Hasierako orrira
 
Juan San Martin
 
 
Juan San Martin euskaltzain, euskalari eta idazlea, eibartarra dugu. Jakin aldizkariak elkarrizketa luzea eskaini zion 1998ko irail-urriko zenbakian (108. zenbakian), Imanol Murua Uria kazetariak egina. Jakinen baimenarekin jari dugu testu interesgarri hau Interneten online, libre. Elkarrizketari buruz Jakin-ekin kontaktatu nahi baduzu, aldizkaria jasotzeko, harpidetza egiteko edo beste edozertarako, hau da haien e-posta: Jakin (jakin@jalgi.com)
 
Edukiak:
 


 

Sarrera

Juan San Martin 1922ko ekainaren 23an jaio zen, San Joan bezperan, Eibarko Elgeta kalean. Han egin zituen bizitzako lehenengo 14 urteak, 1936an gerra piztu zen arte hain zuzen. Aita eskupegina, jatorri eta joera liberal ezkertiarrekoa, Valentziara joan zen Errepublikaren alde armagintzan aritzera; ama eta lau anai-arrebak Arratian, Bilbon, Santanderren eta Gijonen ihesi ibili ondoren, Bordelerantz itsasoz zihoazela ontzia frankistek harrapatu eta El Ferrolera eraman zituzten, eta handik atzera Eibarrera.

Etxea suntsituta aurkitu zuten baina, eta osaba baten etxean, esku hutsik, ekin zioten bizimodu berriari. Kolpetik amaitu zitzaion haurtzaroa Juan San Martini.

Tornero hasi zen lanean, egunez, eta gauez joaten zen eskolara. Soldadutzara joan beharra ere heldu zen eta han, Madrilen aurrena eta Burgosen gero, euskaldunen kontrako irainak eta mespretxuak bizi izanaren erreakzio gisa, euskaltzaletasuna piztu zitzaion. Euskaraz bere kasa alfabetatzeari ekin zion.

Irakurle borrokatua zen ordurako, eta mendizale amorratua. Lehenengo idazlanak, hain zuzen, mendiari buruz idatzi zituen: Eibarko Kirol Elkartearen buletinean eta Pirenayca aldizkarian, gazteleraz hasieran, euskaraz ere bai gerora.

Imanol Berriatua-ren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa izan ziren kultur gaiei buruzko bere lehen artikuluen plaza 1950eko hamarkadaren hasieran, eta Euskal Herrian izan diren aldizkari gehienetan argitaratu du Juan San Martinek geroztik, gaur arte. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra.

Artikuluak ezezik, poemak ere plazaratu zituen, batik bat, Euzko Gogoa-n eta Santi Onaindiak zuzentzen zuen Olerti aldizkarian. Poesia lanetarako erabili zuen goitizena, Otsalar, erreferentzia garrantzitsua izan zen 1960ko hamarkadako euskal poesigintzan. Aurten bertan argitaratu ditu orduko poema gehienak Giro Gori liburuan.

Aspaldikoa du, dena den, bere lehen liburua: Juan Antonio Mogeli bizitzari eta obrari buruzko liburuxka kaleratu zuen 1959an, eta haren ondotik etorri ziren hurrengo urtetan beste hainbat: umorea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza... askotariko alorrak landu ditu Juan San Martinek bere liburu ugarietan.

Eta gehiago ere argitaratuko zituen, Euskaltzaindian egin duen lanak hainbeste denbora kendu ez balio. 1957an izendatu zuten urgazle, 1964ean euskaltzain oso eta 1967tik 1978ra Akademiako idazkari izan zen. 1968an Arantzazuko Batzarrean Koldo Mitxelenak euskara baturako proposatu zuen bidearen defendatzaile sutsu izan zen, eta jarrera horrek h-aren inguruko eztabaida mingotsetan protagonismo handia izatera eraman zuen.

Euskaltzainburuorde ere hautatu zuten 1988an, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. 1994tik 1995era Europar Ombudsman Erakundeko buru izan zen. Urte horretan utzi zion Ararteko izateari ere.

Hondarribian bizi da orain eta bertako Elizari buruzko azterketa da bere azken lana, liburu batean argitaratzeko bidean dena.

 
 

JUAN SAN MARTINEN ARGITARAPENAK, BIBLIOGRAFIA

 
LIBURUAK
 
 
LIBURU ATALAK
 
 

 


 

Elkarrizketa

 
- Primo de Riveraren diktadura eta zu zeu egun berean jaio zineten. Haurtzaroa diktadurapean egin zenuen.
 
Baina ni ez nintzen jabetzen orduan. Errepublika etorri zenean ere 9 urte nituen eta ez nintzen horrelako kontuekin arduratzen. Bi urte zaharragoa zen anaiak goizeko seietan esnatu eta esan zidanean «Republica» etorri zela, erantzun nion: «Zein da Republica?».
 
- Aita giro sozialistakoa zenuen, eta amaren familia giro abertzalekoa, jatorri karlistakoa.
 
Aitona liberal ezkertiarra nuen, eta aita ere liberala zen. Baina aitaren familiako denak ez ziren liberalak izan. Aitonaren anaia zaharrenak &emdash;Felix San Martin&emdash;, baserriaren oinordeko zenak, 16 urterekin baserritik aldegin omen zuen Santa Kruz apaizarekin joateko. Nire aitonarentzat Santa Kruz deabrua bera baino okerragoa zen! Aitonak etika zentzua bazuen: ezin eraman zuen pertsonak hiltzea.
Aita eskupetagina zen, eskupetaren gremioko lehenengo kooperatibaren sortzaileetakoa. «Danok bat» zuen izena. UGTkoak ziren, sozialistak asko. Baina ez zen ondo joan eta, erori zenean, aita bere kontura hasi zen. Kulatak eta montajea egiten zituen batez ere.
 
- Zuk bi giro horietatik edan zenuen. Batzokiaren inguruan nahiz Casa del Puebloren inguran ibiltzeko aukera izan zenuen.
 
Erakunde politikoek janari kooperatibak zituzten: «Bide Onera» zuen izena Batzokikoak, eta «Cooperativa» sozialistenak, UGTkoak. Ni bietan ibiltzen nintzen: etxeko gauzetarako «Cooperativa»ra joaten nintzen, baina lehengusuarekin Batzokikora joaten nintzen sarri. Aita salamancarra izanik, familian izan dugun abertzalerik gogorrenetakoa izan da lehengusu hori. Batzokian zerbitzuak egiten zituen, dendari gisa.
Elkarrenganako errespetua eta tolerantzia zegoen orduan, gaur ez bezala. Sozialista zaharrak eta abertzale zaharrak elkarren lagun minak izan dira Eibarren. Gazteen artean auziren bat sortzen zenean, berehala sartzen ziren konponketa egitera.
 
- Elkarren arteko liskarrak ere izango zituzten...
 
Ez pentsa. Oso tratu ona zuten. Oraingo gazteek ezin dezakete konprenitu ere egin.
Toribio Etxeberria, Eibarko sozialisten lider intelektuala, bistaz baino ez nuen ezagutu haurtzaroan, baina gerora, bera Venezuelan erbesteratua zegoela, idatzizko harremana hasi genuen. Udan Hendaiara etortzen zen eta Eibarko EAJko presidente izandako Edorta Alberdik &emdash;heriotz zigorra izan zuen horregatik!&emdash; esan zidan Toribiok ezagutu nahi ninduela. Elkarrekin joan ginen Hendaiara eta Toribiorekin pasa genuen eguna. Lagun handiak ziren! Inbidia ematen zidan, eta galdetzen nien nola konpontzen ziren: «Zeozer zenean berehalaxe jartzen ginen harremanean eta horrelaxe konpontzen genituen auziak».
Horrelakoak gaur ez dira posible.
 
- 1934ko iraultzan Eibarren nahikoa istilu izan zirela irakurri dut Auñamendiren Entziklopedian zuk idatzitako «Eibar» artikuluan. Historiagile bezala jaso duzu hori, baina gogoan ere ba al duzu orduan gertatutakoa?
 
Gogoan dut hori. Hildakoak ere izan ziren: bost.
 
 
- Eta 144 juzkatu. Heriotza zigorra Toribio Etxeberriari eta betirako kartzelak ehundik gorari.
 
Toribio Etxeberria ez zen iraultza horren aldekoa, bere gogoaren kontra jaiki ziren gazteak. Bera errenditu egin zen esanez han ez zegoela horrela irabazterik. Baina horrelako euforia zegoen Errepublika ekarri zutelako, halaxe gertatu zela. Toribiok liburu bateko hitzaurrean esaten zuen gero, gezurra zirudiela Errepublikaren aurka altxamendua prestatzen ari ziren militarrek beraiek, Soltxaga jeneralak-eta, Errepublika defendatzen zutenak juzkatzea.
Ni gogoratzen naiz depositoan hilak ikusten egon nintzela. Oso gogorra izan zen.
 
- 1931ko hauteskundeetan EAJk baino askoz ere boto gehiago lortu zituzten Eibarren ANVk, Union Republicanak, Alderdi Sozialistak eta Derecha Republicanak. 2.300 bototik gora lau hauek, 632 baino ez EAJk.
 
ANV indarra hartzen hasi zen garai hartan. Baina nazionalista ez zirenak ere euskaltzale ziren neurri batean. Gogoratzen naiz Maiatzaren Leheneko kanta &emdash;«El día Primero de Mayo» abestia&emdash; euskaraz kantatzen zela. Ez dut gerora aurkitu, baina badakit euskaraz kantatzen zela.
 
 
GERRAURREKO EIBAR
 
- Zure haurtzaroko Eibar ia erabat euskalduna omen zen, nahiz herri handi samarra izan ordurako.
 
14.000 biztanle zituen Errepublika garaian eta 15.000ra iritsi zen gerra hasi zenerako.
Kanpotik etortzen zenak, adinean etorrita ere, euskara ondo ikasten ez bazuen ere euskaraz egin beharra zuen. Ez zeukan beste erremediorik! Esate baterako, mendian banuen Guadalajaratik etorritako lagun bat, Molinero abizenez baina Kamarro esaten geniona, erdaraz okerrago egiten zuena euskaraz baino!
 
- Etxean eta kalean euskaraz. Eskolan?
 
Dena erdaraz, den-dena. Uste genuen horrela behar zuela. Naturaltzat genuen. Gainera, nagusiek esaten ziguten munduan jo behar zela hizkuntza bakarra egitera. Gero konturatu nintzen, irakurriz-eta, hori ezinezkoa zela, utopia bat zela eta bakoitzak bereari eutsi behar diola. Baina sozialista gehienak, esan dudan bezala, joera horretakoak ziren, esperantozaleak, eta nire lagunik gehienak ere bai.
 
- Baina doktrina, euskaraz.
 
Euskara oso purista erabiltzen genuen doktrinan, eta ezin ulertu! Jainkozale taldeko Don Juan Ibargutxiren doktrina erabiltzen genuen, bizkaieraz, baina Eibarren egiten den euskaratik alde ikaragarria zegoen. Gauza asko ulertu ere ez genituen egiten eta buruz ikasi behar izaten genuen.
Familia liberal ezkertiarretako mutikoak berez elkarrekin jarri ginen, eta gogo gutxirekin joaten ginen doktrinara. Mutiko bihurria nintzen gainera, eta jaramon handiegirik ez nion jartzen doktrina kontuei. Eta begietan hartu ninduen Don Juan Ibargutxik. Beldurra hartu nion eta, bere aurrean jartzen nintzenean, hitz egiten ere ez nuen asmatzen. Aitortzera joaten nintzenean, atzamarrarekin besoa heltzen zidan eta: «Etxean azukrea-edo lapurtu duzu?». Nik ezetz esan eta berak, ra!, atximurkada, baietz esan arte. Egiten ez eta baietz esan behar! Egiten ez nituen gauzekin zigortzen ninduen!
Jaunartzerik ez nuela egingo esan zidan, beste urtebete jarraitu behar nuela doktrinan. Etxean, atsekabea! Jantzia eginda neukan! Amak auzoko doktrinako maistra bati deitu zion, hark galderak egin zizkidan eta, nik denak erantzun nizkionez, doktrina banekiela esan zion amari. Orduan esan nien, Don Juanek galdetzen zidanean, beldurragatik ezin nuela erantzun ere egin. Besoa ere erakutsi nien, dena beltzituta. Ama izututa gelditu zen, eta Don Juanengana joan ginen hurrengo egunean. Eta Don Juanek amari: «Zuk eman behar dizkiozu Jaungoikoari kontuak, zure semeak ez dauka nahikoa fede eta». Jaunartzea egingo nuela, baina hurrengo urtean doktrinara joaten jarrai nezala esan zion amari. Ez nintzen gehiago joan.
Amak jaunartzeko argazkia atera behar nuela esan zidanean, «ezta pentsatu ere!», ez nuen nahi argazkirik edukitzea ere. Bakarra izango naiz, jaunartzeko argazkirik gabea. Orduan pasa nituenak trauma handia izan ziren niretzat. Hark eman zidan bidea Elizako kontuetatik aldentzeko.
 
- Giro erlijiosoa berezia zen Eibarren. «Apaiz laikoa» zenuten: Marcelino Bascaran.
 
Gure kaletik, Elgeta kaletik, pasatzen ziren hileta gehienak; Elizako denak eta zibil gehienak. Hileta zibiletan egoten ginen, kuriositatez ere bai. Elizakoa izan edo zibila izan, hileta ekitaldi garrantzitsua izaten zen sarri. Apaiz laikoaren diskurtsoak. panegirikoak izaten ziren; hildakoaren alde onak goratzen zituen.
Apaiz laikoari, Marcelino Bascarani, «Sumendixa» esaten genion, jatorriz Sumendia baserrikoa zelako. Oso gizon isila zen, bere bizarrarekin eta bibote handiarekin halako apostolu itxura zuena. Erdaraz gutxi zekien eta beti euskaraz egiten zuen. Haren semeak, Benignok, egin izan ditu hileta laikoak gerraondoan. Benignok bietara egin izan du, euskaraz eta gazteleraz.
Baina Errepublika baino lehenagotik ere egiten ziren hileta zibilak. Ezkertiar liberalak hasi ziren nonbait, bigarren gerra karlistatik aurrera uste dut. Gero sozialistek hedatu zuten, eta guretzat normalak ziren.
 
- Gerraurreko haurtzaro hartan irakurtzen zenuen libururik?
 
