Hasierako orrira / Mitxel Sarasketa, 20 urte kartzelan
 
Mitxel Sarasketa, 20 urte kartzelan (1978-1998)
 
Kartzelako ibilbidea
 

 


Mitxel Sarasketa: Sakabanaketaren ibilibide luzea

Mitxel Sarasketa, Eibarko presoa, espetxean denbora gehien egin duen presoetakoa dugu: 1978 urtetik egon da kartzelan. 20. urtea bete eta astebetera irten zuen kalera, baldintzapeko askatasunean. Denbora honetan 18 kartzelatan izan da, horietako batzuetan aldi diferentetan, eta guztira 41 aldiz aldatu dute kartzelaz, ondoko kronologian ikusten den bezala.

Datu hotz horien atzetik gogoratzekoak dira kondukzioetan jasan dituen tratu txar eta jipoiengatik egin dituen salaketak. Baita ere, kartzela-aldaketa batean astebete, hamabost egun edo hilabete baino gehiago ere egiten dela bidaian, hainbat kartzela diferentetatik igaroz, boltsa bat baino gehiago ezin dela kondukzioan eraman ... Eta, batez ere, urruntasuna eta isolamenduaren ondorioak.

Bere azken trasladoa baino lehen Almerian zegoen, El Acebuche espetxean, Eibartik mila kilometrotara. Baina han tronbosis bat izan zen eta, ondorioz, azken bi urte honetan Basauriko espetxean aurkitzen da. Hori baino lehen, beste 18 urteak Euskal Herritik kanpo 18 espetxe ezberdinetan iragan ditu.

Basaurira etorri baino lehen, zenbait urtetan Mitxelek ezin izan zuen ama ikusi, eta zenbait aldiz eskatu arren, beti ukatu egin zioten ama ikusteko etxetik hurragoko kartzela batera aldi baterako ekartzea. Azkenean, trasladoa tronbosiagatik izan zen, osasun egoera oso larria zelako. Geroztik, ama ikusteko aukera izan du zenbat alditan, baina ama, Jesusa Zubiarrementeria, abenduaren 9an hil zen, bere semea libre ikusi barik, kartzelaldiko 20. urtemuga bete baino egun batzuk lehenago (informazio gehiago hemen).

 


Kronologia

 

1978 Martutene
Soria
1979 Carabanchel
Soria
1980 Carabanchel
Soria
Herrera de la Mancha
Carabanchel
1981 Soria
Carabanchel
Puerto 1
1982 Carabanchel
Puerto 1
1983 Alcala Meco
Puerto 1
Herrera de la Mancha
1985 Alcala Meco
Herrera de la Mancha
1986 Hospital Penitenciario Carabanchel
Alcala Meco
1987 Daroca
Hospital Penitenciario Carabanchel
Daroca
Herrera de la Mancha
Daroca
1989 Alcala Meco
Daroca
Puerto 2
Ceuta
1990 Langraitz
Ceuta
Tenerife
Langraitz
Ceuta
1991 Tenerife
1993 Valdemoro
Ceuta
Valdemoro
Valladolid
1994 Puerto 1
1995 Melilla
Almeria
1996 Basauri
1998 Baldintzapeko askatasuna

 


Errendetzioen gaineko auziak

1. Erredentzio arruntekoa:

Honetan espediente osoa inpugnatzea eskatzen du, txarto egina dagoelako, edo bestela, berriro has daitezela kontuak egiten. Ez diote egun bat bera ere eman nahi. Eta gainera, ematen dituzten datuak txarto daude. Gutxi gora behera 2 urte inguru eman beharko liokete.

2. Errendetzio berezietakoa: berak 2.340 egun eskatzen du, 6 urte t'erdi inguru.

180 egun, 1979/80: Euskaltzaindiako D maila ateratzeagatik
180 egun, 1981/82 Unibertsitateko akzesoa, 25 urtetik gorakoentzat
180 egun, 1982/83 Kazetaritzaren 1. maila, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1983/84 Kazetaritzaren 2. maila, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1984/85 Kazetaritzaren 3. maila, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1985/86 Kazetaritzaren 4. maila, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1986/87 Kazetaritzaren 5. maila, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1987/88 Ingelesa 1, Hizkuntza Eskola Ofizialean
180 egun, 1988/89 Ingelesa 2, Hizkuntza Eskola Ofizialean
180 egun, 1989/90 Ingelesa 3, Hizkuntza Eskola Ofizialean
90 egun, 1990/91 Gerry Adamsen liburuaren itzulpena
90 egun, 1990/91 Bobby Sandsen liburuaren itzulpena
180 egun, 1991/92 Euskal Filologia 1, Euskal herriko Unibertsitatean
180 egun, 1992/93 Euskal Filologia 2, Euskal herriko Unibertsitatean
 
Horrezaz gain, 1993/94 ikasurtearengatik 139 eman diote, baina berak 180 egun eskatzen du.

