Eibartarrak Home Page

[Liburua: Eibarko euskeraren esakera eta bestelako berezitasun batzuk. Egileak: Juan Andres Argoitia, Nerea Azkarate, Xabier Gezuraga. Argitaratzailea: Eibarko Udala, 1995]
 
[Liburua oso osorik sartu dugu hemen. 300 K luze da testua, eta 2.000 lokuzio inguru azaltzen dira. Lehen orri honetan argibideak ematen dira, mamia alfabetikoki banatu dugu, liburuaren egitura segituz]
 
 

Eibarko euskeraren esakera eta bestelako berezitasun batzuk

 

Ondorengo esaldi gehienak Eibarko idazleengandik jaso ditugu, material idatzia da beraz, neurri handi batean. Hori dela eta, eurek idatzitakoa bere horretan jaso dugu, salbuespen batzukin baina. LL eta Ñ guztien aurretik I ipini dugu. H-ri buruz, berriz, ez dugu ipini, eurena errespetatutuz.

Aurkibidea (orrialde honetan)

Beste orri batzuetan

Hitzaurrea

Azken urteotan euskara arlo eta esparru berrietan darabilgu eta onuragarria dela ez dago ukatzerik. Baina zabaltze horrekin batera, beharbada ibilbide naturala izango da, bularreko euskara biberoikoa bihurtu zaigu. Izan ere, gerra aurreko zein, neurri txikiagoan, gerra osteko lehen urteetan, eibartarrak euskaraz pentsatzen zuen, euskara zen bere erreferente nagusiena edo-eta bakarra, euskaraz sortzen zuen, euskaraz osatutako izaerak gatza eta piparra, dotorezia, hizkkuntza metaforikoa, ironia, grazia, haserrea, maitasuna... Toribiok esango lukeen moduan, "bizi-moduko autu guztiak euskeraz erabiltzen ziren". Azken batean eibartarra euskara zela bide osatzen zen eta Eibarko euskara eibartarren bitartez; euskarak eta eibartarrak elkar osatzen zuten, beraz.

Gaur egun, ostera, biberoiko euskarak, sarriegi zoritxarrez, erosotasuna dela eta, gure berba-jardunen, zeozeren premia dugunean, geuretik sortu beharrean, erdaratik edaten du. Joera horren ondorioz, oraindik ere gure aittitta-amamen ahotan dauden hainbat eta hainbat esamolde, esaera, berba berezi...eurendako oso jatorrak direnak eta, bistan dagoena, denon ahotan jartzea komeni direnak, erabilpen oso urria daukate edo bat ere ez.

Hain zuzen ere, arrazoi hori kontutan hartuta, Euskar Batzordeak bertoko euskararen berezitasun batzuk, euskara adierazkorra (lokuzioak, morfointaxiaren era jatorrak eta esanahi bereziko berbak jasotzeko deia egin zuen eta horri erantzunez Juan Andres Argoitia, Nerea Azkarate eta Xabier Gezuragak jardun dute jasoketa lanean Eibarko hainbat idazleren testuak jorratzen.

Transmisioa helburu

Lan honen helburua eguneroko bizitzan bertoko hizkuntzak, eibarrerak, duen jatortasun- ikurrik preziatuenetakoak batu et ezagutzera ematea izan da, ondoren jasotako altxor hori erabilia izan dadin, gure aurreko belaunaldiek egiten zuten moduan. Azken batean, gure oraingo biberoiko euskarari falta zaion bular-osagarria erantsiz, euskara jatorragoa eta beroagoa eginez lortuko dugu eta katea ez etetea eta premiazkoa dugn hizkuntza biziari eustea.

Beraz, transmisioarena da liburu honen eginkizun nagusia. Horrek esan nahi du, bai ikastetxeetan bai euskaltegietan bere lekua eta zeregina izango duela. Alldi berean, gurasoendako tresna baliagarri bezain beharrezkoa delakoan nago; zer esanik ez euskaltzale eta erudituendako. Esandako hori guzti hori esan eta gero, ez nuke amaitu nahi, transmisioa dela eta, zera esan barik: hain zuzen ere, demaseko balore eta balioa daukan Toribio Etxebarriaren "flexiones verbales y lexicón del euskera dialectal de Eibar" liburua izan dela lan guzti honen ardatz nagusia. Benetan ikaragarrizko aberastasuna daukan hiztegia, eibarreraren erreferente nagusia, berreskuratu eta barneratu beharrekoa dela iruditzen zait.