Irakurzaletasuna mutikotatik neukan. Auzoan bagenuen neska bat, ni baino lau bat urte zaharragoa, ipuinak irakurtzen zizkiguna. Robinson Crusoe eta halakoak. Horren inguruan, oso mutiko nintzela!, jabetu nintzen liburuetan zer gauza aurki zitezkeen.
Ipuinak-eta irakurtzen nituen orduan, erdaraz. Esploradore kontuak, Livingston-eta, mutikotatik irakurri nituen. Erosi egiten nituen, nire diruarekin.
Merkeak ziren. Nobelak koaderno gisa kapituluka saltzeko ohitura ere bazen. Eta gainera, trukaketak genituen: zinemara joaten ginenean, pelikula hasi baino lehen elkartzen ginen elkarri esanez, azokan bezala, «nik hau daukat! trukatuko nuke honegatik!», eta horrela. Batzuk banituen trukatzerik nahi ez nituenak. Gustatu eta niretzat.
Gerra piztu zenerako, etxean banuen liburu multzo bat. Baina gerra etorri zen, etxea erre zen eta ezer ere gabe gelditu nintzen.
 
 
GERRAREKIN, AKABO HAURTZAROA
 
- Gerra piztu zenean, zertan ari zineten zuen familia eta zu?
 
Ustekabean etorri zen, eta denbora gutxi barru Eibar ondora etorri zen frontea, eta industrietako makinariak-eta atera egin zituzten. Deustura joan eta fusilgintzako fabrika montatu zuten; aitak han egin zuen lana.
Guk ere aldegin genuen Eibartik, bonbardeoak zirela eta. Bilbora joan ginen aurrena, izeba batengana, baina Bilbon ere bonbardeoak hasi ziren, eta Arratiara joan ginen, izeba haren udako etxera. Aita asteburuetan etortzen zen guregana.
Gero, frontea mugitu zenean, aurrena Bilbora eta gero Santander aldera jo genuen, Cabezon de la Sal-era. Aita, berriz, Valentziara, «Nortea» arriskuan zegoela ikusita armagintza Valentziara eramatea erabaki baitzuten. Bordelera itsasoz, eta Bordeletik Valentziara. Bilbo erori ingurua zen, erori eta laster.
Gu, aitari jarraika, Gijonera joan eta Bordelera heltzeko asmoz ontziratu ginen. Baina bidean Cervera gerraontziak harrapatu gintuen! Ferrolera eraman gintuzten eta egun batzuetan pabilioi batzuetan eduki. Gizonak gutxi ziren eta haiei galdeketak eta egiten zieten, baina andreei eta guri ez ziguten ezer egiten. Han ibiltzen ginen jolasean.
 
- Zuek Arratian zeundetela sartu ziren tropa frankistak Eibarrera, 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardeatu zuten egun berean hain zuzen.
 
Egun berean! Eibar erretzen ari zela sartu ziren, bi egun lehenago bonbardeatu baitzuten Eibar.
Nik Arratiako mendi batetik ikusi nituen Durangoko bonbardeoa lehenengo, eta Gernikakoa egun batzuk geroago. Gernikakoa gertatu zenean, hainbeste hegazkin ikusirik, berriro Durangora joango zirela pentsaturik, muino batera igo nintzen. Eta ez, aurrera segi zuten. Bonba hotsak entzuten genituen urrutira. Iluntzean mendian goitik behera etxe aldera gentozela, zerua gorri ikusten zen. Etxean, irratiz, Gernika erretzen zegoela jakin genuen.
Cervera ontziak harrapatu ondoren Ferrolen lehengusu bat eta biok jolasean ari ginela, euskaraz ari ginela entzun eta ondo jantzitako gizon bat zuzendu zitzaigun, euskaraz. Konfiantza hartu zuenean Gernikakoa zela esan eta han zer pasatu zen bagenekien galdetu zigun. Azaldu nion ikusi nuena: 61 hegazkin, nik neuk kolpe batean zenbatuta!, hirunaka, hirunaka... Berak ez zuen hitzik egiten, halako batean zotin bezalako bat egin zuen, begiratu nion eta, a ze inpresioa!, gizona negarrez. Kokotzetik behera erortzen zitzaizkion malkoak. Esan zidan: «Nire familiako asko hil dira han, eta ezin nuen buruan sartu, gorriek nola erreko zuten, beren familiak barruan zeudela?». Halako gizon bat lehenengo aldiz ikusten nuen negar egiten.
 
- El Ferroletik Eibarrera joan zineten, aita artean Valentzian zela.
 
Ferroletik Pasaiara ekarri gintuzten, itsasoz. Eta handik Eibarrera. Iritsi ginenean, etxerik ez! Beheak jota. Suntsituta dena, lau paretak. Amak ikusi zuenean negarrari eman zion. Inpresio handia egin zidan, eta uste dut nire bizitzan aldaketa handia egin nuela orduan. Lehen ume bihurria nintzen, baina ama horrela ikusirik eta aita non zenik ere ez genekiela...
Ama eta lau seme-alabak osaba batzuen etxera sartu ginen eta poliki-poliki aurrera egin behar izan genuen. Gero, etxebizitza sozialak egin zituzten, baina guk ez genuen inoiz lehentasunik izan. Fitxatuta geunden. Etxea erre zigutenek etxe berriak egin eta guk ez genuen erosterik. Kanpotik etorritako inmigrante «ex-combatientes»-ek zuten lehentasuna.
Gero, gerra bukatu eta laster aita etorri zenean, etxe bat alokatu genuen. Etxeratu aurretik preso egon zen, baina denbora gutxi.
 
- Zure bizitza erabat aldatu zen. Akabo haurtzaroa.
 
Eibarrera itzuli ginenean, artean gerra amaitu gabe zegoela, lanean hasi nintzen morteroak-eta egiten. Ez nekien ni egiten ari nintzen lehergailuak aitaren gainean eroriko ziren ere. Gauez eskolara joateko adina ordaintzen zidaten. Seiak arte lanean aritzen nintzen, eta seietan eskolara. Oso lotua, jolasteko batere denborarik gabe. Lana eta lana, ikasi eta ikasi.
Asmoa zen gero Armagintzako langintza eskolara pasatzea, baina eskola ireki zutenerako lanbidea hartua nuen: mekanika. Lan batzuk egiten hasi nintzen lantegian, gero lantegi buruaren laguntzaile jarri ninduten eta, haren arrimuan, tornero, ajustadore, proiektista... denetik ikasi nuen. Ojanguren y Marcaide (OJMAR) zen lantegiaren izena.
Aita etorri zenean ni armagintzan sartzea nahi zuen, baina esaten nion ez nuela nahi. Natura maite dut eta ez dut nahi inork eskupetarekin txoria hiltzerik. Alde batetik aitzakia ere bazen, gehiago gustatzen zitzaidalako mekanika, baina beste alde batetik egia ere bazen. Natura maite dut.
 
- Gerraondoan beste Eibar bat aurkitu zenuen: Errepublikako elkartasun girorik ez, jendea asko falta (14.000 biztanle izatetik 9.000 izatera pasa zen Eibar)...
 
Beste batzuk desterratuak ere bai, Espainia barruan. Alderantzizko bidea, nire emaztearena da. Izatez Madrilgoa da eta gerraondoan bere aitak gutxienez Madrildik 400 kilometrora egon beharra zuen. Horregatik etorri ziren hona, eta horrela ezagutu nuen.
Gerraondoko Eibarren oso persegituak geunden. Isilik egon behar. Bazen Aldai abizeneko lagun bat, gure adinekoa &emdash;gizajoak oso haurra zelarik ama galdu zuen eta aita elbarrituarekin bizi zen&emdash;, inork berekin ibiltzerik nahi ez genuena falangista eta karlista berriek begietan hartuta zutelako. Jipoitu egiten zuten sistematikoki. Hartu eta eman, gorria zelako. Horrelakoengandik bereizten ibiltzen ginen, bestela norberari ere egurra.
Behin, zinera ordaindu gabe sartzen saiatzeagatik harrapatu eta goardia zibiletara eraman gintuzten: beste gabe kristorenak eman lehenengo, gero irainak eta ondoren aceite de ricino. Afiliatzeko ere agindu ziguten: edo flecha edo pelayo. Flecha falangista kumeak ziren eta pelayo karlista kumeak. «Bai, bai» esan, baina ez nintzen inoiz afiliatzera iritsi.
 
- Gerra aurretik Eibar erabat euskalduna zela esan duzu. Ondoren?
 
Gure artean euskaraz egiten genuen, baina udaletxean edo edozein zentru ofizialetan, kontuz! Erdaraz. Mezara ez nintzen joaten baina elizan ere erdaraz.
Behin zortzi bat urteko mutikoa ikusi nuen negarrez, 10 urtetik gorako neskato batekin. Baserrikoak ziren, Urki aldekoak. Jaunartzea egiteko aitortzera etorri zen umea, eta abadeak esan zion erdaraz ikasteko lehenengo, euskaraz ez ziola aitortzarik hartuko. Eta negarrez. Horrelakoak pasa dira! Jainkoaren izenean?
Giroa oso txarra zen. Udaletxean edo beste edozein zentrutan isilik geratu behar, baina trenean, autobusean edo horrelako lekuetan ikasia nuen, nire irakurketetatik, zer erantzun. Autobusean-eta nornahik esaten zizun: «Hable en cristiano!». Nornahik! Sarri erdibaserritar erdaraz ondo ez zekienak, karlista zelako. Baina sarriago, kanpoko jendeak, poliziek eta.
Nik erantzuten nien: «Lo siento mucho, pero yo no se arameo». Berak: «Quiero decir que estamos en España y hable usted en español!». Eta nik: «Pues yo estoy hablando la lengua mas antigua de España». Jendea adi-adi egoten zen. Eta gero: «Yo no soy separatista, pero veo que usted es un separador!». Horrela erantzuten nien. Jendeak horrekin kontzientzia hartzen zuen eta ni pozik. Hori, zenbat aldiz eta zenbat tokitan! 40ko hamarkadaren erdia pasatu ondoren hasi nintzen horrelako erantzunak ematen. Esaten zidaten lagunek, egunen batean disgustoa izango genuela...
 
 
SOLDADUTZAN EUSKALTZALE
 
- Euskaltzale kontzientzia hartze horretan soldadutza momentu garrantzisua izan zen, ezta?
 
Gerra aurretik Txirrita Eibarko plazan entzunda neukan bertsotan. Eta gustatzen zitzaidan. Gero Uztapide eta Basarri hasi zirenean, sanpedroetan mendira joan beharrean bertsolariak entzuten geratzen nintzen. Gustora egoten nintzen haien hitz jokoak eta adar jotzeak entzunez. Zaletasun hori banuen.
Bestetik, etxean ipuin eta kanta asko entzun nizkion amari. Almazen bat zeukan, bere aitarengandik ikasita. Mahaian geundela ipuinak kontatzen zizkigun eta Gabonetan, gabon kantak. Tradizio hori jaso nuen etxetik.
Soldadutzara joan nintzenean, amari idazten hasi eta buruan ez zitzaidan sartzen amari gazteleraz ezer idaztea. Euskaraz idatzi nion, erdarazko grafiarekin. Ez nekien besterik. Lehenengo aldia izan zen euskaraz idatzi nuena. Aitari errazago egiten zitzaidan erdaraz, baina aitari ere inoiz esaldi batzuk euskaraz idatzi nizkion.
Eta giroaren aldetik, Madrilen txoke handia izan nuen hango mentalidadearekin. Euskaraz ezin zenuen hitzik ere atera, bestela akabo. Erdaraz ez zekitenak zigortu egiten zituzten, eta erdararik ez zekiten euskaldunak teoria klasetan burla egitearren ateratzen zituzten, tontoak balira bezala. Itzultzaile egin behar izaten nuen.
Behin, euskaraz entzun eta brigada batek esan zidan: «Malditos vuestros padres que os enseñaron esa puñetera lengua!»... «Oiga, perdone, a mi mis padres no me han enseñado nada malo». Esan banion esan nion! Eman zidan jipoi ikaragarria! Lurrera bota, zapaldu... odolduta utzi ninduen.
Horrek erreakzioa sortarazi zidan: ni mendizale ibili naizenean, artzainekin, baserritarrekin, Gorbean, Aizkorrin, Aralarren..., gure hizkuntzarekin, toki guztietan ateak irekita izan ditut. Hizkuntzarekin anaiago konpontzen gara... Eta gero, tratu hau hauei? Niretzat azkena izan zen. Hor hasi nintzen kontzientzia hartzen.
Gero, gainera, Madrildik Burgosera bidali nindutenean, hango koarteleko bibliotekan aurkitu nuen Los cantones suizos liburua. Hasi nintzen irakurtzen, nire gogoa zelako egunen batean Alpeetara iristea, eta han ikusi nuen lau hizkuntzak ofizialak zirela Suitzan. 600 urteko bakea herri honek, eta lau hizkuntza! Hori ikusi nuenean, esan nuen, hau da irtenbidea guretzat ere! Hortik hartu nuen kontzientzia euskaltzaletzekoa, eta bide horretan jarraitu dut.
 
- Amari erdarazko grafian euskaraz idazten zenion. Noiz hasi zinen euskaraz alfabetatzen?
 
Gramatika bat bazeukala entzuna nion lagun zaharrago bati, Faustino Mujikari, eskatu nion oraindik soldadutzan nengoela. Eta bidali zidan, Zabala-Aranarena. Oraindik badut, dedikatoria eta guzti. Nire euskarazko lehenengo liburua. Horrekin hasi nintzen oinarrizkoena ikasten, ez bainekien nola zatitu hitzak eta aditzak. Latza egin zitzaidan gramatika hori.
Soldadutzatik itzuli ostean, buru-belarri hasi nintzen. Entzunda neukan euskaraz ez zegoela literatur libururik, baina derrigor egon behar zela pentsatzen nuen, eta bila hasi nintzen. Elizako liburuak baiziren, baina dogmatismoagatik irentsi ezin nituenak. Eta gainerako liburuetan purismoa gehiegi aurkitzen nuen, irakurtezinak.
Han eta hemen ibiliz, oraindik ere niretzako libururik atseginenetakoa aurkitu nuen: Legoaldik itzulitako Grimm anaien ipuinak. Arratiako euskaran idatzi zuen, nik menderatzen nuen euskaran. Pena izan da autore horrek gehiago ez idatzi izana ordenean zituen erantzukizunegatik. Gero Urruzunoren Ipuiak aurkitu nituen. Elgoibartarra, guretzat oso hurbilekoa.
Horiek irakurriz ikusi nuen euskaraz posible zela gauza onak egitea, eta bilaka jarraitu nuen, bidea irekiz eta irekiz.
 
