Imanol Laspiurren
EIBARRERA ONAREN BIDETIK
liburuari SARRERIASerafin Basauri
Liburutxo honen hitzaurriak aukeria emoten desta, gaiņetik bada be, Imanol Laspiurrek euskeriaren aldeko mogimentuan izan daben eragiņa, haren bizitza eta garaiko zenbaitt alderdi jakingarri azaltzeko. Euskaltzale haundixa, idealistia eta sasoi oso illun eta gogorretan bere konbikziņuekin beti leixal izan danak, merezi dau gure esker ona.
Imanol, euskaltzalion ikuspuntutik ikusitta, bidegiņa, bide-zabaltzaillia izan dala esango neuke. Gure euskal-munduan, batez be Deba-arruan, Eibarren, Juan San Martiņekin batera aurrenengo lekuan ikusi izan dogu beti. Juan San Martin adiskidia bestelako jardunbide batian, euskaltzaiņ egin-biharreri, kultura alderdixari eta literarixuari emonda gehixago. Imanol, euskeriaren irakaskuntzan eten barik, zenbaitt urtetan militanzia politikuari lotuta, ikastoliaren finkatze prozesuan eragille, euskera batuaren defendatzaille, hizlari bikain, konzienzi-biztaille; 60. hamarkadaren atzeneko eta 70eko euskeriaren eta ikastolen inguruko debate ideologikuan, beti jarriko zan, bero-bero, euskaltasunaren alde.
1952-53. urtietan hasi zan Eibarren, gerra-osteko euskal mogimentua sortzen, Juan San Martin, Imanol Laspiur, Bittor Kapanaga otxandixarra, Jabier Zubiaurre, Jose Luis Ugarteburu, Jose Antonio Eizagirre, Paulino Larraņaga eta beste batzuen eskutik. Sasoi haretan, andrazkuen artian eta neska-mutillen artian euskerarik erabiltzen ez bazan be, Eibarren euskeria bizi-bizi eguan: lantegixetan, tekniko eta taillarretako bihargiņen artian euskaraz egitten zan batez be eta kalian eta lagun artian be bai, gehixenetan, gizonezkuen artian. Baiņa garai gogorra euskeriandako: bizitza publiko osuan debekauta, komunikabidietatik eta eskoletatik kanpuan, euskeria goittik behera zapalduta eguan, elizan be ez eukan-eta euskeriak lekurik. Yon Etxaide ekarri eben 1955.ian Eibarrera euskal literaturaz hitzaldi bat emoteko(1), nun eta Egotxiagako pagadipian emon be, klandestinoki, bestela ezin zan-eta, badaezpada inguruetan zaintzailliak jarriz. Halatxe ziran gauzak orduan. Zapalketa horrek eta gerra-ostian kanpotik heldu jakun jente ufalak kontrako eragiņa agirixan izan badabe be, txarrena, gerra-osteko guraso belaunaldixak euskeriaren transmisiņuan huts egiņ eta behia-jotia izan da; belaunaldi horrek, etsi-etsitta, ez dau ez jakiņ izan beriari eusten. Huskerixak eta bitxikerixak kontatzen jardutzia dirudi, baiņa ez pentsau: orduan neskekiņ erderaz egittia araua zan, eta euskeraz egittia araua eta ohitturia apurtzia; neska-lagunakin be euskeraz egittia korrontiaren kontra juatia zan, fanatiko, euskeromano eta jente raro txamarren kontua. Esan deigun, bihargiņak haundikixak baiņo askoz be hobeto eutsi etsela euskeriari. Harrokerixa tonto batek jarriko dau jente "dotoria", banaka batzuk ezik, erderia darixola euskeria baztartuz. Abertzaliak jeneralian euskaltzaliago izan badira be, arazua ez zan politikoki abertzalia izan ala ez; zegaittik eze "nazionalista" batek baiņo gehixagok egingo eban huts euskera kontuan, guzurra badirudi be. Euskeriaganako desprezio ofizialak berandura arte iraungo dau: 60. hamarkadaren atzenian, oindiokan, etxian euskeria besterik egitten ez eben umieri burla egitten jakuen erdal eskoletan, erderaz txarto egitten ebelako.