Nire esan beharrekoekin amaitzeko, esan dezadan liburu honek hiru atal nagusi dituela. Hasteko eibarreraren esakerak edo louzioak. Ondoren esaldiak antolatzeko eibarreraren zenbait era jator eta berezi , eta azken atalean esanahi berezia daukaten berbak.

Lana mamitsua izanik ere, ez da pentsatu behar eibarreraren adierazkortasunaren berezitasun guztiak jasota daudenik. Izan ere, bada oraindik lan honen osagarri izan litekeen zenbait arlo sakondu beharra. Nahi duena gonbidatuta dago.

Fernando Muniozguren
Euskara Zerbitzuburua


Egileen azalpena

Orain dela lau-bost urte, hainbat eibartar gure herriko hizkeraren berezitasunak aztertu eta biltzeko asmoarekin elkartu ginen. Denon gogoan zegoen euskerak azken urteotan bereziki izan duen etengabeko gainbehera, eta horrekin kezkatuta Eibarko euskera jaso beharraren premia ikusi genuen.

Bilera haietan hartutako erabakien arabera bost talde eratu genituen: Aditza, Morfosintaxia, Lexikoa, Fonetika eta Lokuzioak. Talde guzti hauen lanak batu ondoren, Eibarko euskeraren ezaugarrien berri eukitzea zen helburua, gure mintzairaren gaur eguneko argazki bat, ahal denik eta zehatzena.

Lokuzioak izeneko taldekook berehala konturatu ginen gure eginkizunak uste baino alor zabalagoa hartu behar zuela. Izan ere, lokuzioa hitzak definitzen duena bakarrik jaso ezkero, hizkuntzaren hainbat eta hainbat baliapide kanpoan geratzeko arriskua zegoen.

Hori dela eta, esparrua zabaltzea erabaki genuen, besteak beste, errefrauak edo atsotitzak, esakune bereziak, hitzen esanahi eta erabilera bereziak edo bitxiak bildu ahal izateko. Lokuzioa berba, beraz, baztertzea erabaki genuen lan honi izenburua ipintzean.

Era honetako lanari ekiteko metodologia bat erabaki beharra zegoen, besterik ezean horren alor zabal eta korapilotsuan ez galtzeko. Hortaz, lehenengo eta behin, materiala hizkuntza idatzitik jasotzea erabaki genuen.

Eibarko euskeran idatzitako materiala batu genuenean, nabarmen geratu zen Toribio Etxebarriaren lana. Gizon honek Lexikoian eta beste hainbat liburutan jasotakoa benetako altxorra da ez bakarrik eibartarrontzat , baita gure herriko hizkeraren berezitasunen berri jakin nahi duenarentzat ere. Eibarko euskerak bizirik irauten badu, Toribio Etxebarriari esker izango da neurri handi batean. Baina, zorionez, badira gure herrian bertoko hizkeran idatzi duten egile gehiago ere.

Idazle horien lanak batzeko laguntza paregabea aurkitu dugu Aita Mokoroak egindako liburu mardulean. Dena dela, hiztegi hori goitik behera eta zehatz-mehatz aztertzeko astirik ez genuenez, EJIE erakundeak guretzat hustuketa berezia egin zuen: Mokoroak Eibarren aurkitutako lekukoen izenak eta lanak. Guztira Eibarko idazle hauen lanak aztertu ditugu: Aixerixa, Garagoitxi, Izparkari, Juan Antonio Iturrioz, Juan San Martin eta Toribio Etxebarria.

Hauengandik jasotakoek lan honen zatirik handiena hartu dute, baina ahozko euskeraren lekukotasuna ere jaso nahi izan dugu. Edozein modutan ere, badakigu esparru honetan dagoen guztia batzea ezinezkoa dena; ziur gaude hainbat eibartarrek eguneroko berbetan erabiltzen dituzten esapide jator mordoa jasotzeke dagoena, baina ez da gogo faltagatik izan, denengana ailegatu ezinagatik baino.