- Prentsan zer irakurtzen zenuten?
 
Prentsa gutxi irakurtzen genuen. Jose Artetxeri irakurtzen nion asko, euskal gaiak ekartzen zituelako. Bera izan zen lehenengoa euskal gaiak aipatzen. Carlos Santamaria ere irakurtzen nuen, baina gutxi idazten zuen. Basarriri ere bai: nahiz eta Basarrik nekazari munduko kontuak ekarri, bertsoak irakurtzen nizkion. Jose Maria Donosti eta horrelakoren batzuk ere bai. Baina gainerakoan, ez zen erraza. Irakurtezinak ziren. Irainak ziren guretzat. Gerra galdu, pasatu zirenak pasatu, eta gainera egurra ematen! Gaizkile batzuk bagina bezala.
 
- Euskarazko aldizkaririk ez?
 
Euzko Gogoa-ren bilduma osoa dut, eta Gernika ere hartzen nuen, 1940ko hamarkadaren bukaeran hasita. Jon Etxaide laguna nuen eta, Donostian bizi zelako, berak eta besteren batek ekartzen zituzten Iparraldetik, harpidedunei banatzeko. Kartzelan ere egon zen sei hilabetez, Gernika-ren sei alerekin harrapatu zutelako. Ale bakoitzeko hilabete bat!
 
- Jon Etxaide ez zenuen izan zure irakurketetan gidari, edo laguntzaile?
 
Mendian ezagutu nuen. Pirinioetan elkarrekin ibili gara. Aneton elkarrekin egonda gaude! Baina lagun egin ginenean nik ez nekien haren idazle konturik. Euskaltzale zela bai, baina besterik ez. Eta egun batean, Alos Torrea argitaratu zela irakurri eta, hara!, Jon Etxaide, mendiko laguna! Horren ondoren hasi ginen gehiago elkarrekin kolaboratzen.
Jon Etxaidek asko orientatu gintuen: zer gramatika ziren interesgarrienak, literatur gomendioak... Ni mugaz haraindiko idazleei begira jarri banintzen, hangoak ere irakurtzen hasi banintzen, Jon Etxaideri zor diot. Esaten zidan bere ustez mugaz haraindiko idazleak tradizio handiagokoak zirela, ezagutu beharrezkoak zirela.
Hain zuzen, bere Hamasei seme Euskalerriko liburuak, nik eskatuta klandestinitatean emandako hitzaldi bat du oinarri. Eibarren gramatika ikasteko biltzen ginen euskaltzale talde bati euskal idazleei buruzko hitzaldiren bat edo emango zigun eskatu nion. Baietz. Hamasei idazle aukeratu zituen eta mendian eman zigun hitzaldia, egun guztian, goiz eta arratsalde. Egotxeaga pagadian batu ginen, Elgeta aldean, Egoarbitza mendiaren ondoan. Gu apunteak hartzen, eta bi edo hiru mendi muinotan zaindari badaezbada, inor bazetorren aditzen emateko. Ez goardia zibilak etorriko ote ziren. Edozein jende! Arriskutsua zen. Salaketak erraz etortzen ziren.
Mitxelenaren hitzaurre batekin argitaratu zuen gero.
 
- Zer talde zineten?
 
Geure kontura gramatika ikasten genuen. Lehenengo lezioak Don Rafael Artola apaiz hondarribiarrak, Bordariren anaiak, eman zizkigun. Orain etxe batean, hurrengoan beste batean, klandestinoki batzen ginen, gramatika ikasteko, bekatariak bagina bezala. Gerraondoan zen, 1946-48 urteen inguruan.
Andoni Urrestarazu Umandi-rena genuen gramatika liburu onentzat. Etxaidek gomendatu zigun. Baina multikopiatan genuen, argitaratu gabe, eta argitaratzea pentsatu genuen. Erosleak aurkitu genituen euskaltzaleen artean Eibarren, Bilbon eta Gasteizen, edizio justifikatzeko kopurura heltzeko; geure bizkar finantziatu genuen argitarapena, modu horretan. Eta Mitxelenarengana jo genuen, orduan hasi berria baitzen Julio Urkijo Seminarioa, Mitxelenaren eta Irigarairen eskutik. Hura izango zen seguruasko nik Mitxelenarekin izan nuen lehenengo kontaktua. Julio Urkijo Seminarioaren lehenengo argitarapena izan zen Umandiren gramatika.
Agortu egin zen, ordaindu genuen eta zorrik gabe gelditu ginen. Umandik, erbestetik, orrialde aparteko batean dedikatoria bana idatzi zigun taldekooi, gero liburuari itsasteko. Lehen edizioko ale bat badut hemen, 1955ean argitaratua. Hara: «Nere adiskide ona dan San Martin'dar Yon euskaltzale jatorrari, esker onez eta biotzez. Urrestarazu'tar Andoni». Paulino Larrañaga marrazkilariak, gramatika taldeko zaharrenak, egin zion azala.
 
- Lan hauetan zenbiltzala, lantegi berean segitzen zenuen?
 
Bai, baina gero aldatu egin genuen, libreago gelditzearren, irakurtzeko denbora gehiago izatearren. Inportazioko makinaria saltzaile hasi nintzen 1958 inguruan, Abando S.A. Bilboko enpresan. Egunean sei bat ordu eginda bizitzeko modua neukan horrela. Transizio garaira arte iraun nuen, 19 urte. Inportazioko makinaria saltzen genuen, alemana, ingelesa...
 
 
NARANJO DE BULNES HIRU ALDIZ
 
- Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?
 
Inoiz aitarekin ere ibiltzen nintzen, senideen baserriren batera joan ere bai Elgetan edo Eibarren bertan. Eguren baserrikoak ginen gu. Aitari kalean Eguren deitzen zioten. Baina horrek baino gehiago eragin zidan gure goian bizi zen ehiztariaren semearekin nuen adiskidetasunak. Niri ehiza ez zitzaidan gustatzen, eta askotan perretxikotara joaten ginen. Harekin perretxikoak identifikatzen ikasi nuen, eta batera eta bestera ibiltzen. Orduan piztu zitzaidan tokiak ezagutzeko interesa.
Eibarren, han zuloan sartuta, inpresioa egiten zidan tontor batera igo eta ikusten zen panorama guztiak! Ulertu behar da Eibarren mendizale asko izatea, zulo horretan egonda. Ume-umetatik hasi nintzen. Club Deportivoa 1922an sortu zela uste dut, eta ni umetatik sartu nintzen, gerraurretik. Gerra ondoren, berriro martxan jarri genuen.
 
- Iparraldea ere mendiaren bitartez ezagutu zenuela esana duzu.
 
Hori geroago. Muga pasatzea ez zen posible! Nik ez dut izan aukerarik 1951ra arte mugako mendietan ibiltzeko. Pase berezia behar zen. 1951an lortu nuen Pirinioetan ibiltzeko pasea. Hiru errege Mahaia igo nuen, eta gero Aneto. Aurrez atera behar zen pase hori; denboraldi bakoitzeko ematen ziguten. Gero, pasaportea lortuz gero, asko ibili naiz. 1960tik askoz ere gehiago.
 
- 1948an Mendi Altuetako instruktore titulua hartu zenuen, 1949an Eskalada eta Mendi Altuetako saila sortu Eibarko kirol elkartean, eta 1950-54 urteetan Naranjo de Bulnes hiru aldiz igo zenuen, hiru bide desberdinetatik igo ere.
 
Naranjo lehenengo aldiz igo genuenean, baserriko abarkekin egin genuen. Gero, txirukak hasi zirenean txirukekin.
Gogoan dut Naranjora joan ginenetako batean Frente de Juventudes-ekoekin gertatua, goi mendietako taldea bazuen-eta Frente de Juventudes-ek. Campamento Nacional de Alta Montaña zegoen Picos de Europan, eta egun batzuk egiteko asmoz joan ginen. Naranjora igo aurretik Lambrion-era igo ginen lau eibartar. Egun seinalatua zen eta mendizale asko zihoan.
Tiro Tirso tontorrera igo eta pixkatera, han non datozen Frente de Juventudes-eko hiru. Lau eibartarrok euskaraz eta horietako batek: «Vizcainos, aqui estamos en España y se habla español». «Yo estoy hablando español, esta es mi lengua», nik. «Que me dices tu? A ver si vas por el barranco?», berak. Nik erreakzionatu, zutitu nintzen eta: «Vamos a ver quien va primero!». Orduan bere lagunak: «Tranquilo, tranquilo»... Esan nion: «Estoy harto de tener que aguantar estas cosas alla abajo, y llegando aqui en busca de cierta libertad para expansionarme, me va a imponer en que lengua he de hablar? Usted que es un monolingue! Usted se cree que lo único de España es el castellano! Yo hablo euskara y tambien es lengua española, quiera usted o no». Eta baretu ginen.
 
- Mendi Federakuntzak kirol merituegatik zilarrezko domina eman zizun. Zergatik ?
 
Nire historialagatik. Mendi asko igo nituelako, eskalada asko egin nituelako, igo gabeko paret asko, espeleologia ere bai...
 
- Alpeetara noiz hurbildu zinen lehenengoz?
 
1960an. Mont Blancen egon nintzen eta eskalada batzuk egin nituen. Gerora, Suitza aldean ere ibili nintzen, Cervino, Mont Blanc berriro... Emaztearekin igo nintzen gainera bigarren honetan. Mont Blanc izan da igo dudan mendirik altuena. Guk geneukan posibilitateekin ez zen beste inora joaterik. Guk gainera dena gure poltsikotik egiten genuen, orduan ez zen laguntzarik. Frente de Juventudes-ekoei ematen zizkieten laguntzak, baina guri ez.
 
 
MOGELI OMENALDIA, BERTSOLARI TXAPELKETA ETA IKASTOLA
 
- 1950etik aurrerako urteetan populatze masiboa ezagutu zuen Eibarrek. Hamar urtetan bikoiztu egin zen biztanlegoa: 16.300 bizilagun 1950ean, 21.800 handik hamar urtera.
 
Frankismoak mugak itxi zituen, autarkia esaten dena ezarri zuen: nazio barruan egin behar zen guztia, baina industria nahikoa ez zegoen, eta ikaragarrizko lana etorri zen Eibarrera.
Guretzat ekonomikoki ona zen: etorkinak denak pioiak ziren eta espezialistak falta. Ekonomia aldetik ona, baina herria itotzen ari zen toki faltaz. Toki falta eta ezin asimilatu etorkinak. Intentzio bat ere bazegoen: karlistak eta falangistak gutxiengo ziren Eibarren, eta etorkinak ekartzearen alde lan egin zen udaletxetik, lekurik ez zegoela ikusita ere. Gobernu Zibilaren menpe zegoen udaletxea alde horretatik. Viviendas de Cristo Rey erakundea ere bazen. Etxegintza herria ito arte egin zen. Eta Ermua ere hondatu egin zen, Eibarko hiri dormitorio bilakatu zen.
 
- Herriaren erdalduntzea izan zen beste ondorio bat. 1958ko azterketaren arabera, eibartar jatorrikoak gutxiengo zineten (26.300 biztanletik 11.800 eibartar).
 
Baina horren kontra ezin zinen joan. Nik beti esaten dut: gizona da lehenago, edozein hizkuntza, edozein etnia eta edozein zera baino. Baina bolumena handia baldin bada, ez dago asimilatzerik.
Euskalduna zeharo baztertzea gertatu zen. Hor joko bat egon da azpitik. Dudarik gabe.
Humanidade aldetik, agian gutxien inporta duena da. Baina, guretzat, euskaldun bezala, inportantea izan da.
 
- Erdal giroa zen nagusi, baina euskaltzale batzuk lanean hasi zineten, Eibar Kirol Elkartearen babesean.
 
Club Deportivoa gerra ondoren 1940ean hasi zela uste dut. Hasieran mendiko kontuetan bakarrik aritu ginen, baina mendizaleen artean denok ginen erregimenaren oposiziokoak, eta horrek eraman gintuen beste zerbait ere egitera. Giro horretan hasi ginen gramatika ikasten ere.
Urte batzuk geroago, 1957an, sail artistiko-kulturala sortu nuen klubaren barruan, kultur arloko ekitaldiak bultzatzeko. Denborarekin, hitzaldiak, erakusketak, euskara klaseak... antolatu genituen.
 
- Handik gutxira, 1959an, antolatu zenituzten Mogelen omenezko ekitaldiak.
 
Mogeli omenaldia 1959an egin genion, euskaraz hitzaldi batzuk emateko eta euskaltzaletasunari bizitasun pixkat emateko helburuarekin. Ikusten nuen hainbeste inmigraziorekin Eibarren hizkuntza behera zetorrela. Horrek kezkatzen gintuen. Jendea izututa zegoen, asko ez ziren ausartzen euskaraz egitera ere. Batez ere industrian eta ondo kokatutako jendeak, eragozpenak sahiesteko, nahiago zuen gazteleraz egin eibartarren artean.
Ordurako, 1957tik, Euskaltzaindian urgazle nintzen, eta Akademian proposatu nuen bi urtean behin edo biltzarren bat egitea euskal kulturako pertsonaiaren baten inguruan. «Nork debekatuko digu?». Lehenengoa Bilbon egin zen, Azkueren inguruan, eta Eibarkoa bigarrena izan zen.
Orduan, aitzakia hartu genuen Mogel Eibarren jaio zela. Aita markinarra zuen, baina mediku izan zen Eibarren, eta Mogel Eibarren bizi izan zen bederatzi urtez.
Euskaltzaindiaren babesean egin genuen. Alkatea ere konforme zen, eta hitzaldia euskaraz irakurri zuen. Garai haietan ez zen normala herri bateko alkateak jendaurrean euskaraz egitea. Eta euskaltzainen hitzaldien inguruan antzerkiak, dantzak... egin genituen, baina horiek Club Deportivoaren sail kulturalaren lepotik.
Euskal Herri mailako gertakaria izan zen. Kanpotik jende asko etorri zen. Eibarren halako iratzartze bat ekarri zuen, euskararen aldiz lehenengoz orduan agertu zen jende asko. Ordura arte euskarari jaramonik egin ez ziotenak arduratzen hasi ziren. Espero ez genuen jendea ere hurbildu zen, ezagutzen genituenak baina ez genekienak euskaltzale zirenik. «Zu, nik ere nahi dut lagundu. Zer egin nezake?», galdetuz etorri zitzaigun jendea. Iraultza izan zen hura!
Txinako Pingliang-en gotzain izandako Guillermo Larrañaga ere ekitaldietan izan zen. Haurrentzako euskarazko lehiaketa antolatu genuen eta epaimahaiaren nagusi Guillermo Larrañaga gotzaina, Untzaga Plazan, herri guztiaren agerian. Hotz ikaragarria egin zuen egun haietan eta gogoan dut Iraeta plaentxiarrak barrez esan zidala: «Zuek eibartarrok! Zuek! Txinan erre ez duten obispoa, zuek hotzak garbitu behar duzue hementxe!».
 