Ze esanguratsua, egoera horren aurrian, erbestetik itxultzian, Toribio Etxebarriaren(2) hónek berbok erakusten daben barruko miņa: Nun (da) a danen euskeria? / Euskeraz Katekismua / euskera maittien izketia / ta euskeraz Sozialismua! Ba horrek guztiorrek eragitten dau euskaltzale talde horrengan: alkartu egingo dira, antolatu egingo dira eta euskeriaren aldeko lanari ekingo detse.
Eibarko euskaltzale talde horrek, Euskal Herriko hainbat talde eta personakiņ izango dittu harremanak: irakaskuntza-esperienziak alkarrekin trukatzeko, Euskal Herriko arazuak aztertzeko edo literaturaz jardutzeko. Frankismuaren garai gogorrak ziran eta mendixan alkartzen ziran iņoiz: Urbixan, Antzuolako Usarragan, Arraten...baitta behiņ Oiartzungo Ugaldetxon be Iparraldekuekin (billera honetan egindako bertso batzuk gordeta eukazen Imanolek, Arestirenak dirurixenak). Eusko Gogoako Jokin Zaitegi, Alfonso Irigoien, Yon Etxaidekiņ, orduan nik neuk be ezautu nittuanak; eta Txomin Peillen, Karmele Rotaetxe, Txillardegi, Aresti, Balendiņ Aurre-Apraiz, Nemesio Etxaniz, Charrittonekin..., hórrekin guztiokiņ eukezen harremanak. Mogimentu euskaltzalia indartzeko hain premiņazkua zan harreman saria moldatzen juango da. lmanol hor egon zan danian.
Euskaltzale mogimentu horren hasieratik bertatik ekitzen detsa Imanolek euskeria erakustiari: Zabala Aranaren gramatikiaren bidez lehelengo, hurrengo Xabier Peņaren ikasbidiakin. Euskaltzale talde horrek bultzauta eta Urkixo Mintegiaren babespian, Andoni Urrestarazuren gramatikia, "UMANDI"rena, argittaratzen da 1955. urtian. Irakasbide hori erabilliko dau bere irakaskuntza jardunian, 1968tik aurrera euskara batura makurtuaz zihero. Rikardo Arregi (Imanolen berbetan probidenziala zana) datorkigu gero euskalduntze-alfabetatziaren aldi berri bati ekiņez eta prozesu horretan be hartuko dau parte. Urte askotako esperienzian oiņarrittuta bere EUSKARA IKASBIDEA deritxon euskara-hobekuntzarako metodua osatuko dau, makiņaz idatzittako 546 orrialde-multzua, eta ikasbide honekin segiduko hainbat eta hainbat taldekin, bere euskara-irakaskintza lan emankorrian; irakasliak sortuko dira hortik gau-eskoletarako. Deba-arro osuan, pare bat urtetan bai, ikastoletako andereņo eta irakaslieri euskera-ikastaro laburrak ematen jardungo dau. AEK modu profesionalago batian eratu ostian laga zittuan bere euskera-erakustaldixak, 20 urtetik gora horretan jardun ondoren. Duan jardun be.
Imanolen beste alderdi bat aipatu barik ezin ba laga: 50. hamarkadako egoera ittogarrixak eruango dau erakunde abertzale klandestinuetan burrukan egittera. Makiņa bat illuntze eta domeka goiz egingo zittuan hara eta hona Deba-arro guztian militante gaixak formatzen. Kultura edukiņ haundixa euken hórrek prestakuntza-berbaldixok: historixia, eskubide historikuak, gure naziņotasunaren osagarrixak, politikia....; hórrek guztiok erakusteko itturrixak eta liburu guztiak erderaz egon arren, gaixa estudixau eta mamurtu ostian euskeraz emoten ziran. Oiņarrizkua zan euskeria formaziņo tresnatzat erabiltzia; euskeria elementu zentraltzat eban-eta gazte belaunaldi horrek. Lehenengo EKIŅen eskutik, gero EGIn eta atzenengo ETA erakundian jardungo dau 1961ian preso hartzen daben arte. Tortura ikaragarrixak sufridu-eragiņ etsezen komisarixan, seiņaliak agirixan lagatzeko iņungo ardura barik; a zelako zarraria haren gorputza goittik behera ubelduta ikustian!. Lau urte egin zittuan gartzelan. Harrezkero ez dau politikan parte zuzenik hartuko, ezta 1977 ondorengo garai barri honetan be, nahiz eta beti jarki izan dan injustiziaren kontra. 1968xan Granadako Zafarraya herritxuan egon zan desterrauta(3). Konponbide baketsu, demokratiko, justu eta adostuaren aldekua zan.