Alor horri dagokionez, eskerrak eman nahi dizkiegu Begoña Aizpiri, Jose Etxeberria "Querido", Jesus Mari Gisasola "Trunboi", Roberto Larreategi, Rosa Oñaederra, Orozko-Telleria familia eta Felix Arizaga (hauen berri Antxon Narbaizak eman digu) eta Fernado Muniozgureni, denek ere ahozko eibarreraren hainbat adibide eta aholku eman dizkigutelako.

Bestalde, Serafin Basaurik eta Antxon Narbaizak eman diguten laguntza bereziki eskertu nahi dugu. Lehenengoak, lana goitik behera aztertzeko pazientzia izateaz gainera, zalantza asko argitu eta makina bat oker zuzendu dizkigulako. Bigarrenak, berriz, adibide mordoaz hornitutako zerrenda luzea eman digulako.

Material guzti horretatik zein berba edo esaldi aukeratu eta zein ez erabakitzeko orduan erizpidea hauxe izan da: guretzat deigarriak, bitxiak edo dagoeneko erabiltzen ez direnak sartu ditugu. Ondoren, ahal izan dugun neurrian argitu eta definizio bidez azaldu ditugu, beti ere alboan adibidea idatziz.

Jakina, batzuei bitxia edo ezezaguna begitantzen zaiena beste batzuentzat erabat arrunta izango da; ziur gaude edadeko jendeak ia denak ezagutuko dituena, baina gazteagoentzat edo bere burua Eibarko euskeraz gehiago jantzi nahi duenarentzat lan hau baliogarria izan daitekeelakoan gaude.

Eibarko euskera idtziaren eta mintzatuaren hustuketa egin ondoren, bigarren pausua eman beharra zegoen, ordenatzea eta sailkatzea. Horretarako hiru atal nagusitan banatzea erabaki genuen:

1. Lokuzioak
2. Morfosintaxia
3. Lexikoa

Lehenengo atalari dagokionez, nahiz eta lokuzioak izenburua izan, lokuzioak ez diren hainbat gauza sartu ditugu, besteak beste, errefrauak edo atsotitzak, konparazioak, kunplimenduzko esaerak, jolasen eta jokoen inguruko esaldiak eta kantu eta bertso zaharrak.

Morfosintaxia izeneko atalean morfologia eta sintaxiaren ikuspuntutik begiratuta berreskuratzea merezi duten hainbat esaera batu ditugu. Gure ustez penagarria da eibartar peto-petoek edozein gauza edo kontzeptu adierazteko dituzten baliapideak, gaur eguneko euskera batua edo estandarra hobea delakoan, baztertzea edo albo batera lagatzea. Horiek jaso eta erabiliko bagenitu, makina bat gatzik gabeko adierazmolde bertan behera utziko genituzke eta gure euskera askoz ere aberatsagoa eta oparoagoa izango litzateke.

Lexikoa izenburupean dakargun hirugarren atala funtsean hiztegia baino ez bada ere, ohizko hiztegietan ez daudenak ageri dira. Guk hitzen esnahi bereziak izan ditugu kontutan. Horrezaz gainera, metaforak, eufemismoak, ume-hizkerako hitzak eta hain zabala den interjekzioen eta exklamazioen munduko adibideak sartu ditugu. Baita, sasoi batean Eibarren hain hedatuta egon zen armagintzaren alorreko berba batzuk ere.

Gure azterketaren muina Eibarko hizkera izan arren, hizkuntza ez eze, lehengo eibartarren bizimoduaren berri ematen duten esaldiak ere tartekatu ditugu. Guk behintzat horien bitartez gure arbasoek mundua ulertzeko zuten filosofiaz eta umoreaz, ehizarako eta perretxikutarako zaletasunaz eta hainbat eta eta hainbat ohiturez asko ikasi dugu.

Modu honetako lanetan gertatu ohi denez, gurean ere okerrak eta akatsak bat baino gehiago izango dira noski. Guk, behinik behin, berba askotan zalantza ugari izan dugu definizioa ematerakoan. Hori dela eta, biziki eskertuko genituzke irakurleen zuzenketak eta iradokizunak.

Gure ustez, gainera, gaia ez dago agortuta, ez da hurrik eman ere. Horregatik interesgarria litzateke beste norbaitek lekukoa hartu eta ahozko azterketa sakonagoari ekingo balio.