- Gipuzkoako bertsolari txapelketa ere garai beretsuan antolatu zenuten, ezta?
 
Aurreko urtean Bizkaiko txapelketa egin zen, Euskaltzaindiaren Bilboko biltzarraren inguruan, eta Mogelen Biltzarraren inguruko giroa aprobetxatu zen gerraondoko Gipuzkoako lehenengo txapelketa egiteko. Euskaltzaindiaren izenean antolatu genuen hori ere.
 
- Eta ondoren, Eibarko ikastolaren sorreran aritu zinen buru-belarri.
 
Josu Oregik Bergaran eta nik Eibarren bultzatuta, Donostiatik kanpoko lehenengo bi ikastolak sortu genituen, garai hartan baita ere.
Eibarren eskola falta handia zegoen, publikoetan ez zuten denek lekua eta pribatuetara bidali behar zituzten gurasoek. Pribatura joatekotan, zergatik ez ikastola? Gramatika taldean ibiltzen zen Jose Luis Ugarteburuk adiskidetasun handia zuen Javier Eguren alkatearekin, eta biok joan ginen asmoa agertzera. Egiteko esan zigun: «Baimena eskatzen hasten bagara, arazoak izango ditugu. Zuek egin! Eta eragozpenik etortzen bada, etorri niregana». Familia karlistakoa zen alkatea, baina oso gizon ona, eta lagundu zigun.
Ikastola 1960an sortu zela dio ikastolaren liburuak, baina nik datuak lehenagokoak ditut, eta inor ibili baldin bazen ni ibili nintzen: 1959an sortu zen ikastola. Pisu batean hasi ginen.
Indartzen hasi zenean, 1961ean edo, bururatu zitzaidan gurasoei diru eskaria egin, eta horien diruarekin lokala erostea; kreditu sarrera ordaintzeko adina diru lortzea, behintzat. Bigarrenarengana joan nintzenean, esan zidan bera prest zegoela 100.000 pezeta jartzeko, eskaera askori ez zabaltzeko baldintzarekin, arriskutsua zelako. Nahikoa zirela lau pertsona. Bik 10.000na jarri genuen eta beste batek 20.000. 100.000 eman zuenak, gainera, interesak berak ordainduko zituela hitz eman zuen. Horrekin hasi ginen.
Lokal bikoitza erosi genuen, bi ikasgela egiteko. Inauguraziora parrokoa eraman genuen bedeinkazioa ematera, alkatea ere etorri zen, prentsara agiria bidali genuen... ez genuen klandestino itxurarik eman nahi.
Eta Donostiako Elbira Zipitriak ohar bat bidali zidan, Irak goitizenarekin sinatua, ea ikastola guztiak galdu nahi ote nituen eta eurak ere salatu egingo nituela esanez. Nik ez nekien Irak hori nor zen, eta Jose Migel Zumalabek argitu zidan. Donostian ere irekirik aritzeko gogoa zutela aitortu zidan Zumalabek, baina Zipitriak kandestinoki jarraitu nahi zuela, halako misterio bat emanez. Zumalabek ondo ikusten zuen gure bidea.
 
 
OTSALAR, POETA EZKUTUA
 
- Idazten, erdaraz eta mendiaz hasi zinen.
 
1951n hasi nintzen, Eibar CD boletinean eta Pirenayca-n. Orduan ez neukan nahikoa gaitasunik euskaraz idazteko eta, gainera, arazoak zeuden euskaraz argitaratzeko. Pirenayca-n Naranjo de Bulnes-era lehenengoz igo ginenean eskatu zidaten horren kronika egiteko; hura izan zen Pirenayca-ko nire lehenengo artikulua.
 
- Bost urtera euskaraz hasi zinen, Eibarko Kirol Elkartearen buletinean. Zuzendari ere izan zinen 1958-61 urteetan.
 
Zuzendari nintzela zenbaki guztietan gutxienez euskarazko artikulu bat sartzea nuen helburu: batean atletismoari buruz, hurrengoan pilotari buruz... neuk idazten nituen euskarazko guztiak. Eta hori egin ahal izateko euskarazko artikulua erdarara itzuli eta bi bertsioak zentsurara eraman behar izaten nituen. Zentsuraren Eibarko ordezkariak bezekien euskaraz, baina esaten zidan konstantzia geldi zedin erdaraz ere bidali behar niola.
 
- Eibar aldizkarian ere idatzi zenuen euskaraz.
 
Eta bilatu ere bai lanak, Eibarrekin zerikusia zeukatenak. Eibarren ferrokarrila inauguratu zuteneko oso bertso politak daude Arrese Beitiarenak: horiek topatu, makinaz idatzi eta bidali. Baita ere egin nuen, Mogelen inguruan antolatu genuen biltzarra zela eta, joan zen mendeko eibartar euskaltzaleei buruzko bi orrialdeko idazlana: herriko mediku printzipala, Agirre, Mogel, aita Galdos...
Oraindik jarraitzen dut kolaboratzen.
 
- Euskal aldizkarietan noiz hasi zinen?
 
Euskaraz lehen-lehenengoak Bermeoko Anaitasuna-n egin nituen, 1950 edo 1951 inguruan. Frantziskotarrek egiten zuten, Imanol Berriatuaren eskutik. Eibarko umorezko anekdota batzuk bidali nizkion, grazia egin zioten Berriatuari, eta argitaratu zituen. Eibarko bizkaieraz idatziak zeuden. Animatu egin ninduen horrek. Ez naiz gogoratzen zein goitizenez sinatu nuen.
Euzko Gogoa-n, berriz, aldizkariko idazlan batzuei buruzko iritzia emanez gutunen bat bidali nion Zaitegiri Guatemalara, eta argitaratu egin zidan. Anaitasunako lehenengoarekin bateratsu izan zen. Idazteko esan zidan Zaitegik, grazia neukala eta animatzeko. Berak egingo zizkidala zuzenketak. Ni Zaitegik bultzatu ninduen idaztera.
Era guztietako artikuluak idatzi nituen Euzko Gogoa-n: hizkuntzari buruzkoak, etnografikoak... Euzko Gogoa-n ahalegindu nintzen euskara batuan edo Azkueren teoriako gipuzkera osotuan egiten, edo horretara hurbiltzen.
 
- Pirenayca-n zuk idatzi zenuen lehenengoz euskaraz.
 
Jose Uria Pirenaycako zuzendari zenean, euskaraz idazteko eskatzen zidan. Toponimiari buruz-eta idazten nituen, eta Alpeetan ibili nintzenean, Cervino igo nuenean, «Alpes mendiak zehar» saila idatzi nuen.
Badakit kexu diskretu bat izan zuela Uriak. Euskal federazioko buru eta Espainiako buruorde zen Sopeñak idatzi zion euskarazko gauza gehiegi argitaratzen ari zela esanez. Falangista zen Sopeña, baina utzi zigun.
 
- 1964ean Lauaxeta kazetari saria eman zizuten, Baionan bildutako Euskal Idazleen Elkarteak.
 
Aurrenekoa izan zen. Gero Rikardo Arregiri eman zioten. Orduan Zeruko Argia-n gaiak gehienetan elizkoiak izaten ziren, eta nik beste era bateko lanak idatzi nituen, garai hartarako oso bereziak zirenak. Urte hartan Alpeetara joan nintzen, eta Aostan egon nintzenez, artikulu bat egin nuen bertako autonomiaz eta elebitasunaz. Mendiko ibilaldiei buruz ere idatzi nuen, nondik nora ibili nintzen, eta Suitzako Konstituzioari buruz ere bai. Gehienak Zeruko Argia-n argitaratu nituen, baina ez denak. Aostarena, esate baterako, Jakin-en. Jakin-en ere kolaboratu izan dut.
 
- Poesia non hasi zinen argitaratzen: Onaindiaren Olerti-n edo Zaitegiren Euzko Gogoa-n?
 
Lehenengoak Euzko Gogoa-n, uste dut, eta gehienak Olerti-n. Egan-en ere bai batzuk.
Poema itzulpenak ere argitaratzen nituen, baina nireak ziren gehiago, Otsalar ezizenarekin. Nire poemarik gehienak, orain Giro Gori liburuan bildu ditudanak, Euzko-Gogoa-n etaOlerti-n argitaratuak dira.
 
- Olerki muinari buruzko solasa separata gisa argitaratu zizun Olerti-k 1964ean. «Larreako olerki-jaian irakurritako lana» dela dio azalean.
 
Olerti eta Karmel aldizkarietako kolaboratzaile, harpidedun eta euskaltzale batzuekin urtero egiten genuen bilera Larrean. Santiago Onaindiak eramaten zituen bi aldizkariak. Nik bietan idatzi nuen: Olerti-n batez ere, baina Karmel-en ere bai artikuluren bat edo beste. Eta urte batean Onaindiak eskatu zidan poesiaren kontzeptuei buruz hitzaldia ematea. Eman nuen eta argitaratu egin zidaten.
 
- Otsalar ezizenaren atzean ezkutatuta egon zinen urtetan. Hara zer idatzi zenion Mitxelenari 1964ko gutun batean &emdash;KM Kulturuneko artxiboan dago jasota gutuna&emdash;: "Otsalar nire adiskide miña da zure iritziagandik urbillen dabillena, ta zuk ere jakin nai zenuke ori nor dan. Zuzen ez badira ere, tiro guziak neregana datoz, nik berriz eskuak garbitu nai. Berak bere burua ixiltzen duelarik nik zertan azalduko det bat? Asarretuko litzaidake. Ixiltze horrekin, alde batetik baditu bere arrazoiak. Gure artean, zoritxarrez, zer esaten duan baño nork esaten duan askozaz ere geiago begiratzen baita. Ta, Otsalarrek naiago du arbola bere fruituagandik ezagutu eta ez azalaren anatomiagatik. Beraz, gaurkoz, ni nago egoera larrian, ta alde batetik naiago nuke noiz bait bere burua agertuko balu. Ez naiz ni bakarra ura zein dan dakiena, baña bai ni bakarra erbestean ezagutzen dan euskaltzalea. Inoiz Egan-erako bere lanik naiko bazenu, eskatu. Orren alperra ez balitz lan politak egingo lituke. Beti naiz bere bilduma batekin liburu bat osatzeko gogoz, baño uste det inoiz ez dedala lortuko. Bere alperkerian eta pesimismoan eroria dago".
 
Hori ahaztuta neukan! Jakin izan banu Giro Gori-ren hitzaurrean agertuko zen!
Aresti ere kezkatuta zegoen, Otsalar hori nor zen ez zekiela eta. Irakurriko dizut Arestik zer idatzi zuen 1960an, Egan-en: «Larrean argitaratzen den Olerti errebistan poeta bat agertzen zaigu, zeineren izenik edo kondiziorik ez dudan nik ezagutzen birrizen batekin eskribatzen duelako: Otsalar. Gauza sakonak eta kementsuak egiten ditu, bortitza da, entelegetsua, adimentsua, zeru muga zabaleko poeta. Lasai dabil poesia gorenengo alor aberatsetatik. Baina formarekin egiten dugu oztopo. Badaki kopla nagusi bat zer ez den ere ez dakiela. Otsalar, funtsaren aldetik, ezin hobea da».
1964an asmatu zuen Arestik Otsalar neu nintzela. Nik ez nuen aitortu, berak asmatu zuen. Hizketan ari ginen eta: «Otsalar zu zara!». Zer ba? «Zurekin elkarrizketa asko izan dut, eta zure pentsamendua eta harena berdinak dira. Erlijioko kezkak, existentzialismo kezkak... zu zara». Eta aitortu nion.
Poema batzuk, garai haietarako, oso aberkoiak ziren, oso konprometigarriak. Euzko Gogoa-n publikatu nuen lehendabizikoa «Aberrimin» izan zen, 1954ean: «Askatasun bidea / guretzez betea. / Ekaizpe batean / nire haurtzaro: / mendietan anaiak / milaka herio. / &emdash;Amatxo, gizonak / guduka, zergatik? / &emdash;Herri baten arnasa / iraun nahirik. / Kixkaldurik zeru eta lur. / Etsaiak oinperatu / euskal-ikur. / Espetxean odol, / atzerri itunak; / etorkizun uxatuak / darabiltz euskaldunak. / Lehenak irakatsi. / barnean txertua, / gaztediari ager / maita-sua. / Euskal gogoa / ez da hil! / sentz berria / ernai dabil. / Euskadiren izaera / bihotzean sumin. / Sendetsi gazteok, / herria esna dadin! / Askatasunez bidea / gurutzez betea, / Aberria, Aberria! / Tori nire bizia».
Hau idatzi eta zelan emango nuen nire izena? Goitizenarekin hasi nintzen, eta segi.
 
- «Poeta bat agertzen zaigu» zioen, beraz, Arestik.
 
Poesia aldizkari batean "poeta bat agertzen da" esaten badu, esanez bezala "besteak ez dira"... Erromantikoak eta liriko-lirikoak ziren Olerti-n agertzen ziren besteak. Hala ere, salbuespenen bat edo beste egingo nuke, bereziki, Juan Inazio Goikoetxea Gaztelu-rekin. Hau behintzat gure olerkaririk bikainenetakoa da.
 
- Otsalar «alperkerian eta pesimismoan» eroria zegoela idatzi zenion Mitxelenari.
 
Pesimismoarena, egia da. Eta bestetik, ezkutatu nahia dago. Baina nik nahiago nuke libreago egon izan banintz. Euskarak hainbeste premia izan ez balu, gehiago dedikatuko nintzatekeen literaturara. Eleberri bat egiten ere hasi nintzen, eta bertan behera utzi nuen. Euskaltzaindian idazkari hasi nintzenetik ez dut izan denborarik ezertarako.
 
- Txabi Etxebarrietari idatzitako bertsoa ezaguna egin zen bere garaian.
 