Ikastolen Gipuzkoako Federaziņoko talde bateragilleko partaidia izan zan 1971an Guraso Heziketa saillian. Hainbat eta hainbat hitzaldi emon zittuan sasoi horretan, gurasoen konzienziak bizte eta astintze aldera(4). Eibarko ikastolako presidente be izan genduan aldi batez.
Euskaltzaindiko urgazle izendatzen da 1975ko ekaiņaren 27xan eta 1976ko martxuaren 27xan irakorriko dau "Azentu diakritikoa Eibarko euskaran" bere sarrera-hitzaldixa. Euskera kontuan, beti Euskaltzaindiaren arauen kunplitzaille zintzo, segiduan onartuko dittu Arantzazuko billeraren erabagixak eta harrezkerokuak. Ama eskoriatzarra eban eta aitta bergararra, eta bera Bergaran jaixua izan arren ume-umetatik Eibarren, ondo ezautzen zittuan Deba-arroko euskalkixak(5). Euskera batuaren zalia zan baiņa Eibarko euskeria ikaragarri maitte eban. Makiņa bat lan egiņ izan dau Eibarko euskeriaren berezittasunak argitzen, bai hitzaldixen bidez, bai idatziz, azken aldi honetan ...eta Kitto! gure aldizkarixan eta liburutxo honetan biltzen diran 72 lanekin. Gaur egun, gaztien artian euskeriaren erabilleria asko gehittu bada be, ez eukan Eibarko euskeriaren etorkizunakiņ esperantza haundirik; kezkatuta gaztien artian entzuten dan nolabaitteko pidgin horrekin. Komunikabidietan entzuten dan euskeriaren kalidadiakin be oso arduratuta, gehixen errepikatzen diran akatsen zerrendak eginda zittuan. Udaleko Euskara Batzordeko Eibarko euskera mintegixan partaide, Eibarreraz idazteko oiņarrizko erizpidiak jartzeko be emon eban bere partaidetza. Heriotzara eruan daben gaitx zittal hori dala-eta operau aurretxoan, eskuartian erabixazen lanen azken apuntiak ordenadorean, uztaillaren 23 eta 24kuak: Eibarko euskeriaren deklinabidia eta Eibarko euskeriaren entonaziņua. Egoki datorkitt Bitoriano Gandiagarena(6) : Hasi. Egunari heldu / eta segi. Ahal dudan arte / ekin. Eta etsi / ezin dudan unean; horixe izan da bihargiņ apart honen jokamoldia, azkenera arte segi.