Juan Andres Argoitia
Nerea Azkarate
Xabier Gezuraga


Lokuzioak

 

Munduko edozein hizkuntza hitzek eta hitz horiek nola konbinatu edo nahastu agintzen duten arauek osatzen dute. Baina hitzekin eta gramatikarekin bakarrik ezin daiteke hiztunen barne-mundua ondo adierazi. Zerbait gehiago behar da. Gramatikaren lege estuak nolabait hautsi.

Horretarako hizkuntza guztiek dute gramatika gainditzen duen beste eremu bat, adierazkorra esan genezakeena. Gramatikak hizkuntzaren arauak baino ez ditu ematen. Alor adierazkorrak, berriz, batzutan arauak bortxatuz, bizitasuna, indarra, gatza eta kolorea ematen dio hizkuntzari.

Hau guztia hobeto ulertzeko ipini dezagun adibide bat. Horrek oso buru haundia dauka esaten badugu, gramatika eta arauen aldetik guztiz zuzena eta bidezko esaldia dugu, informazio zehatza ematen du, baina era berean oso hotza, aseptikoa da.

Jo dezagun orain Horrek erregaldaria bezalako burua dauka esaten dugula; sakonean aurreko esaldiak dioena esaten dugu. Formari begiratzen badiogu, ostera, aurrekoan ageri ez den informazio eta konnotazioak daude: entzuleak erregaldaria zer den dakienez (gaztainak erretzeko galdara handia), berehala jabetzen da burua handia dela. Horrezaz gainera, konparazio bitxi horrek barregurea sortzen dio.

Bigarren adibidean, beraz, informazioa emateaz gain, zerbait denotatzeaz gain, entzulearen irudimenera zerbait gehiago dakargu, zerbait konnotatu edo adierazi egiten dugu.

Liburu honen muina eta ardatza, hain zuzen, hizkuntza adierazkor horri dagokio. Alor horretako makina bat esaldi eta berba batu ditugu, beti ere Eibarko euskerarenak.

Hizkuntza adierazkorraren sail hori berbez eta esaldiez dago osatuta. Lehenengo atal honetan esaldiak ageriko zaizkigu. Esaldi bereziak, esakerak, lokuzioak, esamoldeak edo esakuneak. Era askotan izendatzen ditugu, beraz. Guk argitze alde, sail honi lokuzioak izenburua ipini diogu. Baina, nahiz eta gutxi gora behera denok jakin zer esan nahi duen, kontzeptu batzuk definitu egingo ditugu. Lokuzioa, berez, zera da:

Bi edo bi baino gehiago hitzen konbinaketa iraunkor bat, perpausaren osagai bezala erabil daitekeena eta zeinen esanahia (ezaguna, bestalde, hizkuntz komunitatean) ez baita argitzen osagaien esanahiak elkartzearekin soilki. (Casares).

Hona hemen beste definizio bat:

Perpausaren elementu bezala (lexia) jokatzen duen bi termino edo gehiagoren (lexia konposatua) konbinaketa finkatua da, zeinaren esanahi unitarioa (hizkuntz-komunitateari ezaguna egiten zaiona) osagarrien esanahi normalen batuketaz, besterik gabe, argitzen ez baita.

Azaldu dezagun adibe baten bidez: Adarra jo, esaterako. Adarra hitzaren esanahi guztiak eta jo aditzarenak batuz zera ateratzen zaigu: abere batzuk eta zuhaitzek dituzten zati edo atal gogor eta zorrotzak ikutu edo kolpatu. Baita animalia adarrez eginiko musika tresna jo. Baina adarra jo lokuzioak, dakigunez, beste zerbait esan nahi du: norbait zirikatu edo norbaiten lepotik barre egin.

Baina, esakeren alorra ez da lokuzioetara bakarrik mugatzen, izan ere hizkuntza guztiek dituzte beste baliabide batzuk.

Guk atal honetan beste hainbat esakera mota sartu ditugu. Hor daude, konparazio baterako, errefrauak edo atsotitzak. Errefrauak berez oso lotuta daude lokuzioekin, hala ere badute berezitasun bat, beti gordetzen dute sententzia bat edo moraleja bat. Esate baterako: On hutsa, on hutsa, kakutsa. Onegia izateak, askotan ezer gutxirako balio duela edo kalterako dela adierazteko erabiltzen da. Errefrauek esanahi aldetik kutsu morala izaten dute beraz. Forma aldetik, berriz, gehienetan laburrak izaten dira eta normalean aditza ezabatuta izaten dute.