Txabi Etxebarrieta hil zutenean, mezetan kantatzeko bertso bat egiteko eskatu zidan ETAko batek. Eibarko karmeliten elizan abestu zuten: «Gorde nahi dugu lehengoa, / Lege zaharrak hemengoa, / Euskal Herriak izango badu herri bezala geroa». Arratsalde baten egin nuen. Iluntzean eskatu eta hurrengo egunean eman. «Xabier zuen izena, / Egiazkoa izana, / Oroit zaitezte anai guziok, Euskadigatik hil zena. / Benta Handiko hilketa, / Dago mendekuz beteta, / Erruki gabe hil dutelako anai Etxeberrieta». Bereterretxeko doinuarekin kantatzeko esan nion. «Idea garbiz jantzia,/ Eskaini zuen bizia: / Jaun zerukoak eman dagiola hemen ez den justizia. / Euskal semeok isilik, / Ez gero egin nigarrik, / Haren gogoa bizi den arte, esperantza du Euskadik». Pentsa ezazu, honek kristorena armatu zuen! Gero, tarjeta batean edo erabili zuten, egilea nor zen adierazi gabe noski.
 
- Giro Gori-n bildu dituzu orain aldizkarietan sakabanatuta zenituen poemak. Zure lehen poema liburua da, azken batean.
 
Hiru urte pasa ditu Felix Marañak liburu hau egin nahi zuela esan zidanetik eta eskuartean nituen lanak bukatzean hasi nintzen nire poemak batzen. Ez nuen uste hainbeste neuzkanik!
Maiteminezko batzuk badaude, gaztetako gauzak... Denak sartu ditugu, aukera egin gabe, zintzotasunez. Aldizkarietan argitaratutakoak dira gehienak, baina argitaratu gabe utzi nituen batzuk ere sartu ditugu: h-ren auzia zela eta idatzi nituen batzuk, esate baterako. Euskaltzaindiko idazkaria nintzelako ez nituen argitaratu, probokazioa izango litzatekeelako.
 
 
ARTIKULUGILE JORIA
 
- Euskaltzain zaren aldetik, Euskera agerkarian argitaratu dituzu zure lanetarik gehientsuenak. Baina hortik kanpo makina bat artikulu agertu duzu hango eta hemengo aldizkarietan. Aranzadi elkartearen Munibe-n, esate baterako.
 
Batez ere dolmenen aurkikuntzen ingurukoak eman ditut hor. Zaraian aurkitu nituen dolmenak lehendabizikoz eta, gero, ustekabean leku askotan. Ernion, esate baterako.
Espeleologiaz ere zerbait argitaratu dut Munibe-n. San Martineko lezara egindako espedizioez bi lan egin nituen. Han guk aurkitu genuen leizearen jarraipena, 90 metroko eskalada egin eta gero! Leizea bukatutzat emana zuten frantsesek. Aurkitu genuen salari Aranzadi izena eman genion. 1960 inguruan edo lehentxoago izan zen hori.
Oviedoko Unibertsitateak ateratzen zuen Espeleo-n ere espeleologiako ikerketa batzuei buruz argitaratu nuen zerbait.
 
- Barandiaranen Eusko-Folklore urtekarian ere egin zenuen lanik.
 
Barandiaranek hitzaldi bat eman zigun, eta gerra ondoko bigarren tomoa &emdash;1936an desagertu ostean 1955ean agertu zen berriro&emdash; artzaintzari buruz egin nahi zuela esan zigun. Zaraiako artzainekin egon nintzen, Barandiaranen inkestak egin nizkien, txabolen planoak egin, inguruak ere bai, argazkiak atera... eta lan bat egin nuen: «La vida pastoril en Zaraia». Gero beste lan batzuk egin nituen.
 
- Jose Maria Satrustegik zuzendutako Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarietan zer lan plazaratu dituzu?
 
Lehendabiziko semeari Unai jarri nion izena baina Eibarko juez nafar batek ez zidan izena onartu nahi. Orduan ikerketa egin nuen: Nafarroan Unai izena noiz eta nola agertzen zen. Eta oso gauza bitxiak aurkitu nituen: Xabierko San Frantziskoren iloba batek Unai zuen izena. XII. mendetik hasi eta azkena joan zen mendearen bukaeran Luzaiden aurkitu nuen, hau Satrustegiri esker. Epailearen aurrera joan nintzen lan argitaratuarekin eta Bilbon eta Bergaran Unai izena berri jarri zuten biren zertifikatuekin. Zertifikaturik ematen ez bazidan epaitegietara bera eramango nuela esan nion.
Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra-n Erronkariko kanten bilduma atera nuen. Inork baino gehiago aurkitu nituen! Azkue ibili zen han eta beste batzuk ere bai gero, Mitxelena bera ere bai, baina ni kanten bila bakarrik joan nintzen. Eta antz eman nien batzuei bazutela zer ikusia Zuberoko kanta batzuekin. Beraz, horien sarrerako hitzak aipatzen nizkien eta beraiek ondotik bertso osoak kantatu.
 
- Donostiako Hoja del Lunes-en luze aritu zinen, astero artikulua argitaratzen, frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren lehenengoetan. Gogoz (1978), Bidez (1981) eta Landuz (1983) liburuetan bildu dituzu artikuluok.
 
Lehenengo hamabostean behin eta gero astero aritu nintzen, beti euskal kulturari buruz idazten 1971tik 1983ra arte. Hiru liburu horietan selekzio bat ageri da, ez artikulu guztiak. Azken-azkenak sartu gabe daude.
Gogoz egiten nuen, eta zuzendaria ere pozik zegoen, asko irakurtzen ziren eta. Euskal gairik ez zen ezer argitaratzen orduan, ez behintzat halako zabalkunde handikorik: astelehenetan ez zen beste prentsarik, egunkaria nahi zuenak Hoja del Lunes baino ez zuen aukeran.
Diario Vasco-tik ere egin zidaten eskaintza: Hoja del Lunes uzteko eta beraiek gehiago ordainduko zidatela. Hoja del Lunes-ekin leial jarraitu nahi nuela erantzun nien orduan. Baina Hoja del Lunes itxi ondoren prest agertu nintzaienean, ez zuten nahi izan, askoz gutxiago eskaini zidaten. Aurreko eskaintza euren arteko gerragatik zela ohartu nintzen, nik konpetentzian ez idaztea nahi zuen Diario Vasco-k, berean idaztea baino gehiago.
Baina noiz behinka kolaboratu nuen baiDiario Vasco-n eta bai La Voz de España-n. Idazten hasi nintzen garaian lehiaketa bat bazen La Voz-en: «Narraciones de itinerarios». Artikulu argitaratua artikulu ordaindua, izaten zen. Selekzioa egiten zuten. Bidalitako guztiak argitaratzen zizkidaten, eta bidaltzeko eskatu ere egiten zidaten.
 
- Hoja del Lunes-erako idaztean nola konpontzen zinen zentsurarekin?
 
Zentsura norberaren buruari egiten zaio lehenengo. Zuzendariak babestu egiten ninduen gainera. Ez nuen politika gaiez idazten, kulturaz aritzen nintzen, eta horrela inork ezin zuen moztu. Tarteka, historiari buruzko zerbait, foruen arazoren bat, hurrengoan pertsonaiaren bat mendeurrena edo betetzen zenean... Gai desberdinekin jausika.
Nik, gainera, gai politikoak beti sahiestu ditut. Politikan beraiek egin dute nire kontra, baina nik ez dut politikarik egin. Orduan sahiestu egiten nuen, eta orain gehiago.
 
- Egan-en zuzendari izan zara urtetan, Koldo Mitxelenarekin elkarlanean.
 
Lehendik ere asko kolaboratzen nuen eta, Irigarai hil zenean, Mitxelenak eskatuta hartu nuen zuzendaritza. 1983an hasita, 1989an Ararteko izendatu ninduten arte izan nintzen zuzendari, Mitxelenarekin batera. Baina bera Salamancan zegoen eta nik egiten nituen zuzendari lanak. Mitxelena beti informatzen nuen eta, zerbait argitaratu edo ez zalantza nuenean, beti kontsultatzen nion.
Egan-en kolaboratzen aspaldi hasi nintzen, 1959-60 inguru horretan, Mitxelena, Arrue eta Irigarai Egan-eko arduradun zirela.
Literaturaren inguruko artikuluak idatzi izan ditut Egan-en gehienbat, eta euskararen kontuak, «Adabakiak» sailean. Ipuin edo narrazio batzuk idatzi nituen goitizenen batekin, eta poemak edo poesia komentarioak, Otsalar izenarekin.
Baina literatur kritika baino komentarioak idatzi izan ditut, kritika positiboak, nahi baduzu. Negatiboa egin baino nahiago dut ez egin. Sarri, liburu asko ez ditut aipatu ere egin, ez dudalako nahi izan, minik ez emate arren. Sarri egiten nuen erdi broman, umorez, zeharka zerbait kritikatu, zeren, gure literaturan, gauza asko pisudunak dira.
Gaur egun ere segitzen du Egan-en idazten, batez ere «Adabakiak» sailean.
 
- Joan Mari Torrealdai Jakin-en baino lehenago, zu hasi zinen euskarazko liburuen katalogoa egiten urtero.
 
Jose Artetxegatik izan zen hasiera: Gipuzkoako Diputazioan bilbiotekario zenez, urteko liburuen zerrenda eskatu zioten Zeruko Argia-tik, eta argitaratu. Liburuak falta zirela ohartu eta gutun bat idatzi nion, hau eta hau falta zirela esanez. Erdiak falta ziren! Hori ikusirik, hurrengo urtean ni hasi nintzen. Zeruko Argia-n hasi nintzen, ez naiz oroitzen noiz. Zeruko Argia-k, gerrondoko guztiak, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekara eman nituen. Gero Hoja del Lunes-en egin nuen urte batzuetan. Jendeari irakurketarako materiala ematearren egiten nuen.
 
- Poesian Otsalar ezizena erabili duzu. Zein goitizen baliatu dituzu artikulugintzan?
 
J. Egiguren eta Egigurendarra erabili izan nituen, Egan-eko ipuin eta narrazioetan batez ere. Nire aitona Egiguren baserrian jaiotakoa zen eta gurasoak ere, Egigurendarrak. Eibarren Eguren esaten da, laburtuta, baina agirietan Egiguren agertzen da.
Mendiko gauzetan Auñamendi erabili nuen asko. Eta Eibarko Kirol Elkarteko aldizkarian goitizen asko erabiltzen nituen: Kirolzale, Auñamendi, Giovanni... Hauek Eibar aldizkarian ere erabili nituela uste dut.
Zeruko Argia eta besteetan normalki nire izenarekin sinatzen nuen.
 
 
LIBURUZ LIBURU
 
- Aipa ditzagun zuk argitaratutako liburuetako batzuk. Mogel. Bere bizitza eta lanak izan zen lehenengoa (1959).
 
Eibarko biltzarrean emandako hitzaldia zen. Euskera-n publikatu zen besteekin batera, baina liburu bezala argitaratu nahi nuen, Eibarren zabaltzeko. Sarreratxo bat egin nion, bibliografia gehitu eta, nire poltsikotik ordainduta, 500-600 ale atera nituen. Itxaropenan argitaratu zen.
 
- Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965) etorri ziren gero.
 
Urruzunoren Ipuinak ezagutzen nituen, umorezkoak, oso politak. Jon Etxaidek ere badu, Zirikadak baino lehenagokoa, Fernando Plaentxiarra. Etxaidek umorezko bilduma egin behar zuela jakin nuenean, Eibar eta Plaentzia artean anekdota umoretsu asko direnez, gutunez bidali nizkion batzuk, gipuzkeraz. Eta berak zeuden bezala argitaratu zituen Fernando Plaentxiarra liburuarenn amaieran, nik bidali nizkiola aitortuz.
Horrek animatu ninduen. Nik ere egin nezakeela hori pentsatu nuen, Eibarko euskaran gainera, horrela Eibarko jendea euskaraz irakurtzen jarriko bainuen. Historian lehenengo aldiz mila pertsonak euskaraz irakurri zuten Eibarren! Pertsonaia asko ezagunak ziren herrian eta barrez aritu zen jendea.
Berehalaxe etorri zitzaizkidan berriak kontatzen: «Hi, nirea ez duk sartu!», edo «ez dakit halakoa?»... Hortik, bigarren liburua: Eztenkadak.
 
- Orixek berak kritika ona egin omen zion Zirikadak liburuari.
 
Karmel-en argitaratu zuen. Aita Onaindiarekin Eibarren topo egin eta Orixek nire liburuari buruz idatzi zuela esan zidanean, beldurtu egin nintzen. Eskuan zeraman Karmel atera berria eta, irakurri nuenean, harrituta! Oso ondo jartzen zuen: bizitasuna zuela eta abar. Gerora, Orixe ezagutu nuenean Lasartera bisitan joanda &emdash;Aranalde ilobarekin zegoen bera&emdash;, esan zidan inoiz ez zuela hainbeste barre egin liburu bat irakurtzen. Eibarko euskaran idazten segitzeko esan zidan.
 
- Zentsurarekin arazoak izan zituen Zirikadak liburuak.
 
Pasadizo batzuk zentsuratu egin zizkidaten. Esate baterako, pilotari izan zen bat kartzelatik atera, joan frontoira eta, emozionatuta, begira eta begira ari da. Lagunak esaten dio: «Bueno, bueno, hau lehengo moduan dago». Eta berak: «Ez! Koadro bat gehiago». «Zelan? Lehen hamabi koadro zeuden eta orain ere hamabi daude!». «Eta han goikoa? Francoren koadroa!». Hori kendu arazi zidaten.
Beste bat ere bai. Eibartar batzuk atxilotu dituzte eta, «Zeintzuk dituk?», sozialistak batek, eta non ikusten duen atxilotuen artean Gonzalo Sarasua, abertzalea baina moderatua eta oso elizkoia. «Gureak egin dik! Apostoluak ere preso sartzen hasi dituk!». Hori ere zentsuratu egin zidaten.
Toribio Etxeberriaren Ibiltarixanak liburuan ere zati bat kendu zuen zentsurak. Gero, zati zentsuratua, Egan-en argitaratu nuen.
Nire beste liburuetan neuk egiten nuen zentsura! Ez zegoen beste erremediorik!
 
- Segi dezagun zure liburuekin: Escritores Euskericos argitaratu zenuen 1968an, garai hartan asko hedatutako liburua.
 