 

(Datu hauek bakarrik 1994 urterarte daude eguneratuak. Adibidez, 1994/95 eta 1995/96 urteetan Euskal herriko Unibertsitatean, Euskal Filologiaren 4. eta 5. kurtsoak egin ditu, edo Mark Twain-en R arrazarena, B. Sandsen "egun bat nire bizitzan" eta "Hamairu ate" ipuin bilduma ere itzuli ditu)


Sakabanaketa: kondenaren luzapena

Mitxel Sarasketak berak 1996. urtean idatzia.

 

Hainbestetan errepikatu dugun bezala, dagoeneko hainbat preso kalean izan beharko genuke. Hori zigortu gaituen legearen beraren arabera. Hala ere, konplexua da espetxe-zigorraren luzatze honen gora-behera guztiak zehatz-mehatz azaltzea. Legeak mila arpegi ditu-eta. Baina sinplea ere bada. Azken finean, legearen aplikazioa agintarien gogoetara gauzatzen baita. Eta agintarien gogoa badakizu zen den: erreinsertzioa edo zigorra.
 
Hasteko.baa, ni 1978ko abenduaren 14an atxilotu ninduten, eta espetxe-zigor guztiak bat eginda 30 urte bete beharko nituzke, hau da, Espainiako Erresuman bete daitekeen handiena. Osotara, 2008 urtean kaleratuko nintzake. Baina zigorraldia laburtu egiten da erredentzioekin eta baldintzapeko askatasunarekin. Edo horrela izan beharko luke behintzat.
 
Baldintzapeko askatasunari dagokionez, zigorraren hiru laurdenak beteak izan behar dituzu kaleratzeko, horretan erredentzioak ere kontutan hartzen direla. Zentzu horretan 30 urteko kondena 15 urtetan bete ohi da Espainako presondegietan: 15 urte gehi erredentzioaz dagokizun denbora errealaren erdia, eginak dituzu kondenaren hiru laurdenak. Dena dela , hainbat kasutan erredentzioak kentzen dizkizute, eta baldintzapeko askatasuna ere ez da automatikoki aplikatzen zigorraren hiru laurdenak betetze hutsarekin. Agintarien esku dago: aurretik 3. gradoa ezarri behar dituzte espetxe-sailkapenean. Eta euskal preso politikoen kasuan horrek zera esan nahi du: sailkapena irizpide politikoekin egiten dutenez, gehienetan ezinezkoa dela baldintzapean kaleratzea.
 
Erredentzioarekin ere gauza ber gertatzen da: Normalean automatikoki ematen zaio presoari, bi egunetan bat. Baina falta larri edo oso larri bi egitean erredentzioa galdu egiten duzu hiru edo sei hilabetez, larritasunaren arabera. Gero, tarte horretan inolako faltarik leporatzen badizute epe luzeena hasten da berriro kontatzen, Azken finean salduta zaude. Are gehiago euskal preso politikoa izanda. Izan ere, edozein huskeria larria da hemen. Eta faltak kartzelariek beraiek eragiten dizkizute gehienetan, edo besterik gabe leporatu ere.
 
Badira errentzio bereziak ere. Ikasketak egiteagatik, esaterako. Edo eskulanak-eta egiteagatik batzuetan. Osterantzean, euskal preso politikook ez dugu bestelako gatibu-lanik egite Espainako kartzeletan. Eta ikasturte bategatik, esaterako, 120-180 egun eskuratzen dira. Baina hor ere hamaika traba, oztopo eta trikimailu aurkituko dituzu, bai ikasketak egiteko bai horiengatik dagokizun errendentzioa eskuratzeko orduan.
 