Bestalde, edozein hizkuntzak bizitzaren arlo jakin batzuetarako berba eta esakune bereziak eta egokiak izaten ditu. Edozelan ere, ez dihardugu lanbide jakin batean edo gizarte multzo zehatz batean erabili ohi diren berbez, horiek argotak dira. Guk giza-harremanetan erabiltzen diren gizalegezko konbentzioez ari gara: norbait agurtzerakoan, eskerrak ematerakoan, jaten dagoenari esan ohi zaiona, norbaitek senideren bat galtzen duenean doluminak ematean esan ohi zaiona, eta abar. Guzti horiek kunplimenduzko esaldiak dira.

Adibidez, norbait ikustean ze barri? edo zer modu? galdetzen zaio. Edo norbaitek egun on! batekin agurtzen gaituenean, guk hala ekarri erantzuten diogu.

Lan honetan era horretako esaldiak larregi ez badira ere, ageri direnek sasoi bateko giza-harremanetan erabiltzen ziren kunplimenduen berri ematen digute behintzat.

Hiztun batek hizkuntza bat zenbateraino menderatzen duen atal honetan aztertzen dihardugunak ematen du neurri handi batean. Hiztegia goitik behera jakin edo gramatika zehatz-mehatz menderatu arren, herren samar ibiliko da esakunen mundu honetan murgiltzen ez bada. Horietako tresna esanguratsu bat konparazioena dugu. Konparazioek hiztunaren gaitasunaz gain, gizarte eta sasoi baten ohituren berri ere ematen digute.

Esate baterako, astoratutako astarra baino saskarragoa norbait oso saskarra dela adierazteko, edo galbahea baino alperragoa, baten bat guztiz alperra dela esateko.

Lan honen lehengo atalean sasoi bateko kantuak eta bertsoak ere ageri dira. Berez lokuzioekin eta zerikusi zuzenik ez badute ere, aztertu ditugun idazle batek baino gehiagok horien berri ematen zuenez, jasotzea erabaki dugu. Horiek ere antzinako eibartarren ohiturak gogora dakarzkigutelako. Gabonetan kantatzen zituzten kopla hauek adibidez: Gabon, gabonete, errez errezete, Jesus jaio da ta, jo deigun kiskete. Edo beste hau: Urte barri barri, txarri belarri, daukanak ez daukanari, zaria bete madari.

Azkenik, idazleotan lehengo jolasen eta jokoen berri ematen zituzten esaldiak ikusi genuenez, horiek ere hemen sartzea ondo begitandu zaigu. Burroka egitean konparazio baterako, ondorengo hitzak erabiltzen ziren: Txorro, morro, piko, taillo ke. Edo, jolas batean hasi baino lehen nor geratzen zen gatibu erabakitzeko erabiltzen zen lelo hau: Don don, kikilimon, sarrakuke, sarramon, pike pike, tortolike, ban bu, sirre keta ke, bu.


Morfosintaxia

 

Atal honetan hizkuntza adierazkorra, guztiz ez bada ere, albo batera lagako dugu. Hemen aztertuko duguna hizkuntzaren baliabide morfologikoak eta sintaktikoak dira, gramatikaren ikuspuntua, hizkuntzaren arauena, izango da nagusi.

Atal honetan formari erreparatu diogu batipat, eta sintaxiari dagokionez gauza bat adierazteko aldaera guztiak kontutan hartzea nahi izan dugu.

Gure aurreko euskaldunek hizkuntza gaur eguneko euskera estandarra edo batuaren aldean askoz ere aberatsagoa eta joriagoa zuten. Euskera batua hotza da, aseptikoegia. Ideia edo kontzeptu bat adierazteko baliapide gutxi dauzkagu, eta dauden apurretatik bat aukeratu eta etengabe errepikatu baino ez dugu egiten. Zer dela eta beti duela hiru urte erabili, orain dela hiru urte edo gaur dira hiru urte hor dauzkagunean? Ez ote da aberatsagoa astero beti esan beharrean lantzean behin astean astean esatea? Adibidez esateko badugu konparazio baterako. Takian potian erabiltzen dugun zorioneko noski horren ordez noizean behin erregular ere esan beharko dugu ba. Mina edo ondoeza adierazteko ere gero eta baliapide gutxiago dugu: ze hagineko mina daukadan! esango dugu daukat hagineko min bat! esaten ez badugu, zaharrek hau hagineko mina (daukadana)! esango luketena ahaztuta nonbait.