Tirada handia izan zuen eta agortu egin zen, bai.
Batetik, euskal idazleak zenbat zeuden eman nahi nuen aditzen erdaraz, eta gainera, denak ez zirela apezak adierazi. Argazkietan saiatu nintzen tranpatxo bat egiten, nahi baduzu: seglar gehienei argazkia eskatu, eta apaizei gutxiago. Idazle asko seglarrak zirela ikusten da liburuko argazkietan.
Bakoitzak zer liburu zituen, zer aldizkaritan argitaratu zuen, zein goitizen erabili zituen, ikasketak, ogibidea... eta bukaeran euskarara itzulitako autore unibertsalen zerrenda zetorren, eta nork itzuli zituen.
Auñamendira eraman nuen aurrena, baina lan handia zuela eta, presa nuenez, Retanari bidali nion: Gran Enciclopedia Vasca-n argitaratu zuen.
 
- Euskal poesiaren antologia bat Katalunian argitaratzeko asmoarekin ibili zinen Bauça idazlearekin. 1964ean Mitxelenari gutuna bidali zenion, antologia horretan zein sartu iritzia eskatuz eta zurea emanez: «Onaindia eta Zaitegi baztertu? Ta, zergatik ez? iritzi orretakoa naiz. Gañera, eztet nik baztertu bearrik. Seguru nago catalunyarrek baztertuko dituztela», idatzi zenuen.
 
Poeta berriak nahi baitzituzten Antologia horretarako. Baina azkenean ez zen atera. Eta Bauçak berak selekzionatutako lau poetekin antologia prestatu nuen honako, Kataluniarako egindako lanean oinarrituta. Auñamendira bidali nuen antologia, itzulpen eta guzti argitaratzeko. Lehenengo baietza eman zidaten, baina ikusi zutenean poemen gogortasuna, ez ziren ausartu. Aresti, Azurmendi, Mikel Lasa eta nire poemak ziren, Bauçak selekzionatuta. Hitzaurrea Oteizak egin zion, eta epilogo labur bat Blas de Oterok. Lastima izan zen ez argitaratzea, garai hartan kolpe ikaragarria izango zen eta.
 
- Eta handik laster atera zenuen Uhin Berri (1969), poeta gazteen antologia.
 
Jimenez Martos poetak Espainiako literaturaren antologia bat ateratzen zuen, eta euskal poeta batzuen lanak bidaltzeko eskatu zuen. Bidali genituen, argitaratu zituen, eta hitzaurrean idatzi zuen euskal idazleak ordura arte beren munduan itxita egon zirela eta bazirudiela mundura irekitzen hasi zirela; harrituta geratu zela, eta horrelakoak. Hori izan zen nik Uhin Berri, euskal poeta gazteei buruzko antologia, egiteko motiboa.
Adinez muga ipini nuen, 1930az geroztik jaioak &emdash;Otsalar kanpoan uzten nuen horrela&emdash;, eta poeta bakoitzari sarreratxo bat eta fitxa bat egin nion. Hor ikusten zen bata zegoela Friburgon (Ramon Saizarbitoria), bestea Erroman (Juan Mari Lekuona), bestea Alemaniako Munster-en (Joxe Azurmendi), bestea Belgikan (Mikel Lasa), Parisen (Txato Agirre)... eta Ibon Sarasola hemen zegoela uste dut. Orain nork esan behar du euskal idazleak itxita gaudela? Efekto hori eman nahi nuen, momentuko poesiaren antologia egiteaz gain, noski.
 
- Handik bi urtera prosa lanen bilduma argitaratu zenuen: Hegatsez (1971). Zerk bultzatuta?
 
Euskaraz orotariko gaien gainean idatz zitekeela erakutsi nahi nuen, euskaraz Elizako liburuak baino ez zeudela eta horrelakoak entzuten bainituen maiz. Momentuko idazleak ezagutzen nituenez, zerrenda egin eta artikulu bana eskatu nien, gai jakin bati buruz batzuei, nahi zuten gaia hartuta beste batzuei, eta lehendik argitaratutako artiukuluren bat beste batzuei.
Nire iniziatiba izan zen, eta Serafin Basaurik lagundu zidan behar bezala osatzen. Orduan prosan idazten zuen jende guztia agertu zen hor: Akesolo, Altuna, Txillardegi, Rikardo Arregi, Amatiño, Urruzuno, Aresti, Julene Azpeitia, Mari Karmen Garmendia, Bozas Urrutia, Gereño, Haritxelhar, Intxausti, Irigarai, Lafitte, Kintana, Izeta, Landart, Laspiur, Lekuona, Letamendia, Lete, Lizundia, Minaberri, Mirande, Santi Onaindia...
Itxaropenan argitaratu zen, «Kulixka» sortan.
 
- Tartean ikerketa eta bilduma-liburu ugari atera dituzu, eta orain gutxi, 1998an, Euskararen ostarteak.
 
Horrelako lanak premiazko ikusten ditudalako argitaratu dut, euskararen defentsan huts handi bat dugulako informazioaren aldetik.
Erdia, «Euskararen inguruan» izeneko zatia, 1969koa da. Lur-en antologia batean publikatu zidaten: Euskal Elerti 69. Baina lapurtu egin zidaten: nire zirriborroa Arestiren eskutik heldu zitzaien, eta nik zuzenketarik egin gabe atera zuten. Orain konpondu, zuzendu eta falta diren zatiak gehituz atera dut.
Orain idatzi dudan zatietako batean &emdash;«Euskararen Ostarteak», euskaltzale izatera zerk eraman ninduen azaltzen dut. «Euskararen alde onak eta txarrak» ere berria da.
 
- Zure azken lana Hondarribiko parrokiaren ikerketa da, aurten (1998) argitaratua.
 
Inprimatu berria da. Erdaraz egin dut originala, dokumentuak gazteleraz bainituen % 80tik gora. Diputazioan itzuli egin dute euskarara, eta bietara argitaratu da.
Besteak beste, XII. mendeko arkibolta erromaniko baten zatia Elizaren oinarrietan. XII. mendeko elizaren agiriak ere aurkitu ditut. Oraingo eliza gotikoa da, lehengoa bota eta gotikoa egin baitzuten.
 
 
KANPAINA BULTZATZAILE EUSKALTZAINDIAN
 
- Egin dezagun atzera denboran, Euskaltzaindira hurbildu zinen garaira. 1956an Eibarko hitz teknikoen bilduma osatu eta akademiara bidali zenuen. Hori izan zen lehen harremana?
 
Ezagutzen nituen euskaltzain batzuk, baina ez nuen harreman handirik. Gerraurretik zetozenen lanak irakurtzen nituen, baina besterik ez.
Lantegian atentzioa ematen zidaten hitzak bildu nituen, zerrenda egin eta erabilerari buruzko azalpen bana idatzi nien, testuingurua ipiniz. Euskera aldizkarian argitaratu zen. Handik laster, 1957an, urgazle izendatu ninduten.
Ondoren etorri ziren Mogeli buruzko biltzarra, bertsolari txapelketa... eta Euskaltzaindiko batzarretara joaten hasi nintzen. Ez beti, noizik eta behin bakarrik, batzarrera joateko lana galdu behar zenuen eta.
 
- «Euskaltzaindiaren lagunak» kanpainaren bultzatzaile izan zinen.
 
Urgazle nintzen garaian izan zen. Euskaltzaindia diruz gaizki zebilen, Euskera argitaratzeko ere dirurik ez zegoen. Bizkaiko Diputazioak miseria bat ematen zuen, eta besteetan ate joka ibili behar. Gerraurrean egin zen «Euskaltzaindiaren Lagunak» izeneko kanpaina, enpresarioei etadirua zeukan jendeari dirua eskatzeko, eta haren moduko kanpaina egitea pentsatu nuen, izen berarekin, 1959. urtean. Ekintza honen zenbait xehetasun eman nuen Josu Oregiri egin nion hilberrikoan (ikus Euskera, XL, 1995, 1155. orrialdean).
Euskaltzale jendearekin harremanetan jarri nintzen. Donostian Jon Etxaideren esku utzi nuen eta Iruñean Diez de Ulzurrunen esku. Bilbon ez genuen konfiantzako inor. Nik Eibarren ezagutzen nituen enpresario euskaltzaleak eta Eibartik kanpo ere bai, inportazioko makinaria salduz egiten bainuen lan. Laguntzaile izateko gutxienez mila pezeta eman behar ziren urtean, baina batzuek gehiago ematen zuten. Gehiena Bergarako Josu Oregik: 5.000 pezeta. Euskera argitaratzeko eta hileroko batzarretara joaten zirenen bazkariak ordaintzeko adina bildu genuenean, gelditu egin ginen.
Baina kanpaina zela eta ni batetik bestera ibili nintzen batzarrak eginez, eta nire jarraika hasi zen Goardia Zibila. Telefonoa kontrolatua neukan. Eta gerora, orain gutxi arte!, arazoak izan ditut horregatik: Carrero Blanco hil zutenean pasaportea baliogabetu zidaten, Hondarribian etxea miatu zidaten goardia zibilek Aberri Egun batean, pintxazoak kotxean ez dakit zenbat aldiz... Kotxeari gurpil bat kendu eta itsasora bota zioten batean, goardia zibilak horrelakoak egiten ari ziren susmoa zutela esan zidan Hondarribiko alkateak eta, orduan gobernadore zen Julen Elgorriaga ezaguna nuenez, harengana jo nuen. Ahal zuena egingo zuela esan zidan, eta geroztik ez dut arazorik izan. Horrek erakusten du goardia zibilak zirela niri arazoak sortzen zizkidatenak. Demokrazian! Eta hori guztia, «Euskaltzaindiaren Lagunak» mugimendua sortu nuelako.
 
- Azkue, 1951an hila, ez zenuen ezagutu. Urgazle zinela Ignacio Maria Etxaide zen euskaltzainburu. 1964an izendatu zintuzten euskaltzain oso, Lojendio buru zen garaian.
 
Lojendiok denbora gutxi iraun zuen...
 
- 1963tik 66ra izan omen zen euskaltzainburu, baina batzar agirietan begiratu eta 1965eko batzarretakoak jada ez ditu euskaltzainburuak sinatzen, orde batek baizik: Irigarai batzuetan, Dassance bestetan... hutsune bat egon zela dirudi.
 
Lojendio izendatu zutenean, politikarekin-edo nahasteren bat izan zen.
Gipuzkoako gobernadorea etxera joan zitzaion Lojendiori, esanez kontuz ibiltzeko Bilbon Euskaltzaindian kolaboratzen hasi zirenekin, abertzaleak zirela eta politika egiten zutela. Antzerkia egiten zuen talde bat zen, Ziarzolo idazlea, Arruza eta. Fitxatuta zeuden. Eta itxuraz, gobernadoreak esan zion nork eman zion talde horren berri: Antonio Arruek. Urduri jarri zen Lojendio, beldurtu, eta utzi egin zuen. Eten egin zuen Arruerekin ere.
Ni handik gutxira idazkari izendatu nindutelarik, arazoren bat edo zegoenean Arruerengana jotzen nuen. Información y Turismo eta Gobernu Zibilean bazituen ezagunak. Berak eskertu egiten zuen berarekin konfiantza hori jartzea, eta nik administrazioarekin nituen arazo guztietan berarengana jotzen nuen, Elizaren gauzetan Carlos Santamariarengana jotzen nuen bezala.
Lojendiok utzi egingo zuela esan zuenean, guk segitzeko eskatu genion, berarekin konfiantza genuela eta bera bezalako bat behar genuela aurrera egin ahal izateko. Berak aldaba onak baitzituen. Anaia bat zeukan enbaxadore Kuban, beste bat benediktinoen buru Valle de los Caidosen, Madrilen, eta beste anaia bat ere bazuen kargu on batekin, ondo kokatua. Anaien artean bera zen abertzale bakarra, abertzalea moderatua.
Baina itxi zen: ezetz eta ezetz. Orduan, batzuek pentsatu genuen Manuel Lekuona izan zitekeela egokia: konfiantzako pertsona, ondo ikusiko zena. Manuel Lekuona euskaltzainburu aukeratzearekin batera izendatu ninduten ni idazkari 1966ko abenduko batzarrean. Ni Euskaltzaindian sartu nintzenean Nazario Oleaga zen idazkari, eta hura hiltzerakoan, Mitxelena. Nik Mitxelena ordezkatu nuen.
 
- Arantzazuko batzarra baino lehenxeago hasi eta hurrengo urteetan bultzatu zituen Euskaltzaindiak alfabetatze kanpainak. Kanpainaren jatorrian egon zinen?
 
Rikardo Arregik ekarri zuen ideia Euskaltzaindira: prentsan ere argitaratu zuen, ideia ona iruditu zitzaigun batzuei eta gure artean bolo-bolo zebilen. Egun batean Andoainen egon nintzen Rikardo Arregirekin, eta plana egin genuen. Lasa, Saizarbitoria eta laurok, oker ez banago, sinatu genuen Euskaltzaindiari aurkeztutako eskaria. Irakurri nuen batzarrean eta onartu zen aurrera eramatea. Horrela hasi zen.
Bizkaiari begira, besterik gabe euskara batua sartzea ez zela erraza ikusten genuen, eta lehenengo bizkaieran alfabetatzea eta ondoren batua azaltzea hobe zela pentsatu genuen. Horretarako, bailaraz bailara autoreak aukeratu genituen. Arauekin batera, zein bailaratan zein autore erabili behar ziren oinarri eman genuen: Markina aldean eta gure aldean, esate baterako, Mogel eta Fray Bartolome, Durangaldean Kirikiño, Arratia aldean Legoaldi (A. Larrakoetxea) eta Añibarro...
Euskaltzaindiak hori gomendatu zuen, baina Bizkaian alfabetatzearen ardura hartu zutenek, Julen Kalzada, Alberto Gabika eta hauek, hain abertzale zirenez, batura kolpetik joan behar zela zioten. Gure proposamena denbora galtzea omen zen. Gerrak izan ditugu eurekin, Euskaltzaindiak ez baitu hori gomendatu.
Bestelako arazo bat ere sortu zen, Gipuzkoako leku askotan batez ere. 1969an batu behar izan genuen Mondragoen, alfabetatze kanpainaren barruan batzuek euskarara itzulitako testu marxistak erabiltzen zituztelako oinarri. Beste batzuk kexu ziren.
Euskaltzaindiaren izenean esan nien testuak euskal idazle ezagunenak behar zutela, analisia hizkuntzari egiten zitzaiola eta ez beste ezeri. Euskal idazleen artean merezi duenik ez dagoela, kultura ere egin behar zela eta abar erantzun zidaten. «Kultura egin behar baduzue», esan nien, «egizue Euskaltzaindiatik aparte. Euskaltzaindiak hizkuntza bakarrik du berea». Leninen testuak errusiera ikasteko ere ez direla erabiltzen esan nien; horretarako ere idazle klasikoak baliatzen dituztela, Tolstoi eta abar.
 