Idatzitta laga deskunaz, ikusi aparteko haren lanen bibliografixa-zerrendak. Argittaratu diranak zeiņ ez diranak, danak dira interesgarrixak Imanolen ekarpena ezagutzeko eta sasoi haren barri jakitzeko. Dana dala, aittatu deirazen, gaiņetik bada be, argittaratutako haren lan idatzixak: Mila Euskal Olerki Eder, Euzko Gogoa eta Olertin dittu zenbaitt bertso Maitale eta Lastarri izenordez. Jakinen badittu saiakera batzuk, hala nola, Euskal-joskera, Ikastola eta gurasoak, Eibarko "Maquinas de coser Alfa S.A." "Kooperatibak" ale berezixan. Euskera Euskaltzaindiko boletiņian lehen aittatutako sarrera-hitzaldixa, eta Eibarko ikastolaren historia txikia. Itzulpenetan, Munduan zehar-eko 8. liburukixa. Aldizkari eta egunkarixetan artikulu egille: Zeruko Argia, Eibar aldizkaria, Kezka, Anaitasuna, ...eta Kitto!, Egin, eta Euskaldunon Egunkarian. Haren Zeruko Argia eta Egineko artikuluetan zerbaitt nabarmentzekotan: euskaltasunaganako leixaltasuna, zapalkuntza guztien kontrako jarreria eta gertakizunen aurrian bihozkadak eta sentimentuak eraginda idazten ebala sarri; zenbaitt pertsona maitte eta miretsiren hilbarrixak, hala nola Edurne bere arrebarena, Indaleki Ojangurenena, Monzonena, Iņazio Gaztelurrutiarena, Santi Brouard hil ebeneko Independentzia! deritxon artikulua, horregaittik ia auziperatu ebena, Txopirena, Juan Jose Etxabe Eibarren euskara ikasle izan ebanarena, Egunkarian Eusebio Osa eta Estitxurena, Erronkariko uskararena; gartzelaz eta torturaz...; bai eta toponimiaz; industriaz; kirolaz; euskeria eta ikastoliaz....Euskera ederrian beti.
Hitzaldixak, asko emon zittuan, bai ikastoliaren(4) eta bai euskeriaren(7) inguruan. Batzuk makiņaz idatzitta laga dittu eta gehixen-gehixenak eskuz eta txukun. Hor dago hitzaldi zerrendia, bai eta zeiņ herrittan emon zittuan be.
Azken aldi honetan, Eibarko zenbaitt pertsona adiņekori alkarrizketa grabaketak egitten ziharduan: badau bat, oso luzia, Candido Eguren 92 urteko bere lagun miņ eta sozialista zahar bizkorrari egindakua, baitta beste bat Zatixa elkartian 80 urtetik gorako beste eibartar talde bati egindakuekin be. Besterik be izango da seguru. Aztertu egin bihar, laga dittuan zintta pilluaren artian.
Argittaratu bako "Euskara Ikasbidea", "Morfo-sintaxia" eta "Beste paper batzuk" izenburupian bildutako dokumentaziņuakiņ eta grabaketekiņ, informaziņo-fondoren bat eratu biharko litzake Eibarko Udalaren "Ego-ibarra" batzordian.
Euskaltzaindixa, ikastolak, unibersidadia, herri-mogimentu eta Gobernu erakunde, hórren guztien lanari esker, aurrera-pauso nabarmenak emon dittu euskeriak azken 30 urtietan. Gaur egunian, euskaltzale mogimentua sendo antolatuta dago, indartsu; konparau gaurko Kontseilua eta berroren inguruan biltzen diran hainbat herri erakunde eta komunikabide, lehen aittatu doran 50eko hamarkadaren atzenetako harreman sariakin. Gaur egunian, ondo idazten da lehengo aldian eta jente asko dago euskeria sakon estudixau dabena eta asko dakixana. Eta hori danori eziņezkua izango zan, baldiņ eta oiņarrixan, herrixetan, Imanolen moduko bidegiņ, animatzaille eta bultzatzaillerik izan ez balitz. Batez be, erabilleran eta euskera mintzatuaren kalidadian daukagu arazua, arazo latza euki be. Baiņa arazueri heltzen bajakue, aurkittuko jakue erremedixua. Borondatian dago koxkia, horretarako jarri bihar diran bittartekuetan, eta gutariko bakotxak egin bihar daben ahalegiņian.
Imanolen jardunbide guztian garrantzi haundixa euki daben beste alderdi bat aittatu barik ez dot amaittuko: famelixia. Gaztetan amets eban famelixia bete-betian lortu eban, Arrate bere emaztia izango zana, "Deportibo"an, Santi Arizmediren(8) esperanto klasietan (norberarena eta unibersala batu nahixan-edo) ezagutu ebanetik. Harrezkero, batasun estuan beti alkarrekin izago dira, bai euskeriaren aldeko lanetan baitta militanzia politikuan be, pozaldi eta sufrimenduak alkarrekin eruanaz. Personiaren gizartiaganako ekarpena aztertzerakuan ez da ha bakarrian ikusi bihar, etxe-inguruak be sekulako eragiņa daukalako personiagan. Eta Imanolengan be bai; giro berua, laguntzia eta animuak ez jakozen falta izango Arrateren eta seme-alaben aldetik, ez horixe!.