Morfosintaxia atal honen bitartez, azken finean, gauzak adierazteko ahal denik eta aukera gehien sartu nahi izan dugu. Gero hiztun bakoitzak erabakiko du aukera horietatik zein erabili. Badira, bestalde, sasoi batean erabiltzen ziren esaldiak gaur egun ia entzun ere egiten ez direnak. Gure ustez lehengoak berreskuratzea beti izango da mesedegarria hizkuntzarentzat.

Esaldiak ipintzean jaso ditugun bezala idaztea erabaki dugu, ahal izan dugun neurrian, -(A)GAZ eta antzekoak idazteak gure ustez irakurlearentzat nahasgarria izan daitezkeelako. Beraz, AGINKADIAGAZ, agertuko zaigu. Ulerterrazgo egiteko, alboan gaur egun erabiltzen den erara egokitutako adibideak jarri ditugu. Esaterako, "Len zan garbixakin, bastotu eiñ jaku txakurra". Len oso garbixa izan arren, oiñ bastotu eiñ da txakurra'.


Lexikoa

 

Hirugarren eta azken atal honetan berbak edo hitzak ageri dira batipat, horregatik ipini diogu lexiko izenburua. Hala ere, esaldiak ere badaude; esaldiok, dena dela, ez dira lokuzioak edo hizkuntza adierazkorrari dagozkionak, edozein berbak bezala kontzeptuen berri ematen dutenak baino. Hitzei dagokienez, lehenengo eta behin zera esan behar dugu: ez ditugula hitzon esanahi arrunta ekarri, ezohizkoa baizik. Esate baterako, artopila berbaren esanahia arto irinez egindako opila da, beraz guk ez dugu hori jaso. Bigarren zentzuan, ostera, inozoa edo patxadatsua esan nahi du. Guk bigarren hori idatzi dugu.

Edozein modutan ere, batzutan, hitza ezezaguna delako edo bertokoa delako, esanahi normala eta bakarra jarri dugu, pegora (ataria), edo anporra (gezur handia) esaterako. Batzutan, baina, berbak esanahi normala eta ez ohizkoa ditu, orduan biak ipini izan ditugu. Arriabarra hitzak, adibidez, harria, txingorra, euri izoztua esan nahi du. Beste zentzu batean hondamena edo zorigaitza ere adierazten du.

Hitzen munduan gaudela ezin ditugu ahaztu errealitatea deskribatzeko errealitatearen beraren hotsak imitatuz eratzen diren berbak edo onomatopeiak. Hizkuntzek errealitatea isladatzeko ez dituzte hots berberak erabiltzen, hori argi ikusten da onomatopeietan: oilarraren kantua adierazteko euskaldunok kukurruku esaten dugu, gaztelaniaz kikiriki, eta frantsesez kokoriko. Txakurraren zaunka adierazteko ere, badago aldea: gazteleraz guau! esaten duten bitartean, euskeraz, orain dela gutxi arte behintzat, au!. Dena dela, alor honetan ere, hizkuntzen arteko berdinatsuna gero eta handiagoa da, normalean esparru txikiko hizkuntzek handien aurrean amore ematen dute, gaur egun ingelesarekin gertatzen den bezala. Onomatopeiak era askotakoak eta mordoa dira: Tirri-tarra (uzkerraren hotsa imitatzeko) plisti-plasta (uretan zipriztinga ibiltzean sortzen den hotsa), txiri-txiri (apurka-apurka, geldiro, adierazteko).

Hizkuntzaren beste alor bat hiztun talde jakin batek erabil ohi duen hizkerarena dugu. Talde horietan garrantzi handikoa haurrena da, batez ere hitzegiten ikasten ari diren unekoa, guk ume-hizkera deitu duguna. Eibarko euskeran adibide mordoa aurkitu dugu. Hala ere, badira berba batzuk euskalki guztietan ageri direnak, apapa, bekeke, pa eman, eta hainbat. Guk, nahiz eta oso ezagunak izan, horiek ere sartu egin ditugu. Eibarko euskalkiari dagozkionak ere, jakina, sartu ditugu. Kokole (txokolatea esateko), mamelo (karameloa adierazteko) edo bili-bili (ahatea adierazteko).