 
ARANTZAZUKO BILTZAR ARANTZATSUA
 
- Arantzazuko bidean Baionan bilera egin zen 1964an Euskal Idazkaritzak antolatuta. Euskara batuaren bidean zenbait erabaki hartu ziren, gero Arantzazun oinarritzat hartu zirenak. Han zinen?
 
Han eman zidaten, hain zuzen, Lauaxeta kazetaritza saria, baina ez nintzen bertan egon. Ez zitzaidan komeni, Euskaltzaindiko idazkari gisa, hango batzarretan agertzerik.
 
- Baina Ermukoan bai, 1968an. Ponentzia bat egin zenuen gainera Euskal idazleen elkartea sortzea proposatuz. Baionakoa eta Ermukoa, biak, Arantzazukoaren abiapuntu izan ziren, ezta?
 
Lagungarri izan ziren bakoitzari entzun, irizpideak ezagutu, eta jarrera bat hartzeko. Eta Mitxelena batek, esate baterako, kontuan izan zituen Baionako erabakiak, Arantzazurako txostena egiterakoan. Ermuko proposamenak, hain zuzen, Jakin-en argitaratu ziren.
 
- Hurbiletik ezagutu zenuen Mitxelenak Arantzazuko batzarrean aurkeztu zuen txostenaren lantzea, euskara batuaren ortografiarako oinarriak ezarri zituena.
 
Arantzazuko batzarrari begira, batzorde bat izendatu zen arantzatsuena izan zitekeen arazoari buruz, ortografiari buruz, proposamena egiteko. Manuel Lekuonak berak eskatu zuen Mitxelena jartzea batzordearen buru, eta euskaltzain zuhurrenak izendatu ziren batzordeko buru. Batzordearen bilerak irekiak ziren; euskaltzainen batek entzule gisa etorri nahi bazuen, etortzen zen. Jon Oñatibia eta Patxi Altuna etortzen zirela gogoan dut. Nik, idazkari gisa, akta jaso besterik ez nuen egiten, ez ahots ez boto ez nuen, ni ez bainintzen inor Mitxelena eta beste batzuen aldean.
H-a zen auzi nagusia, eta han ateratzen ziren iritzi eta arazo guztiak, aldeko eta kontrako, apuntatzen zituen Mitxelenak. Han esandakoak kontuan hartuta, Mitxelenak berak egin zuen Arantzazurako txostena. Bere esku utzi zen, eta batzuk hitza eman genion berak esaten zuena esaten zuela, guk bide horri jarraituko geniola. Jarrera bat hartu beharra zegoen.
Arantzazura joan aurretik anonimo bat jaso genuen euskaltzainok, h-ren aurka botatzeko eskatuz. Esplikaziorik gabe, laburki idatzita. Eta Arantzazuko batzarra hasi baino lehen Josu Arenaza etorri zitzaidan, ea papera sinatu nuen galdetuz. «Zu zara hauek zabaldu dituena? Isil zaitez, zuk ez duzu botorik, urgazle besterik ez zara eta», esan nion. Beti horrelakoetan ibili zen Arenaza medikua, Agur aldizkarikoa, h-ren etsai borrokatua.
Nik, orduan, batzarra hasi aurretik, euskaltzainburuari hitza eskatu ondoren, Euskaltzaindiaren arautegiaren zati bat irakurriz argi utzi nuen iritzia denei entzungo zitzaiela, baina erabakia hartzeko orduan botoa euskaltzain osoek baino ez zutela. Hori horrela esatea ez zitzaien euskaltzain batzuei gustatu, bakea berez egingo balitz bezala dena baketsu egin nahi baitzuten, baina legea legea da, eta hori argi utzi nahi nuen. Hori horrela egin nahi nuen, bezperan Arenaza etorri zitzaidalako boto eske.
Txostena hartu zuenean, Altunak galdetzen zidan ea txostena, osorik, Mitxelenak berak egina zen. Ez zegoen h-ren alde hasieran, baina Patxi Altuna filologo bezala asko irakurria da eta euskal filologia ondo ezagutzen duena. Oso zuhurra. Eta azken egunean, batari entzun eta besteari entzun, azken egunean denei entzun behar izan baikenien, astakeriak ere bai, Patxik eskatu zuen hitza. Ordura arte isilik egon zen, eta ez genekien zer jarrera hartuko zuen. Hasi zen hizketan, sermoilari onaren gisan, eta Mitxelenak niri, aldamenetik: «Nora doa hau?». «Honek zeruan jarriko zaitu», esan nion. Eta hala gertatu zen: «Hemen gizon bat dugu euskalki guztiak gu baino hobeto ezagutzen dituena, eta linguistika legeak zein diren ongien dakiena. Mitxelenak esaten duenari jarraitu behar diogu». Patxi Altunaren hitzaldia oso ona izan zen; batzuentzat disgustoa.
Mitxelenaren hitzaldiaren ondoren denek izan zuten hitz egiteko aukera. Denei entzun zitzaien. Mitxelenak erantzunak eman zizkion bakoitzari, azalpenak emanez. Argumentu gogorrak izan zituen aspektu guztietan. Eta horrek ekarri zuen txostena denek aho batez onartzea.
 
- Erdibide bat proposatu zenuten azken agirian h-ren auzian. Minimo batzuk jarri eta «gorago joatea» gaizki ez zela ikusiko esanez.
 
Gomendioa zen. Bokalen artekoa eta demostratiboa ikusten ziren beharrezko, eta hortik aurrera joan nahi zuenari, libre zitzaion. Baina hartu kontuan 1920an hartu ziren erabakietan, euskal alfabetoan, h-a han dagoela. Noski, orduan pentsatzen zen h-a mugaz haraindikoentzat zela. Gero, konturatzen dira asko mugaz hemendik ere, fosilizatuta, hortxe dagoela h-a: kan, kori, kura esaten zuten Erronkarin, edo gan, gori, gura Zaraitzun, esate baterako. Eta Plazentzia batean bigar esaten dute, eta guk ago, legor.
 
- Biltzarraren hasieran esan zen Arantzazun erabakien aurrerapen bat emango zela, eta gero Oñatin urrezko eztaien ospakizunetan erabakitzat hartuko zirela. Baina gero Oñatin ez zenuten ospakizunik egin.
 
Arantzazuko batzarra egin eta azken egunean Oñatiko Unibertsitatean, Euskaltzaindia sortu zen tokian, adierazpen ofiziala eman nahi genuen. Baina etorri zen alkatea, Reyes Korkostegi, esanez gobernadorearen aginduz ekitaldi publiko hori ezin zela egin. Orduan, Arantzazun ahoz eman zen erabakiaren berri.
Arantzazun, azken batean, ondo bukatu ziren gauzak. Denek onartu zuten. Arazoak Arantzazukoa egin eta hiru bat hilabetera hasi ziren. Hurrengo bi hilabeteetako batzarretan ondo joan ziren gauzak, baina hirugarrenean hasi ziren tiki-mikiak, eta dena zen presioak hasi zirelako.
Pena daukat Arantzazun bururatu ez izana akta hura euskaltzain guztiei sinaraztea. Denek izenpetuko zuten. Bergaran, hamar urte geroago, horrela egin genuen.
 
- Arantzazun aho batez onartu zenuten euskaltzainek Mitxelenaren txostena, baina gero ikusi zen, Martin Ugaldek Zeruko Argia-n argitaratu zituen elkarrizketetan ongi ikus daiteke, Lekuona bat, Intza bat... ez zetozela bat. Lekuona euskaltzainburuak zioen, Ugaldek egindako elkarrizketan, Euskaltzaindiak neutral jokatu behar zuela, ez h-ren alde, ez kontra. Eta berak gabe idazten segituko zuela.
 
Berak borondate on guztiarekin egin zuen, baina presioak zituen. Nik konprenitzen dut hori. Bere adinekoak ziren kontra zeudenak. Adin kontua ere bazen.
Lekuona, Joseba eta Rikardo Arregiren etxean bizi zen Andoainen, eta Arregitarrek esaten zidaten presio handiak zituela Lekuonak, eta zerbait egiteko. Nik zer egingo nuen? Lehen konfiantza handia zuen nirekin, baina presioengatik-edo zalantzak izaten eta konfiantza galtzen hasi zen.
Gehien tentatu zutenen artean Anizeto Zugasti zegoen. Horiek astero-astero joaten ziren ostegunetan Andoainera eta ikaragarrizko gerra ematen zioten. Ni Lekuonarekin egon nintzen eta esaten zidan bakebide bat aurkitu behar zela, zeozer egin behar zela... zalantzak zituen. Mitxelenari konfiantza eman geniola, bide bat hartu beharra zegoela eta bide horretan segitzeko esaten nion.
Hor atzetik zein zebilen banekien. Josu Arenaza bezala beste batzuk ere bai. Juanito Beiztegi eibartarra ere bazebilen. Ordura arte oso lagun nuen Nemesio Etxaniz &emdash;pixka bat arina zen&emdash; ere jarrera gogorrean jarri zen. Ordura arte oso mutil ona nintzen Nemesiorentzat, eta gero txarra.
Eta Arenazak ikaragarriak idatzi zituen Agur-en, lehenengo orrian, errua niri botatzen, nire izena aipatuz.
Martin Ugalderen elkarrizketazko artikulu horiek interesgarriak izan ziren bakoitzaren iritziak ezagutzeko. Argi asko eman zuten eta horietako bat da, ordura arte zalantzak zituen Ugalde bera, batari eta besteari entzun ondorenean, h-rekin idazten hasi zela.
 
- Aktetan agertzen denez 1970ean hasi ziren iskanbilak indar handiz. 1970ean urtarrilaren 30ean agertzen da Lekuona esaten, zuk idazkari gisa jaso zenuenez: «Euskaltzaindiak neutral izan behar duela, Mitxelenaren iritziaz gainera beste iritzi gehiago ere entzun beharra zegoela. Batasunak oinarri zabala eta denbora eskatzen dituela eta abar».
 
Durangoko feria zela eta egin zen Abadiñon batzar bat, Astola etxean, eta inori aurretik ezer esan gabe Lekuonak proposamen bat zekarren: Arantzazuko akordioak berriro aztertzeko batzorde bat izendatzea, eta Mitxelena batzordetik kanpo. Nik erantzun nion Mitxelenari babesa ukatzen bagenion nik dimititu egingo nuela. Gainera, pasatua zen kargu aldaketak egiteko epea. Urte bitik behin egiten da eta atzeratu egin zen, intentzioarekin nonbait. Handik hilabete batzuetara, karguak berritzen ez zirela ikusita, dimisioa aurkeztu eta batzarretara joateari utzi egin nion. Hiru hilabetean edo ez nintzen joan.
 
- Akta bereko beste zati bat: «Idazkariak aditzera ematen du euskaltzain laguntzaile baten denuntzia bat dagoela euskaltzaindikoen artean zabaltzen diren zenbait anonimori buruz, baina euskaltzainburuak nahiago du ixilik utzi eskandaluak sortuko diren beldurrez. Idazkariak dio, besterik ezik, euskaltzainak bakarrik bildurik, baina gauza hau ondo aztertu beharrezkoa dela, batez ere sospetxaz Euskaltzaindiko batzuen izenak ahotan erabili direnez gero».
 
Josu Arenaza, berriro. Euskaltzaindian bazen urgazle bat, Xabier Gereño, anonimoak jaso eta sailkatzen zituena. Afizio hori zuen. Idazmakinaren letra tipoagatik, neurriegatik... sailkatzen zituen. Bidali nion Gereñori mehatxuak egiten zituen anonimo bat, eta berak ondorioa atera zuen Arenazarena zela, Arenazak sinadura eta guzti makina berean egindako gutun bat zuelako. Anonimoa Euskaltzaindiaren artxiboan dago.
Politika nahastatzen zuten anonimo horietan: gorriak ginela. Lehen aingeru bat nintzen, eta deabrua bihurtu nintzen, komunista.
 
- Baina Josu Arenaza batek pisu handia al zuen auzi honetan?
 
Ez zeukan hainbeste pisu, ez zeukalako ideiarik ere hizkuntzen kontuetan. Baina maniobrak egiteko gaitasuna bazuen, azpitik lana egiteko eta endredatzeko. Bazituen inkondizionalak, problemak sortu zituztenak.
Arenazak Alderdiaren izenean egiten zituen maniobrak, baina nik banekien Alderdian ez zegoela berak uste zuen bezain ondo ikusia.
Eta orain Arenaza non dago? HB inguruan, lehen h-rik nahi ez zuena.
 
- 1973an Jose Estornesek, 11 editorialen izenean (Agur, Auñamendi, Auspoa, San Anton, Edili, Goiz Argi, GEV, Itxaropena, Lopez Mendizabal, Ekin), eskaera hau egin zion Euskaltzaindiari: «Nahasketa sortu dela eta Arantzazu aurreko ortografia erabiltzea erabaki eta Euskaltzaindiari aurreko bidea indartu eta berresteko eskatzen die». Editorial horiek Arantzazu aurreko ortografia erabiliko zutela jakinarazi zuten gutun hartan. Villasantek, Lizundiak eta hirok erantzun bana eman zenieten. Zure erantzunean agertzen da liburugintzan Arantzazuko irizpideek bidea egin zutela: 1968an 34 liburu h-rik gabe, 6 h-rekin; 1972an 17 gabe eta 39 h-rekin.
 
Editorea ez baita egilea. Egileak du hitza, ez editoreak. Gero Bergaran ikusi zen estatistikek zer eman zuten. Siadecori eskatu genion liburu guztiak aztertzeko. Diferentzia izugarria ikusi zen h-a erabiltzen zuten eta erabiltzen ez zuten liburu kopuruen artean.
Euskaltzaindiak esan izan balu h-a baztertu egin behar zela, egon zaitez seguru gehiengoak Euskaltzaindiaren bideari jarraituko ziola. Azken batean, maisu-maistrak eta idazleak irizpide bati jaramon egin eta jarraitzeko zain zeuden.
 
- 1970ean, Villasante euskaltzainburu aukeratzearekin batera, zu idazkari berriro.
 
Nik idatzi nion Villasanteri ez nintzela idazkari izango. Ez zitzaidala ondo iruditzen, Manuel Lekuonarekin egon nintzenez idazkari, berriro nik jarraitzea hura kendu eta gero. Baina Villasantek eta Mitxelenak presio egin zidaten: egoera txarra zela, konfiantza zutela nirekin... Ez nuen nahi baina jarraitu nuen.
 