Imanol euskaltzale, bihargin nekaeziņa, kirolari, natura-zale, Club Deportiboko tertulixa(8) háretako solaskidia, maitte-maittia genduan Eibarren. Azken agur zarraragarri eta samurra egin jakon Natibittate egunian Orbeaneko frontoian bai eta bixamonian be, "Euskarari bai" ekittaldixan bilduta egozen milaka eta milaka euskaldunekin batasunian eta momento berian izan genduan elixako hilletan.
Onenak emateko zanian joan jaku Imanol. Ez da ez erreza izango laga daben hutsunia betetzia, ezta amets eban utopixa ederrera hurreratzia be. Baiņa ahaleginduko gara, lehen aittatu doran Bitoriano Gandiagaren poemaren azkena lagun: Beti egiten dut irrist / helburua baino lehen / eta hurrengo eguna / beste kukaina bat da.
Oharrak:
(1) Ikusi: Juan San Martin : "Yon Etxaide, idazle bikain eta adiskide minaren oroitzapenez", in JAKIN 110, 50. orr.
(2) Toribio Etxebarria 1959xan Hendaiaraņo hurreratu zan erbestetik, baiņa ez eban mugarik pasau. Urte horretako udan bisittau eban Juan San Martinek Hendaian eta argazki bat egin bere Escritores euskericos liburuan argittaratu ebana, nun agertzen dan Luis Ormaetxea eta Edorta Alberdirekin. 1964ko ekaiņian bueltau zan erbestetik Eibarrera (berriro Caracasera juateko) eta herrixan ikusi dittuan aldaketa ikaragarrixak eraginda idatziko dau Aldenduan itxulitzia, nundik hartu dittugun samintasunezko berbok. Ikusi: Ibiltarixanak 162. orrialdia. (Juan San Martin adiskidiari zor detsaraz ohar honetako argibidiak).
(3) Ikusi: Hegatsez-en eta "Beste paper batzuek"en, Z.Argiara bialtzekotan-edo baiņa argittaratu direnentz ez dakigun 5 artikulu Desterrutik izenburuakin.
(4) Ikusi: "Beste paper batzuek"en: Ikastola. Txostenak eta hitzaldiak.
(5) Ikusi: "Beste paper batzuek"en, eskuz idatzittako hónek bi hitzaldixok: Leniz-tik Deba arteko ibarreko euskara eta Euskara Eibarren (1973).
(6) " Denbora galdu alde ", Erein-135. orrialdia.
(7) Ikusi: "Beste paper batzuek"en : Hitzaldi eta mahai-inguruak euskararen inguruan.
(8) Santi Arizmendik esperantoko eskolak emoten zittuan Club Deportibuan. Sapatu gabetan Deportibuan tertulixak izaten ziran, oso interesgarixak. Gustora batzen ziran han: Santi Arizmendi bera, Irisarri zaharra, eta Juan San Martin, Imanol, Bittor Kapanaga, Paulino Larraņaga, Serafín Basauri, .... eta beste euskaltzale eta mendizale batzuk, jeneralian, gai politiko, kultural eta Euskal Herriko arazuen gaiņian berba egitteko, ohera juateko iņungo prisa barik.
Honako hau, liburuaren sarrera besterik ez da, ...eta kitto! astekarian Imanol Laspiurrek publikatutako artikuluekin osatutakoa. Serafin Basauriri esker jarri ahal izan dugu sarean.
Liburu osoa nahi bazenu, kontaktatu ...eta kitto Euskara Elkartea-rekin:
e-posta: etakitto@topagunea.jalgi.com
web orrialdea: http://www.jalgi.com/topagunea/etakitto/
Telefonoa eta Faxa: (+34) 943 20 09 18
Orrialde hau hauei esker dugu: Lortu zuk ere: Free Home Page