Hitzen barruan badira hainbat hiztunaren barne-egoera adierazteko erabiltzen direnak, exklamazioak edo interjekzioak. Gaur egunean horrelakoak gero eta gutxiago erabiltzen ditugu, erabiltzen ditugun apurrak hainbat egoera adierazteko komodin bihurtu zaizkigu. Oraingo sasoian, egonezina, haserrea edo poza adierazteko, jo! baino ez dugu esaten. Gazteagoentzat dena da guai!, zerbaitekin konforme gaudela adierazteko bale! baino ez daukagu. Badirudi, beraz, hizkuntzak, ez euskera bakarrik, pobretzeko bidean daudela; hala ere, prozesu hori hizkuntzen bilakaera normala izan daiteke. Gure ustez interesgarria izan liteke orain dela urte batzuk euskerak esparru askoz ere zabalagoa hartzen zuen garaiko adibideak berreskuratzea: ori dok ori! (norbaiti animoak emateko), arraixuak ez ba dittuk! ( baieztapen bati indarra emateko) edo kaka zarra! (haserrea adierazteko).

Berbekin jolastu ere egin daiteke. Hiztunek, batzutan irudimenaz baliatuz, konparazioak eta hitz-jokak asmatzen dituzte. Hor dugu metafora esate baterako. Figura honen bitartez hitz baten berezko adiera irudizko adiera batekin ordezkatzen da analogian oinarrituta. Metaforetan beti dago konparazioa bat, baina ezkutatuta egon ohi da. Neguko madariak, adibidez. Metafora honekin guardia zibilak adierazi nahi da; neguko madariak heldu gabe egon ohi direnez, oso berdeak izaten dira guardia zibilen uniformea bezala. Ardi errena, beti azkenengo ibiltzen dena adierazteko. Kardantxillua, hitzontzia edo berritsua esateko.

Hitzei gagozkielarik badago beste figura bat eufemismoa izenekoa. Hizkuntza guztietan egoten dira hitz tabu, edo esaten ez direnak. Normalean bere gordintasunagatik min eman dezaketen ekintzak edo ideiak izaten dira. Guzti horiek adierazteko era leunduari eufemismoa deritzo. Jarri ditzagun adibide batzuk. Kaka egin esateko, librau. Puta edo emagaldua esateko, emoten dabena. Ipurdia adierazteko, zati biko arpegixa. Ipurdia berba, edozelan ere, euskeraz ez da tabu. Gaur egunean gaztelaniaren eraginez kategoria hori hartzen ari bada ere, ipurdia edozein testuingurutan erabiltzen da: botilla ipurdia, ipurdiko galanta hartu, arbola-ipurdia, eta hainbat adibide.

Lexiko atal honetan berbak alfabetoaren arabera sailkatu ditugu, beti alboan azalpena eta adibide bat jarriz. Hitza ipintzerakoan zalantza izan dugu, ohizko hiztegietan bezala mugagabean ipini, ala mugatuan, artikuluarekin? Azkenean artikulu eta guzti jarri ditugu, batez ere aztertu ditugun idazleek horrela jarri dutelako. Hortaz abarkadun barik abarkaduna ageriko da. Norbaitek esan dezake horrela nahasmena sor daitekeela kasu batean baino gehiagotan, abeletxe berbarekin, esate baterako. Guz ez dugu hori uste, izan ere Eibarko euskeran e+a= ia gertatzen da. Beraz abeletxia ikusten badugu, badakigu abeletxe bat, hainbat abeletxe edo etxaburuko abeletxia esan behar dela. Berdin gertatzen da ua amaiera duten berbekin: o+a=ua. Abospolua eta abospolo ori.

Bestalde, berba batzuei azentua ipini diegu, hots bereko hitzak desberdintzeko: áutua (ibilgailua) eta autúa (kontua, gertakizuna); égixa (gezurra ez dena) eta egíxa (mendilepoa); txítxaka (jolas bat).


Eguneratua: 1998-05-22

Esakerak (hasiera) | Eibartarrak Home Page | zuen zaindari onena: © Arrateko Ama


Propaganda pusketa hau --> 

GeoCities
Geocitiesek behartuta jarri dugu 

 

1