- 1978an Bergaran egindako batzarrak Arantzazukoaren antza handirik ez zuen izan, ezta?
 
Han ere agertu ziren batuaren kontrakoak, gogor. Baina indar gutxiagorekin eta argumentu txarragoekin. Gertatzen zen estatistikek pisu ikaragarria izan zutela. Bergaran, datu estatistikoekin, isildu egin zen h-ren auzia.
 
- Euskalkiak bazter batera gelditu ziren kezka agertzen zutenek, gaur egundik begiratuta, arrazoi puntua bazutela uste duzu?
 
Konprenitzen dut herri bakoitzak bere gauzak maite izatea. Baina munduko hizkuntza guztiek egin duten gauza bat da hori. Grezian koiné erabiltzen zuten, eta Espainian bertan estatua indartzeko, hori egin da. Ni seguru nago Picos de Europan mendialdean bizi den bat hitzez ezin dela komunikatu Granadako Alpujarrako batekin. Elkar ulertu ezinez!
Euskalki bakoitzak baturako eskaini behar du beretik datozen gauzarik garrantzitsuenak. Orain hasi da berriro euskalkiei balioa eman nahirik: balio lokala dute, baina batasunerako lehen pausotzat hartu behar da. Batasuna beharrezkoa da, edo bestela hizkuntzak ez du etorkizunik. Eta batzuetan euskalkiari merezi duen baino garrantzi gehiago ematen ari gara.
 
 
POLITIKAREN GURPILEAN
 
- Ramon Rubial presidente izan zuen Euskal Kontseilu Nagusian (1978-79) kargu politiko bat izan zenuen, Maturana Kultur kontseilari sozialistarekin.
 
Maturanak, nonbait, euskal kulturan aditua zen norbait eskatu zion ESEIri, itun autonomikoa baitzegoen orduan PSOE, EAJ eta ESEIren artean, eta ESEIk niri deitu zidan, orduan alderdi horretako kide bainintzen.
Besteak beste, Picassoren Guernica ekartzeko gestioa egin nuen garai hartan eta eskuetan jarri nien, aukera ikaragarria!, baina ez zuten nahi izan. «Hori ez da artea», esaten zidaten. Eta orain hor dabiltza ekarri nahirik.
Gero ESEI desegin zen eta utzi nuen. Ez naiz geroztik alderdi politiko bateko kide izan. Proposamena izan nuen EAJtik Diputazioan Kultura zuzendaritzarako, baina karneta ateratzeko baldintza jarri zidaten, eta ezetz esan nuen, nire burua ez nuen inongo alderdian ikusten, hizkuntzaren alde gehiago egin nezakeen ustez.
 
- 1989tik 1995era arte Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izan zinen. Urte garrantzitsuak izan al ziren zure bizitzan?
 
Inportanteak izan dira humanismo aldera izan dudan joeragatik. Alde horregatik oso gauza politak egitea egokitu zait eta poz handia eraman dut. Baina politikak desengainu handia eman dit. Esan bati gauza bat, eta belarri batetik sartu eta beste batetik irten. Hori askotan, eta kolore guztietako politikoekin. Txarrenak, txantajea eginez, ETAren eta HBren ingurukoak izan dira, baina boto gehien dituzten alderdiek ere presio handia egin didate, eta ezikusiarena egin, sarri. Esatekoak ere ez dira EAJkoek eta PSOEkoek egin dizkidatenak.
Aspaldi esaten nuen denok dugula neurri batean frankismoaren ukitua. Denok diktadore txiki bihurtu garela. Sentsasio hori baneukan lehendik, baina hor egon naizenean gehiago ikusi dut. Oso itxia dago jendea, bakoitza bere taldean.
Oso esperientzia ona izan zen, aldiz, Europako Ombudsmanekin izandakoa. Lehenengo lehendakariorde egin ninduten. Bi aldiz joan nintzen hara, lanerako antolaketaz proposamen batzuk egin nituen eta, kargu aldaketak egon zirenean, nik espero gabe buru izendatu ninduten. Ombudsman gehienak humanistak izanik, ideiatan hurbil geunden, eta oso probetxugarria zen beste lekuetan nola funtzionatzen zuten, zer arazo zituzten eta zertan lagundu genezakeen ikusteko.
 
 
ADISKIDE ETA LANKIDE
 
 
- Azal ezazu, bukatzeko, hurbiletik ezagutu dituzun pertsonalitate hauen nortasunean eta lanean zer nabarmenduko zenukeen: Jose Migel Barandiaran
 
Gure kulturaren gizon jakitun bat, batez ere arkeologian eta etnografian. Baina niretzako ustekabea Barandiaranen humanismoa izan zen: humanismo aldetik, pertsona bezala, gehiago baliatu nuen. Nik erlijio kezkak izan ditut, Giro Gori-ko poemetan ikusten da hori, eta berari planteatzen nizkionean, esaten zidan: «Hori ona da: nahiago ditut nik horrelakoak, egunero mezetara joan baina pentsatzen ez dutenak baino. Kezka hori da inportantea. Nik ere baditut nire zalantzak. Fedea daukat, baina zalantzak ditut. Zuk zalantzak edukitzea? Hori inportantea da».
Oso lagunak ginen. Urtero bisita bat egiten nion Ataunera, inork bisitatzen ez zuen garaian. Berarekin bazkaltzen nuen eta behar nituen datuak, erreferentziak, iturriak... ematen zizkidan. Arkeologian laguntzaile ere ibili nintzen, indusketak egiten.
Baina batik bat humanismo aldetik estimatu nuen. Gizontasuna ikusi nuen beregan. Gizontasuna jakituria baino lehenago behar da.
 

- Koldo Mitxelena

 
Jenio bizia zuen. Nirekin oso ondo eraman zen. Goitik behera errespetatzen nuen hizkuntza kontuetan. Ikaragarria zen, sinestezina, zer irakurtzen zuen eta zer memoria zuen!
Uste dut teknikoki ondo eraman zuela h-ren kontua eta ortografiarena, baina baita ere beti esan dut han eman bazen h-a baztertzea, gaur denek normal idatziko genuen h-a baztertuta. Duden aurrean bidea markatu zuen Mitxelenak. Gu Mitxelenak esaten zuenari lotu ginen eta hortik atera zen.
 
- Manuel Lekuona.
 
Oso pertsona ona, ez ausarta, eta horrek ekarri zion problema batasunaren kontuan. Jakituna literaturan, baina baita artean eta historian ere. «Del Oiarzun antiguo» irakurri besterik ez dago. Egin dituen lanak asko baliatzen ditut. Lan baliosoak egin ditu.
Batasunaren inguruko eztabaidak zirela eta distantzia bat etorri zen, baina gero denborarekin berriro harreman ona izan genuen, eta gaisotu zenean maiz bisitatu nuen.
 
- Jon Etxaide
 
Jon Etxaidek literaturan pauso berriak eman ditu, euskal literatura beste maila batera eramanez, gai historikoetara eramanez, pertsonaia batzuetan zentraturik eginez. Oso lan ederra, asko irakurria euskal literaturan.
Nik beti berarekin harreman ona izan dut. Mendian asko ibili ginen elkarrekin eta esperientzia horrek asko hurbiltzen zaitu. Pertsona ona izan da, bere zirkunstantziagatik sufritu behar izan duena, aguantatu behar izan diona erregimenari, baina niretzako oso pertsona inportantea. Gainera, maitakorra.
Beti eramaten zuen libururen bat, nik ere bai, eta askotan ematen zizkidan liburuen erreferentziak eta datuak irakurketetarako.
 
- Jokin Zaitegi
 
Idaztera bultzatu ninduena.
Euzko Gogoa aldizkaria ondo orientatu zuen, gai politikoak alde batera utziz eta kultura gaiak bakarrik landuz. Guatelamalatik Miarritzera etorri zenez geroztik, joaten nintzen ahal nuenean batzarrera. Etxaide joaten zen maizago, eta Etxaidek ezin zuenean ni joaten nintzen batzuetan, harremanak edukitzeko, ze hemen oso isolatuta geunden. Garai hartan exilioan jende gehiago zegoen euskararekin arduratuta eta euskaraz gauzak egiten.
Ez dut beste pertsonarik ezagutu euskarari hain entregatua. Buru-belarri. Garai hartako bi milioi pezetarekin etorri zen Miarritzera; Jaurlaritzak ezin zion lagundu eta laguntza agindu zioten beste batzuk ere huts egin zioten, eta hor xahutu zituen bere diruak. Berriro Ameriketara eta, diru apur bat bildu zuenean, berriro etorri diruarekin: Platonen itzulpenetan xahutu zuen. Begiratu gabe diruari! Dirua behar zuen gauzak egiteko euskararentzat. Euskaragatik entregatu zituen ez bere dirua bakarrik, bere osasuna ere bai.
Eibarrera etortzen zen bisitan, eta ni bere etxera, Mondragoera, Mondragoen egon zenean. Heriotza garaian ere bisitatzen nuen Donostiako ospitalean, eta Euskaltzaindian onartu genuen laguntzea diruz, zaintzaile bat beharrezko zuelako. Sufritu egin nuen Zaitegi azkenetan ikustean: hainbeste entregatua euskarari eta horrela joaten ikusi beharra, pena eman zidan.
 
- Gabriel Aresti
 
Poeta-poeta zen. Asko irakurtzen zuena. Bere asmoa poeta izatea eta euskal poesia berritzea izan zen, eta hori shock bat izan zen. Poesia soziala bortitza egin zuen, gogorra, eta arazoak izan zituen.
Polemikoa zen bere ideietan, baina erraza eramaten. Berak bazituen bere sufritzak, familiako zirkunstantzia batzuegatik, laguntza behar zuen, estimulu bat edo maitasuna agertzeko modu bat, eta nik hori erraz egiten nion. Beste batzuk ez, kritika gogorrak jaso zituen beste batzuengandik.
Harreman ona izan nuen berarekin, literatur gaietan batez ere. Euskaltzaindiko batzarretan ikusten ginenean literatur kontuetan asko jarduten genuen. Oso etxeko ginen, gainera, Eibarren sei hilabetez egon zenean lan batzuk zirela eta, ia egunero gure etxean afaltzen zuen. Eta Bilbora joaten nintzenean ere bere etxera joaten nintzen.
Beharrezko ikusten nuen berarekin harremana izatea, ze komunistek-eta, ezkerreko jendeak, asko tentatzen zuten, berengana eraman nahirik. Denak tiratzen. Hori ez zen ona. Gizona libre utzi behar zen. Poetak, gainera, libre izan behar du.
 
- Rikardo Arregi
 
Ez nuen okasiorik izan harreman estua izateko. Baina izan nituenak ezin hobeak izan ziren; bere ideiak oso interesanteak ziren. Pentsamenduzko pertsona zen, euskalgintzarako bide praktikoak bilatu nahi zituena. Hortik, bere alfabetatze kanpaina: adinekoak ez dakite euskaraz irakurtzen, antolatu ditzagun ikastaro batzuk, horrek irakurleak ekarriko ditu, liburu gehiago argitaratzea... dena kate bat zen.
Argia zen, irakurtzen zuena eta pentsatzen zuena, eta bere pentsamenduetan ardura nagusia zen gauzak hizkuntzarentzat nola hobetu, zer bidezidor hartu behar ziren aurrera egiteko.
 
- Luis Villasante
 
Luis Villasantek, batasunaren auzian eta beste gauza askotan gatazkak egon direnean, jurista batek bezala jokatzen zuen: arazo bat zegoenean, irakurtzen zuen, estudiatuta ekartzen zuen, bere iritzia eman eta konponbidean jartzen zuen.
Gutxietakoa izan da politikatik aparte, hizkuntzagatik bakarrik, dena eman duena. Horretan asko ikasi dut berarengandik, nik bide horretan jarraitu bainuen.
Eta gero, idazkera: prosa aberatsa, lehengo purismoa alde batera utzita, herriari gehiago hurbiltzen zaiona. Saio ederrak egin ditu, erlijio gaikoak gehienak. Luma oso ona du, oso estilo onekoa. Bere Euskararen auziaz guztiok ezagutu beharrekoa da.
 
- Santi Onaindia
 
Harreman handia izan nuen Eibarren karmelitetan egon zenean. Oso ondo konpontzen ginen. Umorezko pertsona zen eta gauzak lasai hartzen zituen; broman elkarri handiak esan dizkiogu!
Poesiara entregatutako gizona. Bere poesiak lehengo tradizioari gehiago jarraitzen dio, baina oso gauza interesgarriak ere baditu: hitzen jokoa, hizkuntzaren balioa...
 
- Toribio Etxeberria.
 
Gerra aurrean, haurtzaroan, ezagutzen nuen baina ez nuen harremanik. Etxean izen ona zuen: errespetu handia zioten aita-amek bere gizontasunagatik eta bere izateagatik. Bere ondradutasuna aparta zen.
Gero, bera Venezuelan erbesteratua, gutunezko harremana genuen eta eskatu zidan bere euskarazko liburuari hitzaurrea egitea. Titulua ere nik eman nion: Ibiltarixanak.
Toribio Etxeberria Euzko Gogoa-n idazten nik ipini nuen, eta harremana hartu zuen horrela Zaitegirekin. Venezuelatik idatziak bidaltzen zizkion Guatemalara aurrena eta Miarritzera gero. Eibar aldizkarian ere ahalegintzen nintzen Toribioren artikuluak sartzen. Garai hartan, Eibar aldizkarian Toribio Etxeberriaren izenarekin artikuluak sartzea ikaragarria zen! Erregimenaren aldekoentzat bekatua zen. Elizarena zen errebista.
Venezuelan bizi zen baina Hego Euskal Herrira ere etorri zen, frankismoaren azken-azken aldera, eta omenaldia egin genion eibartarrok Getariako San Prudentzion. Esan nion kotxez nahi zuen lekura eramango nuela: Santimamiñeko kobak, Gernikako Arbola eta Lekeitioko eliza bisitatu genituen behin, berak eskatuta. Eta beste batean Debara, Debako elizara; bere eskariz deklaratu zuten monumentu historiko Errepublika garaian. Gizon berezia zen.
 
 
 
 

Eguneratua: 1998-11-13

Materixala (aurkibidetxua) | Eibartarrak Home Page | zuen zaindari onena: © Arrateko Ama


 
Hosted by GeoCities / Geocitiesek doan jartzen uzten digu...
Get your own
Free Home Page
 
1