Nire kasuan, bada, orain 17 urte paseak daramatzat espetxean. Eta errendetzioez, joan zen urtean "likidazioa" eskatu nuen Puerto 1 kartzelan, hau da, kontuak egitea. Espetxeetako administrazioaren erantzuna hauxe da: baditut errentzio normalean 331, 1985eko likidazio batekoak. Osterantzean egun bat bera ere ez. Ezta faltarik izan ez dudan aldietan ere. gatibu-lanik egin bide ez dudalako. Bestaldetik, baditut erredentzio berezietan 139 egun ere, 1993/94 ikasturteagatik. Aurreko guztiez bat ere ez. Izan, azpijoko juridiko maltzur bat beserik ez da. Gero Puertoko Espetxe-Zaintzako epaileak arrazoia eman dio administrazioari, beti bezala. Eta orain Cadizko Auzitegi Probintzialean erabakitzeko dago kontua, batetik errendentzio normalekoa, eta bestetik errendetzio berezitakoa, bi auzi desberdinetan.
 
Oraintxe bertan, bada, nik 18 urte eta erdi inguru beteak ditut, besterik ez. Hiru laurdenetara ere ez naiz ailegatzen. Izan ere, agintariek espetxetan nahi gaituzte. Eta ahalegin guztiak egiten ari dira gutako hainbatek 20 urtetik gora, bai eta 25 urtetik gora ere eman dezagun itzalpean, horretarako aginteria eta trikimailu sasi-legal guztiak erabili behar badituzte ere.
 
Epaile gehienen konplizitate eta babesarekin, jakina. Bestela, bi auzi hauetan erredentziorako zortzi urte inguru eman beharko lidakete , aurretik jasan ditudan gehiegikerietan kendutakoa kontutan hartu gabe. Zeren eta zigorra egoera normal batean bete izan banu, aspalditik beinenbilkeen kalean.
.....
(jarraitzen du)


Elkarrizketa, Euskaldunon Egunkarian

Postaz erantzun zion Mitxel Sarasketak Egunkariatik Imanol Murua Uria kazetariak egindako galderei. 1998ko urtarrilekoa da testua. Elkarrizketa igandez argitaratu zen, azken orriko elkarrizketa "kreatiboen" Kate Motzean atalean.

MITXEL SARASKETA. Presoa

"Ihes egiteko 6.610 plan egin ditut"

 

Hemezortzi urte joan dira Mitxel Sarasketa eibartarra preso hartu zutenetik: 24 urte zituen atxilotu zituenean, eta 42 ditu orain. Gutunak idazten ditu "ia egunero", baina libururik ere badu argitaratua: berak itzuliak dira, besteak beste, Mark Teen-en R arrazarena, Bobby Sandsen Egun bat nire bizitzan eta Hamahiru ate ipuin bilduma (Sarrionandiarekin erdibana). Idatziz erantzun die gure galderei, Almeriako espetxeko bere ziegatik, urtarrilaren 19ko afalondoan.

- Zenbat egun daramatzazu kartzelan?

* Kontatzen jarrita... 6.610 inguru.

- Zenbat egun egin dituzu, guztira, gose greban?

* 150 inguru.

- Zenbateko zigorra daukazu betetzeko?

* 30 urte inguru.

- Zergatik ezarri zizuten zigor hori?

* Gerra honetan eurak agintean eta gu menpean gaituztelako.

- Noiz uste duzu utziko duzula kartzela, zigorra betetzean edo euskal preso guztiak etxeratzean?

* Zigorra bukatzean, baina zerbait murriztuta.

- "Euskal presoak Euskal Herrira" aldarrikapenak asetzen al zaitu?

* Ez, baina egokia ezezik beharrezkoa erebada, presoekin eta senideekin ari diren jolasketa anker hori nolabait amaitzeko.

- Zenbat kartzela ezagutu dituzu?

* Hamaseitan izan naiz: Martutene, Soria, Carabanchel, Herrera, Puerto I, Alcala-Meco, Hospital Penitenciario, Daroca, Puerto II, Ceuta, Langraitz, Tenerife, Valdemoro, Valladolid, Melilla eta Almerian.

- Zenbat kilometro egiten ditu Xabier semeak zu ikusi ahal izateko?

* 2.000 inguru.

- Erraz al da preso sozial andaluz bati preso zergatik zauden azaltzea?

* Jakin nahi duenari azaltzea erraza da.

