ahozko tradizioak kasu honetan historiografiak jaso ez eta arbuiatu dituen gertaera pertsonalak jasotzen ditu. Pertsonalak izanagatik ordea historikoki beren garrantzia gordetzen dute garai baten, eta bizitzeko, pentsatzeko eta sentitzeko modu baten berri zuzena ematen diguten aldetik bederen. Pertsonaia hauetan bereizgarri propioz hornituriko herriaren sena dakusagu, gaur egunerarte nolabait mantendu dena.
Eibar betiere politikoki oso bizitza sutsua izan duen herria dela jaso du historiografiak, baina bertako biztanleen politikarako grin hori ezin uler liteke bizi zuten kontestu eta ingurune sozial berezia kontutan hartu gabe. Ahozko tradizioari esker berezitasun hoiek jasotzeko aukera izan dugu, eta bere bizitasuna erabat nabarmendu zuen gertaera baten bidez gainera, 1934ko Urriaren 5eko Iraultza.
Iraultza honen porrota estatu osoko koordinazio ezari egokitu dakioke, baina Eibarren izan zuen jarraipena herri honen militantzia politikoari baino ezin diezaiokegu leporatu. Militantzia hau baina, orokorrean ideia antzekoak batzen zuten, bere barnean pentsamolde beretsuko hainbat eta hainbat bariazio biltzen baziren ere, ia ia pertsona bakoitzeko kokapen politiko bat. Militantzia horren erakusbide daukagu gertaerei aurerabiderik ikusi ez eta Toribio Etxebarriak Guardia Zibileko Kapitainakin armen uzteaz hitzegiten duenean. Ordezkari Sozialistak ez du barkamenik ez eta hutsegitez hitzegiten. Soil soilik hau esango dio:
"Guk ekintza hauek gure eginbeharra betetzeko egin ditugu."
Oier Narbaiza eta Oier Araolaza
1.993
Erabilitako Bibliografia
ETXEBARRIA, Toribio; "Viaje por el País de los Recuerdos", Itxaropena SA argitaletxea, 2. edizioa,
Zarautz, 1990.
ARZAK, Jean Paul; "Aproximación a las especificidades del socialismo eibarres", Munduko 2. Euskal Biltzarra.
"INFORME DE LAS JUVENTUDES SOCIALISTAS PRESENTADO AL PARLAMENTO SOBRE LOS HECHOS ACAECIDOS EN OCTUBRE DE 1934" Salamancako Guda Artxiboa.
VEGAS OTALEKU, Virginia; "Lukas Alberdi: bizitza eta lanak", Eibarko Udala, 1991.
ENCICLOPEDIA GENERAL ILUSTRADA DEL PAIS VASCO, Edit. Auñamendi.
ARCHIVO ORAL BLASCO OLASCOECHEA
Elkarrizketatuak:
- Candido Eguren
- Lukas Alberdi
- Maria Angeles Zulaika