- Zer hitzekin azaltzen diozu?

* Euskaldunak garela eta euskaldun eta justizia sozialean bizi nahi dugula.

- Ulertzen al du?

* Ez guk ulertzen dugun moduan, burua euren kontuetan daukate eta.

- Zu al zara IRA-ETA connection?

* Ez, baina kontaktu edo koartadaren bila bazabiltza zeozer egin genezake. Baditut gutun harremanak irlandar preso batzuekin.

- Preso irlandarren artean Athleticzaleak ere badirela jakin dut.

* Orain gainera Espainiako Liga segitzen dute TnaG gaelikerazko telebista kate berrian. Azkenean peña bat eratuko dute H Blokeetan, ikusiko duzu.

- ETAko preso batek hooligan eskoziar bati lagundu ziola argitaratu zen behin egunkari ingeles batean.

* "Scot freed by terrorist" zioen letra handitan eta orri osoa hartzen zuen erreportaiak. Tenerifen sei hilabete zeraman preso eta gure modulora aldatu zutenean paperak egin nizkion, errekurtso batzuk, eta aste baten buruan kaleratu zen.

- Bobby Sandsen "Egun bat nire bizitzan" itzuli zenuen. Zer esanahi du zuretzat Bobby Sandsen figurak?

* Irlandako presoen mendeetako burruka menperaezinaren tradizioa biltzen da Bobby Sandsen figuran. Niretzat Gazteen Irla bezalakoa da, mito bat, bizia gainera. Pentsa egizu, ni jaio nintzen urtean jaio zen bera ere.

- Kartzelak literaturzaletu zaitu?

* Kartzelak hertsi egiten zaitu, eta literatura leiho bat da itzalpeko bizimodu estu honetan.

- Zein dira etorkizuneko zure literatur proiektuak?

* Liburu batzuk ditut irakurtzeko.

- Zer ikusten da zure ziegako leihotik?

* Patioko bazter bat, murrua, basamortuko mendi tontor batzuk eta zerua, ekialderuntz.

- Ezer zor diozu kartzelari?

* Bai, infernuko barrenak erakutsi izana.

- Kalera irtetean, zer egingo duzu aurrena? Nora joango zara lehendabizi?

* Aurrena amarekin izan, eta, joan, gure mendietako batera.

- Ezertarako presa izaten al da presondegian?

* Hemen beti zain zaude, ordutegiari eta kartzelariei begira. Eta ikusi beharko zenuke zelako zalaparta izaten den jantokian sartzeko eta beste edozertarako.

- Ihes egiteko zenbat plan egin dituzu zure buruan?

* 6.610 inguru.

- Ezagutuko duzu Euskal Herri askatua?

* Ezagututa daukat gizon-emakume askoren jardunetan.

- Lazo urdinik ikusi duzu kartzela barruan?

* Kartzelari batzuek eramaten dute.

- Bukatu esaldi hauek: berriro 1978. urtea balitz...

* Sisiforen zigorra izango litzateke hau.

- Joseba Sarrionandia alboan banu...

* Konspiratzen arituko ginateke.

- Bilbo Belfast balitz...

* Is fearr Gacilg bhriste na Béarla cliste. (Hobe gaelikera mordoiloz ingeles garbiz baino).

- Guggenheim kartzela balitz...

* Intelektual organikoak atezain eta euskal arte eta kultura biziak zigor zeldetan.

- Bernardo Atxaga banintz...

* Sarak zeregin gehiago izango zukeen.

- Jon Idigoras lehendakari balitz...

* Alaitasuna eta solidaritatea garaile.

- Espetxeko giltza banu...

* Ate guztiak zabalik.

- Nire lekuan bazeunde, zer galdetuko zenioke Mitxel Sarasketari?

* Ea zer egiten duen ametsetan.

- Zer erantzungo zenuke?

* Ihesi egiten dut eta kalean nabil, baina aldi berean kartzelan nago kalean izanda ere. Ez dago ihesbiderik, ezta ametsetan ere. Beraz, eutsi eta aurrera egin behar.

 


Eguneratua: 1998.12.2

Materixala (aurkibidetxua) | Eibartarrak Home Page | zuen zaindari onena: © Arrateko Ama


 
Hosted by GeoCities / Geocitiesek doan jartzen uzten digu...
Get your own
Free Home Page
 
1